98. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2020 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Baztango udal-mugartean Zigaurreko hondakin urak Baztango araztegiarekin konektatzeko proiekturako ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

Urriaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2020ko martxoaren 10ean, baldintza batzuekin.

Espedienteak erantsia duen dokumentazioa ikusirik, sustatzaileari 2019ko azaroaren 22an eskatu zitzaion araudiarekin bat datorren ingurumen ukipenen azterlana aurkezteko, eta 2020ko urtarrilaren 22an aurkeztu zuen.

Proiektuko jarduketaren helburua da Zigaurreko hondakin urak konektatzea Baztango saneamenduko kolektorearekin Iruritako udal-mugartean. Proiektu honen hasierako fase gisa, 2019ko uztailaren 3an aurkeztu zen “Zigaurreko hustubidea eta arazketa, 1. fasearen separata” izeneko proiektua, zeinetan azaltzen baitzen kolektorearen exekuzioa Zigaurretik hobi septikora doan tartean. Proiektu honek, berriz, bigarren fasea definitzen du, hau da, Zigaurreko araztegitik abiatu eta Baztango egungo hondakin uren kolektore orokorrarekiko konexioan bukatzen dena, Iruritako udal-mugartean. Araztegiaren irteeran 49 m²-ko infiltrazio eremu bat eraikitzea aurreikusten da, eta lurpeko kanalizazioa 665 metroko tarte batean, paraleloan jarritako 90 mm-ko diametroko bi hodi erabiliz. Ingurumenaren aldetik, aipagarriena da hodiek Artesiaga erreka gurutzatzen dutela beren azken zatian.

Proiektuaren zati handiena Belateko ES2200018 KBEan dago; 105/2014 Foru Dekretuak deklaratu zuen eremu hori eta haren kudeaketa plana onetsi. Esan bezala, azken zatian hodiak Artesiaga erreka gurutzatzen du; erreka sartuta dago Baztan ibaia eta Artesiaga erreka ES2200023 KBEan, zeina 49/2014 Foru Dekretuak deklaratu baitzuen, haren kudeaketa plana onestearekin batera.

Trazadura araztegitik abiatzen da eta 120 bat metro egiten ditu Zigaurretik Iruritara doan bidean, non, mendebaldeko bazterrean, haritz batzuk (Quercus robur) baitaude, eta haien adarrak bidean sartzen dira. Bidetik atera eta 70 bat metro egiten ditu haritz gorrien baso eremu batean (Quercus rubra), non zenbait pago eta gaztainondo ere baitaude han-hemenka; handik larre batera atera eta hura gurutzatzen du, eta ondoren NA-2540 errepidea (proiektuan NA-1740 aipatzen da); beste 200 bat metro egiten ditu larreetan zehar, eta, Artesiaga erreka gurutzatu ondoren, Baztango saneamendu kolektorearekin konektatzen da Iruritan.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du proiektuak bi eremu hauek ukitzen dituela: “Belate” ES2200018 KBEa eta “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” ES2200023 KBEa. Horri dagokionez, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6.3 artikuluan xedatutakoa jasotzen du eta ezartzen ezen, Natura 2000 Sareko guneen kudeaketarekin zuzeneko loturarik ez duten plan eta proiektuek, baldin eta horietan eragin nabarmena izan badezakete, ebaluazio egokiaren xede izan beharko dutela, horrela bermatzeko ez dutela kalte nabarmenik eraginen gune horietan, eta kontuan hartuta haien kontserbazio helburuak; hortaz, baimena jasotzen ahalko dute soilik Natura 2000 Sareko guneetan integritate ekologikoaren galerarik sortzen ez duten proiektuek.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektua ebaluatu ondoren uste du, interes publikoko proiektu bat izateaz gain, ez duela, itxura guztien arabera, ondorio nabarmenik izanen ezta ukipenik ere “Belate” eta “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izeneko KBE guneen integritatean, baldin eta ebazpen honetan biltzen diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatzen badira. Hauek dira hala uste izateko arrazoiak:

–Kolektoreak “Belate” KBEko baso eremu bat gurutzatzen du, non espezie nagusia Quercus Rubra landatutako espeziea baita. Landarediaren gaineko beste ukipen guztiak puntualak dira, eta ingurumenaren gaineko inpaktuetarako prebentzio neurriak aplikatuz ekidin daitezke.

–Artesiaga errekaren ibaiertzeko basoa, obrek ukitzen duten tartean, ez dago sartuta intereseko edo lehentasuneko habitata duen mugaketan, eta Robinia pseudoacacia espezie exotiko inbaditzailea da nagusi bertan, han-hemenka dauden haltza (Alnus glutinosa) batzuekin batera, zeinak modu egokian babestu beharko baitira obren fasean. Nolanahi ere, eta ingurumen aldetik balioa izan dezakeen multzo garrantzitsu horren gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin, lanerako eremua nahitaezkoa denera mugatzea proposatzen da, 6 metroko zabalera gainditu gabe.

–Lanek ukitzen duten eremuan bi KBE horietako fauna espezie funtsezkoak egon daitezkeela eta, ebazpen honetan aurreikusitako neurriak hartu beharko dira, espezie horien gaineko inpaktua gutxitu edo saihesten dutelako.

–Obretan zehar Artesiaga errekaren ibilguaren morfologia aldatuko dela aurreikusi da, kolektorea paratzeko zanga bat irekitzeak eraginda, baina ukipen hori ez dago baimenduta KBEaren araudi berariazkoan. Halere, ulertzen da hondakin uren saneamendua giza osasunari dagokion arrazoitzat har daitekeela (arauaren salbuespena, alegia), eta, edozein kasutan, KBE honetarako inpaktu ona ekarriko du proiektu honek, Artesiaga errekaren eta Baztan ibaiaren inguruetan dauden herrietako saneamendu uren kalitatea hobetzeko helburua duelako. Aurrekoa kontuan hartuta ere, inpaktu hori aldi baterako izanen dela uste da, eta ebazpen honetan inpaktua zuzentzeko jasotzen diren neurriei esker ibilguaren ezaugarriak lehengoratuko direla guztiz.

92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren arabera, proiektuak ez du ondorio negatibo nabarmenik izanen KBEetan, ez eta naturaren kontserbaziorako interesa duen ezein tokitan ere, ebazpen honetan ezarritako babes neurriei esker (intereseko habitatak edo lehentasunezkoak, eta flora eta fauna katalogatua, bi KBEen kudeaketa planetako araudian funtsezko elementu gisa jasotakoa).

Hortaz, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ingurumen ukipenen azterlanean inpaktuen prebentzio eta zuzenketarako jasotako neurriak ezarri beharko dira, ebazpen honetan proposatutakoez gainera.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Baztango udal-mugartean Zigaurreko hondakin urak Baztango araztegiarekin konektatzeko proiekturako. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Kolektoreak egiten duen bidean sartzen diren adarrak puskatu edo urratu ez daitezen, inausi eginen dira makina astunak sartu aurretik; eskuz eginen da inausketa, ebaki garbiekin eta hausturarik eragin gabe.
  • Landaredi baliotsua duten eremuak zedarritu eginen dira, ukitutako azalera ahalik eta txikiena izan dadin. Horrela, lan egiteko eremua balizatuko da haritz gorriaren basoan, eta babestuko dira han-hemenka haritzen artean dauden gaztainondo eta pago handiak. Horrez gain, NA-1740 errepidearekin gurutzatu aurretik eta lan eremuaren erdi-erdian dagoen astigarra ere babestuko da. Artesiaga errekaren inguruetan, saihestuko da haltzen (Alnus glutinosa) gaineko ukipena, eta, horretarako, trazadura pixka bat desbideratu beharko da zenbait tokitan. Edozein modutan, beharrezkoa izanez gero zuhaitzak moztea, Basoak Kudeatzeko Atalari jakinarazi eta baimena eskatu beharko zaio, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan.
  • Artesiaga erreka gurutzatzeko, 6 metroko zabalerara murriztuko da aldi baterako okupatu beharreko zerrenda, proiektuaren arabera 11 metrokoa dena, eta, horretarako, paraleloan lan egin ordez seriean eginen da, makina txikiekin.
  • Erreka gurutzatzeko lanak irailean, urrian eta azaroan besterik ez dira eginen, salmonidoen eta burtainaren (Cottus atturi) arraba-sasoiak saihesteko, bai eta bisoi arruntaren (Mustela lutreola) eta igarabaren (Lutra lutra) ugalketa sasoia ere. Hondeatzeko makinak sartu aurretik, 48 ordu lehenago, ibai-ertzetan bizi den faunari alde egiteko denbora emateko, lan eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean.
  • Errekaren ur jarioa mantendu beharko da, presak, ubideak edo antzeko obra osagarriak eginez. Ibilguan obrak egin aurretik, gutxienez ere 72 ordu lehenago, kontsulta eginen zaie basozainei arrantza elektrikoa egin beharraz.
  • Artesiaga errekaren ur-ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta gutxienez goiko 50 cm-etan hasieran zegoen materiala jarriko da berriro, oheko granulometria naturala errespetatuz eta ibaiaren ekosistema zatikatzea eragozteko asmoz.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Artesiaga errekaren ur bazterrak landareztatuko dira sahats (Salix atrocinerea) aldaxkak erabiliz, ahal dela bertan hartutako aldaxka hormonatuak, bai eta haltzak ere, bota behar izan direnak bezainbeste ondo berri sartuz. Landaketaren eremua Baztan ibaia eta Artesiaga erreka ES2200023 KBEaren kudeaketa planak VI. ataleko 1. puntuan aipatzen duena izanen da, alegia: “Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (5 metrokoa oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metrokoa uholde-lautada zabala duten eremuetan.)”
  • Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia.
  • Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko. Sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, beren izaeraren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Obrak hasi aurretik, gutxienez ere 72 ordu lehenago, sustatzaileak jakinaraziko dio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Bidasoko Koordinazio Unitateari (gmabidasoa@navarra.es o 608245812), baldintza hauetan azaldu den bezala, lan hauek egin ditzan: lanen zuinketa gainbegiratu, bota beharreko zuhaitzak markatu, errekaren tarte ukituan arrantza elektrikoa egin beharra dagoen aztertu, eta ur ingurunearekin lotutako fauna babesteko ezarritako obra egutegia betetzen den egiaztatu.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean egin beharreko jarduketak baizik ez du babesten.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Lortu beharko da bereziki Herri Lan Zuzendaritzaren eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren baimena.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.
  • Putzuak behar bezala zigilatuta eta iragazgaiztuta egon beharko du kanpotik nahiz barrutik, barruko isuria eta errekako ura nahas ez daitezen uholdeetan. Horrez gain, lotune eta etete-balbula guztien diseinua iragazteak saihesteko modukoa izanen da, kontuan hartuta uholdeak oso maiz gertatzen direla.
  • Uholdeetan korronteen erregimenaren eraginpean dauden elementu guztiak babesteko neurriak aplikatu beharko dira.
  • Ura ateratzen dela etengabe bermatzeko neurri egoki guztiak hartu beharko dira, bai eta saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.
  • Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.
  • Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen lurzatiak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu, bera baita horrek etorkizunean eragin ditzakeen ukipenen erantzule bakarra.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interes orokorra babesteko ezinbestekoa den prozedura bat delako, kasu honetan osasungarritasun publikoaren arrazoietan oinarrituta.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 23an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004636