98. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68/2020 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, helburu duena ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunaren baimena eta ehiza-lizentzia dituzten ehiztariei baimena ematea alarma egoeran ehiza-espezieen kontrola egiteko, nekazaritzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak direla-eta.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekreturen bidez, luzatu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma egoera, 2020ko apirilaren 12ko 00:00ak arte, eta ezarri zen luzapena beteko dela martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintza berdinekin. Martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua.

Apirilaren 24ko 492/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatu zen berriz alarma egoera 2020ko maiatzaren 10eko 00:00ak arte, eta ezarri zen aurrekoen baldintza berberak bete behar zirela, alegia, honakoetan ezarritakoak: martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatutakoan, eta apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuan, zeinak luzatu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen duenez 7. artikuluan, alarma egoerak dirauen bitartean erabilera publikoko bideetatik zirkulatzen ahalko da honako jarduera hauek egiteko soilik eta banaka, non ez den desgaitasuna dutenei, adingabeei edo adinekoei laguntzeko, edo justifikatutako beste arrazoi batengatik:

a) Elikagaiak, farmaziako produktuak eta oinarrizko beharretarako produktuak erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Lantokira joatea lanaldia betetzeko edo enpresa edo lanbide jarduerak egiteko.

d) Ohiko bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Finantza eta aseguru entitateetara joatea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera.

Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak ohar bat argitaratu zuen errege dekretua nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan aplikatzeko moduari buruz; hauxe da testua:

“Elikagaien hornidura katea osatzeagatik, alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak dira hauek: nekazaritza, abeltzaintza eta akuikultura, baita arrantza ere, nekazaritzako eta arrantzako produktuen eraldaketa, albaitaritzako zentro eta klinikak, elikagaien garraioa eta banaketa eta horiek merkaturatzea kontsumitzailearentzako txikizkako salmentaren bidez. Horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien arloko enpresen jarduera orokorra mantentzeaz gain, nekazaritzako, abeltzaintzako, akuikulturako ustiategiak eta arrantza barne, horien funtzionamendurako beharrezkoak diren intsumoez hornitzen duten enpresena ere mantendu behar dela.

Nekazariek, abeltzainek, akuikultoreek eta arrantzaleek aukera izan behar dute lanean segitzeko, jarduera mantentzea bermatzeko beharrezkoa dena egiten.

Nolanahi ere, birusaren hedapenari aurrea hartu eta hori gelditzearren, alarma egoerak irauten duen bitartean mugatu edo bertan behera utzi behar dira nahitaezkoak ez diren lanak, esate baterako, mantentze-lan osagarriak”.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuak I. eranskinean ezarri zituen funtsezkotzat jotzen diren sektoreak, besteak beste:

“2. Merkatuaren hornidura katean parte hartzen duten zereginetan aritzen direnak, bai eta premiazko ondasun eta zerbitzuak ekoizteko zentroetako zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen dutenak, elikagaiak, edariak, animalientzako elikagaiak, produktu higienikoak, botikak, osasun produktuak edo osasunaren babeserako beharrezkoa den edozein produktu barne; horrekin batera, horien banaketa ere baimentzen da, jatorritik hasi eta azken destinoraino”.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoarekin bat, Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak ohar informatibo bat argitaratu zuen martxoaren 30ean, honakoa berariaz adierazteko:

“Eranskinean jasota dagoenez, arau hau ez zaie aplikatuko nekazaritzan, abeltzaintzan, akuikulturan, arrantzan eta elikagaien industrian aritzen diren langileei, ez eta horien funtzionamendua ziurtatzeko ezinbestekoak diren jarduerei ere.

(..) Bestalde, 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako egoera kudeatzeko, martxoaren 14an alarma egoera deklaratu zuenak, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean ondoren argitaratu diren arauek ezartzen dute agintaritza eskudun delegatuek behar diren neurriak hartuko dituztela elikagaien hornidura bermatzeko.

Elikagaien hornidura katea osatzeagatik, alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak dira hauek: nekazaritza, abeltzaintza eta akuikultura, baita arrantza ere, nekazaritzako eta arrantzako produktuen eraldaketa, albaitaritzako zentro eta klinikak, elikagaien garraioa eta banaketa, eta horiek merkaturatzea kontsumitzailearentzako txikizkako salmentaren bidez.

Horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien arloko enpresen jarduera orokorra mantentzeaz gain, nekazaritzako, abeltzaintzako, akuikulturako ustiategiak eta arrantza barne, horien funtzionamendurako beharrezkoak diren intsumoez eta zerbitzuez hornitzen duten enpresena ere mantendu behar dela, egoera honetan ezinbestekoak badira.

Alde horretatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz beharrezkoa da ehiza-espezieak kontrolatzea, alarma egoeran nekazaritza eta abeltzaintzaren kudeaketa egokia ahalbidetzeko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 20. artikuluan ezartzen da ehiza-barrutiko titularraren betebeharra dela, besteak beste, ehiza aprobetxamenduaren titularren eta nekazarien arteko koordinazio bideak ezartzea, nekazaritzari eragindako kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Gainera, aprobetxamenduaren titularrak ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duen kasuan, ehiza-barrutian zaintza sistema bat jartzeko betebeharra dauka, foru lege horren 51. artikuluan aurreikusitako lanak egiteko eta kalteen prebentziorako behar diren neurriak hartzeko.

Ehiza-espezieek nekazaritzan eragin ditzaketen kalteak arintzeko eta/edo horiei aurrea hartzeko xedez, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez baimena ematen baitzaie, batetik, ehiza-barrutietako zaindariei, banaka, ehiza-espezien kontrola egiteko alarma egoeran, eta, bestetik, untxien kalteen prebentziorako planean sartuta dauden ehiza-barrutietako zaindariei, kontrol hori ibilgailutik egiteko, argiak piztuta, betiere beste zaindari bat edo ehiza-barrutiaren titularra den toki entitateko langile bat gidaria dela.

Ukitutako eragileei kontsulta egin ondoren, neurri horiek indartu daitezkeela iritzita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 31ko 47/2020 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Foruzaingoko Animaliei eusteko Taldeari ehiza populazioen kontrola egiteko alarma egoeran, betiere taldearen lehentasunak eta erabilgarri dituzten bitartekoak kontuan hartuta eta Ehiza Atalaren jarraibideekin bat.

Aurrekoa aintzat hartuz eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak hala eskatu duenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak txosten juridikoa eman du, eta bertan ondorio hauek jaso:

Beraz, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren iritziz beharrezkoa baldin bada, interes orokorra babestearren, pertsonen, nekazaritzaren edo basa faunaren espezieen osasuna edo segurtasuna kaltetzeko arriskua egoteagatik, salbuespeneko baimenak ematen ahalko dizkie ehiza-barrutien arduradunei kalte horien kontrolerako; kontrol lanak ehiza-barrutiko zaindariak soilik eginen ditu, bere lan zerbitzuan edo/eta zerbitzu profesionalean ari dela, baldin eta ezinbestekoak badira eta nahitaez alarma egoerak irauten duen bitartean egin beharrekoak.

Era berean, azaldutakoarekin bat, baimena ematen ahalko da kalteen kontrol hori ehiza-lizentzia duten nekazariek eta abeltzainek egin ditzaten, lanean ari direla, beren nekazaritza edo abeltzaintza ustiategietan (ehiza-barrutietan baldin badaude) kalteak gutxitzeko, baina zaindarien kontrola indartzeko helburuarekin, beharrezkoa izanez gero, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak hala erabakita.

Apirilaren 14ko ohar informatibo baten bidez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak gomendioa eman zien autonomia erkidegoei basurdeen populazioen gaineko kontrola egiten segi dezaten, animalien gaixotasunak hedatzeko arriskua saihesteko eta basurdeek nekazaritza edo abeltzaintza ekoizpenetan eragin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko.

Alarma egoera luzatu daitekeenez, eta laboreen fenologia ikusirik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalak beharrezkotzat jotzen du beste neurri batzuk inplementatzea, dagoeneko baimenduta daudenen osagarri.

Alde horretatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren iritziz beharrezkoa da ebazpen honetan arautzen den jarduera, alarma egoeran nekazaritza eta abeltzaintzaren kudeaketa egokia ahalbidetzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 17ko 60/2020 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaien indarreko ehiza-lizentzia duten nekazari eta abeltzainei, baita horien errentari edo enplegatuei ere, untxien eta basurdeen kontrola egiteko beren nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien esparruan eta lanean ari direla, bertan kalteak prebenitzearren eta/edo ahalik eta txikienak izatearren.

Orain arte hartutako neurriak gorabehera, horien neurri osagarriak ezartzeko eskatzen dute ukitutako taldeek. Besteak beste, beharrezkotzat jotzen dute ehiztari orok kontrol horietan jardutea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak, 2020ko apirilaren 24ko txostenaren bidez, hau ondorioztatu zuen:

“Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak, nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenean eta animalien eta landareen osasunean eskuduna den aldetik, justifikatzen badu beharrezkoa dela neurriak hartzea basurdeak eta nekazaritzan eta abeltzaintzan kalteak sor ditzaketen beste espezie batzuk kontrolatzeko, espezieak kontrolatzeko baimen bereziak ematen ahalko dira, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Halaber, baimenak ematen ahalko dira baldin eta behar bezala justifikatzen bada ondorio kaltegarriak izan daitezkeela pertsonen osasun edo segurtasunerako eta basafaunako espezieetarako, baita, baso-masek abeltzaintzan duten eragina kontuan harturik, aipatu ondorio kaltegarriak sor daitezkeenean ere.

Bestalde, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 28ko txosten baten bidez, eta kontuan harturik –463/2020 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala– nekazaritzak, abeltzaintzak, nekazaritzako produktuen eraldaketak eta elikagaien garraiatze, banatze eta merkaturatzeak elikagaien hornidura katea osatzen dutela eta alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak direla, beharrezkoa da ehiza faunaren kontrola baimentzea, aintzat harturik, halaber, garai honetan nekazaritzako laboreetan sortzen dituen kalte larriak, ekonomikoak zein osasunekoak, elikagaien ekoizpena eta hornidura arriskuan jartzen dituztenak ukitutako eremuetan.

Halaber, alarma egoerak iraun bitartean, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoa oinarri hartuta eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean finkatutako baldintzak betetzen badira, Barne Zuzendaritza Nagusiak uste du 463/2020 Errege Dekretuaren 7. g) artikuluan ezarritako kasuetan sartzen direla ehiza-barrutiak kudeatzeko arduradunek egiten dituzten ehiza-espezieetako kontrol lanak.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

Horrenbestez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Apirilaren 17ko 60/2020 Ebazpena aldatzea, honela:

1.1. Ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunaren baimena eta indarreko ehiza-lizentzia eta dituzten ehiztariei baimena ematea untxiak eta basurdeak kontrolatzeko, kasuan kasuko ehiza-barrutian. Baimendutako ehiztarien artean sartzen ahalko dira ehiza-barrutian sartutako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien nekazariak, abeltzainak, errentariak edo enplegatuak, aurreko baldintzak betetzen badituzte.

1.2. Ehiztari horiek ehiza-barrutian bizi izan behar dute, edo horren mugakide diren udalerrietan. Jarduera egiten duten bitartean, eta joan-etorrietan, ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunak emandako ziurtagiria eraman beharko dute aldean. Ondorio horietarako, ziurtagiritzat joko da ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunak Ehiza Atalari aurkeztutako jakinarazpenaren kopia.

1.3. Osasun agintariek ezarritako higiene eta osasungarritasun arauak bete behar dira ehiza-espezieen kontrol guztietan. Kontrolerako baimena dutenek beti eraman beharko dituzte aldean ehiza-lizentzia, armaren dokumentazioa eta ehizarako gainerako arauzko dokumentazioa.

1.4. Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, ehiza-barrutiko Nafarroako ehiza-zaindari batek koordinatu beharko du betetzea, bere egiaztagiria aldean duela.

1.5. Untxien kasuan, prebentzio plana onetsirik ez duten ehiza-barrutietan, baimena ematen da kontrola egiteko hudoak eta sareak erabiliz edo eskopetak erabiliz gordelekuetan itxoiten, hudoen laguntzaz edo laguntzarik gabe. Modalitate horietan parte hartzen dutenak elkarrengandik gutxienez 2 metroko tartea errespetatuz arituko dira. Harrapatzen diren untxiak unean bertan hilko dira.

1.6. Basurdeen kasuan, berriz, baimena ematen da kontrola egiteko iluntzean eta gauean itxoiten, erriflea edo eskopeta erabiliz, eta argia ere bai, baina soilik tiro egiteko unean; halaber, baimena ematen da erakargarri usaintsuak erabiltzeko, gehienez ere 10 cm x 10 cm neurriko azaleran bustiak. Segurtasun arrazoiak tarteko, postuak lurretik gora jarri beharko dira, balaren ibilbidea lurrean bertan buka dadin. Kasu horretan, kontrola egin behar duenak jarduera gauzatu baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die barrutiko basozainei.

1.7. Nahitaez bete beharreko prozedura:

Untxiek eragindako kalteak prebenitzeko programa onetsirik duten ehiza-barrutietan izan ezik, ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunak datu hauek jakinaraziko dizkio idatziz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, jarduera hasi baino 5 egun natural lehenago gutxienez, I. eranskineko agiriaren arabera (erantzukizunpeko adierazpenaren eredua):

a) Baimena duten ehiztarien datuak: izen-deiturak, NANa, ehiza-lizentziaren zenbakia eta joan-etorrietarako ziurtagiria, ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunak emana.

b) Kasuan kasuko ehiza-barrutiaren datuak: poligonoa, lurzatia eta ukitutako laboreak.

c) Kontrolatu beharreko espeziea(k).

d) Kontrolaren hasiera eta bukaera egunak.

e) Iluntzeko edo gaueko itxoinaldia eginen den tokiko koordenatuak (beharrezkoa bada).

Jakinarazpenak posta elektronikoz igorriko dira caza@navarra.es helbidera. Kontrola egiteko baimena dutenek beti eraman beharko dute aldean aurkeztutako jakinarazpenaren kopia, bidalketa eguna justifikatuta.

5 egun natural iraganik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ebazpenik eman gabe, ulertuko da jakinarazpena ongi dagoela eta jarduera baimenduta dagoela.

Ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunak, kontrola bukatu eta 15 egun naturaleko epean, fitxa-memoria bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, caza@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Horretan, lortutako emaitzak eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira.

1.8. Baimen hau ingurumen ondorioetarako baizik ez da ematen.

2. Martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpena aldatzea, honela:

2.1. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 44. artikulua betetzeko, bai ehiza-barrutiko zaindariak (bere lan eginkizunetan) bai ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunaren baimena duten ehiztariek, ez beste inork, egiten ahalko dituzte populazioen kontrolak, nekazaritzan eta/edo abeltzaintzan eragindako kalteengatik egin beharrekoak.

2.2. Untxiek eragindako kalteak prebenitzeko planen indarraldia luzatzen da, 2021eko ekainaren 30era arte. Untxiak egunez harrapatzeko modalitateetan, parte-hartzaileak elkarrengandik gutxienez 2 metroko tartea errespetatuz arituko dira. Harrapatzen diren untxiak unean bertan hilko dira.

2.3. Alarma egoerak iraun bitartean bakarrik, untxiek eragindako kalteak prebenitzeko planean sartutako ehiza-barrutietan baimena ematen da untxiak harrapatzeko gauez eta ikuspen handiko argi integratuak dituen ibilgailu batetik. Kasu horretan, ibilgailuan bi lagun baino ez dira joanen: bata ehiza-barrutiko zaindaria izanen da, eta bestea, berriz, toki entitate titularraren enplegatu bat edo kudeaketa arduradunak baimendutako ehiztari bat (batak zein besteak kontrola egiten ahalko dute). Ibilgailuan, agintaritza eskudunak ezarritako osasun segurtasuneko distantzia bermatuko da bidaiarien artean.

2.4. Indarrean segitzen dute Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenaren gainerako baldintzek.

3. Ebazpen hau igortzea interesdunei, Ehiza Atalari, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisioari eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzendua, alarma egoeran untxien eta basurdeen kontrol lanak egiteko, nekazaritzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak direla-eta (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004793