98. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

161/2020 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, prozedura hasten duena Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzeko Paulina Navarro Biurrun andrearen abintestato jaraunsle (GP 2017/019).

Iruñeko Zaragoza etorbideko 70. zenbakiko jabekideen erkidegoko finken administrazioak jakinarazi dio Ondare Zerbitzuari Paulina Navarro Biurrun hil dela, jaraunsle ezagunik gabe.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Bere aldetik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria onartzen duen martxoaren 1eko 1/1973 Legeko 300. Legearen arabera, legezko oinordetzara joko da baldin eta jaraunspen osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez, Konpilazio horrekin bat etorrita.

Konpilazio horren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1. puntutik 6.era bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Paulina Navarro Biurrun Iruñean (Nafarroa) jaio zen 1943ko abuztuaren 31n, eta Iruñean (Nafarroa) hil zen, 2015eko irailaren 14an. Iruñeko Zaragoza etorbidea, 70. zenbakiko 1. A izan zuen azken helbide ezaguna, eta han zegoen erroldatuta 1986ko apirilaren 1etik aurrera.

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta hildakoari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):

–Iruñeko Zaragoza etorbidea, 70. zenbakiko 1. A letrako etxebizitza, bere garaje indibiduala eta trastelekuarekin.

–Banku-kontu bat Nafarroako Rural Kutxa entitatean (IBAN ES** 3008 0084 ** 0717398812); 2015eko abenduaren 31n, 708,24 euroko saldoa zuen.

Espedientean ageri dira Iruñeko Udalaren ziurtagiria, hildako emakumea hiri horretan erroldatuta zegoela egiaztatzen duena; ezkontza eta dibortzio ziurtagiri literala (2006ko martxoaren 10eko epaia), bai eta heriotza ziurtagiria ere, guztiak ere Iruñeko Erregistro Zibilekoak; kausatzailearen Azken Borondateen Erregistro Orokorraren ziurtagiria, testamenturik ez zuela egin adierazten duena; eta Nafarroako Poliziaren Buruzagitza Nagusiaren ofizioa, hildakoak ahaiderik ez zuela adierazten duena. Hori horrela izanik, ezein ahaideren berririk ez dagoenez, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Paulina Navarro Biurrun (DNI 15****41E) andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki-taulan ikusgai jar dadin hilabetez.

3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan interesdun orok alegazioak aurkez ditzan, edo egokitzat jotzen dituen agiriak edo beste juizio-elementu batzuk, toki honetan: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalean (Yanguas y Miranda kalea 27-2., Iruña, 31003 P.K.).

4. Ebazpen hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zerbitzura eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Laguntzako Bulegoa) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 29an.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F2004706