94. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

47/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Zainzuri Zuriaren Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onesten duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

143/1997 Foru Dekretuak, zeina maiatzaren 26koa baita, eta Nafarroako produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen baititu, besteak beste honako hauek ditu zehazten ditu: helburua eta aplikazio esparrua; produkzio integratuaren definizioa; bereizketa-sistemak; laboreei buruzko erregelamenduen norainokoa; kontrol eta ziurtapen entitateen aintzatespena; eta Nafarroako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordearen sorrera

2018an, Nafarroako produkzio integratuari buruz indarrean zegoen araudia berraztertu zuten Nekazaritzako Elikagaietarako Nafarroako Teknologia eta Industria Institutuko (INTIAko) teknikariek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko langileek. Arauen berrikuspen horren emaitza izan da araudian aldaketa batzuk proposatzea, ekoizleen sektorearen eskaerari erantzuteko.

Foru arau horren aurretik, Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatutako ekoizleak behartuta zeuden urtero beren partzeletako lurra aztertzera, baina, sektoreak proposatuta, egoki da hori aldatzea, eta azterketa nahitaezkoa izan gabe gomendagarria izatea.

Etengabe aldatu direnez produktu fitosanitarioak erabiltzeko araudiak, eta produktuok baimentzeko baldintzak berrikusi, eta, horrenbestez, baimendutako produktuen zerrenda txikitu denez, haien ingurumen- eta osasun-inpaktua ahalik gehiena murrizteko, bidezko da Ekoizpen Integratuan baimendutako produktu fitosanitarioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Produktu Fitosanitarioen Erregistroan bildutakoei atxikitzea.

Nekazaritza Zerbitzuak proposatuta, kontuan hartuta egin beharreko aldaketak, eta gai-arloan segurtasun juridiko handiagoa lortzeko helburuarekin, bidezko da zainzuri zuriaren produkzio integraturako aitzineko erregelamendua indargabetzea, zeina 1998ko ekainaren 15eko Ebazpen bidez onetsi baitzen, eta lehen adierazitako aldaketak jasoko dituen Nafarroako zainzuri zuriaren produkzio integraturako erregelamendu tekniko berria onestea.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Zainzuri Zuriaren Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onestea.

Nafarroako Zainzuri Zuriaren Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onesten da I. eranskinean ageri den moduan, eta foru arau honetako II., III., IV., V. eta VI. eranskinak onesten dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 1998ko ekainaren 15ean emandako Ebazpen bidez onetsitako Zainzuri Zuriaren Produkzio Integraturako Erregelamendua indargabetzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Nafarroako Zainzuri Zuriaren Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003723