94. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Nafarroako Berotegiko Tomatearen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onesten duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

143/1997 Foru Dekretuak, zeina maiatzaren 26koa baita, eta Nafarroako produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen baititu, besteak beste honako hauek ditu zehazten ditu: helburua eta aplikazio esparrua; produkzio integratuaren definizioa; bereizketa-sistemak; laboreei buruzko erregelamenduen norainokoa; kontrol eta ziurtapen entitateen aintzatespena; eta Nafarroako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordearen sorrera 2018an, Nafarroako produkzio integratuari buruz indarrean zegoen araudia berraztertu zuten Nekazaritzako Elikagaietarako Nafarroako Teknologia eta Industria Institutuko (INTIAko) teknikariek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko langileek. Arauen berrikuspen horren emaitza izan da araudian aldaketa batzuk proposatzea, ekoizleen sektorearen eskaerari erantzuteko.

Sortu eta ezarriz geroztik, freskoan egindako ortu- eta fruta-produktuen ekoizpen integratuaren logotipoa erabiltzeko baimenek lotura izan dute operadoreak Egokitzaileen eta/edo Eraldatzaileen Erregistroan inskribatzearekin, eta, produktu freskoen kasuan, Freskoan egindako Baratzeko Produktuen Erregelamendu Teknikoa betetzearekin, zeinak produktuak jarduera horretarako instalazio egokietan manipulatzearen araberako baldintzak jasotzen baititu.

Ekoizleek eskatu baitute baimena emateko, logotipoa erabiltzeko finkako egokitzapenean (kaxaratzea) eta ekoizpenaren zuzeneko merkaturaketan, berotegiko tomateari dagokionez, egokitze-jarduera kontuan hartu gabe, eta INTIA Ziurtapenaren aldeko irizpena izanda, egokitzat jotzen da indarreko araudia aldatzea modu horretan, Nekazaritzako Ekoizpen Primarioko Jardunbide Onetan ezarritakoari jarraikiz.

Foru arau horren aurretik, Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatutako ekoizleak behartuta zeuden urtero beren partzeletako lurra aztertzera, baina, sektoreak proposatuta, egoki da hori aldatzea, eta azterketa nahitaezkoa izan gabe gomendagarria izatea.

Etengabe aldatu direnez produktu fitosanitarioak erabiltzeko araudiak, eta produktuok baimentzeko baldintzak berrikusi, eta, horrenbestez, baimendutako produktuen zerrenda txikitu denez, haien ingurumen- eta osasun-inpaktua ahalik gehiena murrizteko, bidezko da Ekoizpen Integratuan baimendutako produktu fitosanitarioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Produktu Fitosanitarioen Erregistroan bildutakoei atxikitzea.

Era berean, produktua finkan zuzenean ontziratzeko jarraibideak jasotzen dira Nafarroako berotegiko tomatearen produkzio integraturako erregelamendu teknikoan, geroago, finkatik kanpo, hautatzeko eta egokitzeko lanik gabe, baimena emanda logotipoa erabiltzeko finkako egokitzapenean (kaxaratzea) eta ekoizpenaren zuzeneko merkaturaketan.

Nekazaritza Zerbitzuak proposatuta, kontuan hartuta egin beharreko aldaketak, eta gai-arloan segurtasun juridiko handiagoa lortzeko, bidezko da berotegiko tomatearen produkzio integratuari buruz apirilaren 2ko 679/2004 Ebazpen bidez onartutako aurreko erregelamendua indargabetzea, eta Nafarroako berotegiko tomatearen produkzio integraturako erregelamendu tekniko berria onestea, lehen aipatutako aldaketak jaso ditzan.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Berotegiko Tomatearen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onestea.

Nafarroako Berotegiko Tomatearen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa onetsi da, I. eranskinean jasotzen den moduan, eta foru agindu honen II., III., IV. eta V. eranskinak onetsi dira.

2. artikulua. Logotipoaren erabilera.

Baimena ematen da logotipoa erabiltzeko finkako egokitzapenean (kaxaratzea) eta ekoizpenaren zuzeneko merkaturaketan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak apirilaren 2an emandako 679/2004 Ebazpenaren bidez onetsitako Berotegiko Tomatearen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Nafarroako Berotegiko Tomatearen Produkzio Integraturako Erregelamendu Teknikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003722