94. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroan neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendu teknikoa onesten duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Nafarroan produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen dituen maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuak, besteak beste arautzen ditu, haren xedeaz eta aplikazio-esparruaz gain, ekoizpen integratuaren definizioa, bereizketa egiteko sistemak, laborantza-arauen irismena, kontrol eta ziurtapenerako erakundeen aitorpena, eta Nafarroako Ekoizpen Integraturako koordinazio-batzorde baten sorrera.

2018an, Nafarroako ekoizpen integratuari dagokion indarreko araudia berrikusi zuen Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) zenbait teknikarik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko zenbait langilek osatutako lantalde batek. Arauen berrikuspen horren emaitza izan da araudian aldaketa batzuk proposatzea, ekoizleen sektorearen eskaerari erantzuteko.

Foru agindu hau eman aitzinetik, Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatutako ekoizleek nahitaez egin behar zuten urtero beraien lurzatietako lurzoruen analisia; sektorearen proposamena aintzat hartuta, ordea, bidezkoa da hori aldatzea eta, analisi hori nahitaezkoa izan beharrean, gomendagarria izatea.

Produktu fitosanitarioen erabileraren arautegia etengabe ari da aldatzen, bai eta ere berrikusten horiek baimentzeko eskakizunak, eta hala, ingurumenean eta osasunean duten eragina minimizatzeko, baimendutako produktuen zerrenda murriztu egin da. Beraz, bidezkoa da ekoizpen integratuan baimendutako produktu fitosanitarioak eranstea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Produktu Fitosanitarioen Erregistroak jasotzen dituen produktuen zerrendari.

Nekazaritza Zerbitzuaren proposamenez, egin beharreko aldaketak aintzat hartuta, eta gaiaren inguruko segurtasun juridiko handiagoa lortzeko xedez, bidezkoa da aldatzea aitzineko Neguko zerealaren erregelamendua, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak apirilaren 2an emandako 680/2004 Ebazpenaren bidez onartutakoa, eta Nafarroan neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendu tekniko berri bat onartzea, bertan jasoz arestian aipatutako aldaketak.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroan neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendu teknikoa onestea.

Onetsita geratzen da, beraz, Nafarroan neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendu teknikoa, foru agindu honen I. eranskinean ageri den moduan, eta Foru Agindu honen II.etik IX.era bitarteko eranskinak ere onesten dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendua, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak apirilaren 2an emandako 680/2004 Ebazpenaren bidez onetsia.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Nafarroan neguko zerealaren ekoizpen integraturako erregelamendu teknikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003718