93. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Udalaren eta kontzejuen arteko Hitzarmen Administratiboa. Onespena

Galar Zendeako Udalak, 2019ko abenduaren 12an egindako bilkuran, Galar Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko Hitzarmen Administratiboa onetsi zuen.

Eta argitaratzen da, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legearen 20. artikuluarekin, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin.

Getze Galarren, 2020ko apirilaren 15ean.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

GALAR ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

Sarrera

Galar Zendeako Udalak osaera konplexua du, zortzi kontzeju baititu (Arlegi, Cordovilla, Espartza, Ezkirotz, Galar, Olatz, Getze eta Subitza), gehi Barbatain herria, Galar Zendeako Udalak administratzen duena zuzenean.

Zenbait legegintzalditan, Udalak eta kontzejuek lankidetza Hitzarmena sinatu dute, toki-erakundeen arteko lankidetza ahalik eta handiena bermatzeko. Koordinazio hori Kontzejuen Batzarraren bidez bermatzen da.

Kontsulta organo hori Zendean finkatuta dago jada, eta, orain, 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan du lege-berrespena. Artikulu horrek erabakiak hartzeko eta kudeaketaren jarraipena egiteko prozesuan parte hartzeko eskubidea bermatzen du, kontzejuek parte hartzeko kontsulta-organo baten bidez. Organo hori baliatuko da Udalaren eta udal-mugarteko kontzejuen arteko informazio etengabea izateko; horrekin batera, organo horren bitartez kontzejuak plangintza eta programazioko tresnak izanen ditu eskura, eta parte hartzen ahalko du, hitzarekin baina botorik gabe, kasuan kasuko kontzejuaren interesari eragiten dioten gaiak eztabaidatu behar diren ordezkaritza organoetan.

Alderdiek Hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, alde batetik, administrazio-arintasuna eta baliabideen optimizazioa bermatzeko, eta, bestetik, kontzejuen antolamendu eta eskumen autonomia erabat errespetatzeko.

Udalaren eta kontzejuen arteko konpromisoa

Alderdien konpromisoa elkarrekiko konfiantzan eta eskumen errespetuan oinarritzen da, eta horietako bakoitzaren egoerari buruzko informazio arina izateko beharretik abiatzen da. Horrek barne hartzen du, halaber, alderdi bakoitzak duen ekonomia eta ondare egoeraren berri emateko konpromisoa, baita epe labur eta luzerako aurreikuspenekin ere.

Hitzarmen honek honako apartatu hauek ditu:

A) Kontzejuetarako dirulaguntza.

B) Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana.

C) Kontzejuaren eskumenak Udalari eskuordetzan ematea.

D) Udal langileen lankidetza.

E) Kontzejuen konpromisoa.

F) Kontzejuen Batzarra.

G) Hitzarmenaren indarraldia.

A) Kontzejuetarako dirulaguntzak.

1. Galar Udalerriko egitura administratiboaren oinarrizko osagai dira oraindik ere kontzejuak, eta Udala beharturik dago, beharrezkoa balitz, Udal aurrekontuaren bidez bermatzera kontzejuen ohiko jardueren gauzatze arrunta.

2. Galar Zendeako Udalari dagozkion baliabide ekonomikoek kontzejuen ogasunen osagarri izaten segitzen dute, eta 150.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa ezarri da urteko eta kontzejuko. Honela lortu da zenbateko hori: kontzeju bakoitzaren mugapean bildutako EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) %40 erantsita zirkulazioko udal-zergaren %80ri.

B) Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana.

“Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana” deitzen zaie kontzejuetan egin beharreko obrei, Udalaren finantzaketa osoa edo partziala baldin badute.

Toki-erakunde sinatzaileen baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, Foru Komunitatearen Administrazioan kudeatuko da era guztietako laguntzak erdiesteko aukera.

Behin ezaguturik laguntzarik baden edo ez den, edo horiei ukoa eman zaien, zehaztuko da erakunde sinatzaileak inbertsioak hasteko moduan diren edo ez, dirulaguntzarekin edo gabe. Adibidez: kale bat zolatzea, argiteria publikoa berritzea, hilerria handitzea, kontzeju-etxea hobetzea, edo beste edozein, baloratuko da, eta egoki bada, Obra Planean kontsignatuko da haren kostuaren zenbateko osoa. Alderdien konpromisoa da ahal diren laguntza guztiak eskatzea, adibidez Toki Azpiegituren Planaren bidez, orobat basoberritzeko urteroko proiektuekin, etab. Dirulaguntzarik baldin badago, onuragarria izanen da bi alderdientzat, egindako aurreikuspenari eutsiko zaiolako. Hau da, Udalak aurreikusi bazuen, adibidez, kontzeju-etxe bat diruz laguntzea %70ean, eta obra hori Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen badu, Udalaren dirulaguntzak ehuneko berean jarraituko du, Nafarroako Gobernuak diruz lagundu ez duen zenbatekoari dagokionez.

Ez dira diruz lagunduko Udalerrian jada daudenekin lehiatzen diren obrak edo instalazioak, hala nola igerilekuak, padel-pistak, gimnasioak eta Udalak antolatutakoen antzeko jarduerak.

Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plan honetan sartzen diren obrak honela katalogatuko dira:

1. Udalerri osoaren interes berezikoak: zoladurak, sareak berritzea, argiteria (energia auditoria), tokiko bideak, basoberritzeak, ingurumeneko neurriak, zuntz optikoa, etab.

–Baldintzak:

  • Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.
  • Kontzejuaren eta Osoko Bilkuraren adostasuna beharko dute.
  • Obra Planean sartzeak berekin dakar kontzejuak Udalari eskuordetzea obra hori egiteko eskumena.
  • Aurrekontuko diru-izendapen nahikoa beharko da.

–Finantzaketa:

Behin “udalerrirako interes bereziko obra” deklaratzen denean, Udalak finantzatuko du %70-%90 tartean.

Kontratazioa eta lizitazioa:

Udalak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko ditu obrak. Hitzarmen honen bidez, kontzejuek Udalari ematen diote ardura proiektuaren eta obren lizitazioa eta enkargua egiteko. Udalak kontzejuari helaraziko dio adjudikazioa. Zein erakunderi dagozkion, hark onartuko ditu obrak edo lanak, eta uneoro jakinen du zein den horien bilakaera eta gauzatzea.

2. Udalerri osoaren interesekoak: kontzeju-etxeak, osasun kontsultategiak, frontoiak, elizak, ermitak, linea elektrikoak kentzea, lorategiak egokitzea edo hobetzea, aparkalekuak, iturriak, ikuztegiak, zoladurak berritzea, sarbideak hobetzea, seinaleak, haur parkeak, bestelako instalazioak.

–Baldintzak:

  • Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.
  • Obra Planean sartzeak berekin dakar Udalak dagokion ekitaldian obra gauzatzeko aurrekontu partida nahikoa sartzeko betebeharra.
  • Sarrera horrek ez du salbuesten obra gauzatzeko beharrezkoak diren lizentziak eta/edo baimenak lortzeko beharretik.
  • Inbertsioa titulartasun publikokoak ez diren ondasunetan egiten bada (adibidez, eliza batean), beharrezkoa izanen da aldez aurretik Udalaren, kontzejuaren eta obren titularraren arteko hitzarmena sinatzea, eta hark arautuko du finantzaketa sistema.

–Finantzaketa:

Obra Planean finantzaketa formula jasotzen da. Oro har, obra horiek Udalak finantzatzen ditu, %30 eta % 60 artean.

Obren dirulaguntzaren likidazioak ezin izanen du gainditu, inola ere, %10eko handitzea, kontuan izanik Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana prestatzeko 2. apartatuan azaldutako aurreikuspena. Dirulaguntza handitzeko, Osoko Bilkuraren berariazko erabakia behar da.

–Kontratazioa eta lizitazioa:

Kontzejuak, Artzapezpikutzak edo ondasunaren titulartasuna duenak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko eta onartuko ditu obrak. Udalak –obren kofinantzatzaile den aldetik– azalpenak eska ditzake izandako kontratazio prozedurez, obrez, obren jarraipenaz, etab., baina inola ere ez jarduketa hori fiskalizatzeko.

Obrak hirugarren baten titulartasuneko ondasun baten gainean egiten badira, eta Udalaren eta kontzejuaren arteko finantzaketaren zenbatekoa inbertsioaren kostuaren %50 baino handiagoa bada, dirulaguntza emateko, ondasunaren titularrak bete beharko ditu Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratazio betebeharrak.

Inbertsioa bukatzean, obren kostuaren justifikazioa eta obren bukaeraren ziurtagiria aurkeztuko dira, Udalak dirulaguntza ordaintzeko baimena eman dezan.

3. Kontzejuetarako interes berezikoa: elkarteak, erabilera anitzetako gelak, dauden instalazioak zaharberritzea, kontzeju-etxeetarako eta kontsultategietarako altzariak, haur parkeak berritzea, etab.

–Baldintzak:

  • Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.
  • Obra Planean sartzeak berekin dakar Udalak dagokion ekitaldian obra gauzatzeko aurrekontu partida nahikoa sartzeko betebeharra.
  • Sarrera horrek ez du salbuesten obra gauzatzeko beharrezkoak diren lizentziak eta/edo baimenak lortzeko beharretik.
  • Inbertsioa titulartasun publikokoak ez diren ondasunetan egiten bada (adibidez, eliza batean), beharrezkoa izanen da aldez aurretik Udalaren, kontzejuaren eta obren titularraren arteko hitzarmena sinatzea, eta hark arautuko du finantzaketa sistema.

–Finantzaketa:

Obra Planean finantzaketa formula jasotzen da. Oro har, obra horiek Udalak finantzatzen ditu, gehienez ere %30ean.

Obren dirulaguntzaren likidazioak ezin izanen du gainditu, inola ere, %10eko handitzea, kontuan izanik Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana prestatzeko 2. apartatuan azaldutako aurreikuspena. Dirulaguntza handitzeko, Osoko Bilkuraren berariazko erabakia behar da.

–Kontratazioa eta lizitazioa:

Kontzejuak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko eta onartuko ditu obrak. Udalak –obren kofinantzatzaile den aldetik– uneoro jakinen du zer prozedura erabili diren, bai proiektuak eta obrak esleitzeko, bai horien jarraipena egiteko.

Obrak hirugarren baten titulartasuneko ondasun baten gainean egiten badira, eta udalaren eta kontzejuaren arteko finantzaketaren zenbatekoa inbertsioaren kostuaren %50 baino handiagoa bada, dirulaguntza emateko, ondasunaren titularrak bete beharko ditu Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratazio betebeharrak.

Inbertsioa bukatzean, obren kostuaren justifikazioa eta obren bukaeraren ziurtagiria aurkeztuko dira, Udalak dirulaguntza ordaintzeko baimena eman dezan.

Salbuespenez, eska daiteke “Udalerri osoaren interesekoak” eta “kontzejuetarako interes berezikoak” diren obrak sar daitezela azpiegituren eta antzekoen planetan, Udalak lizitatutakoetan, baldin formula horrekin aukera gehiago badaude Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza lortzeko; hitzartutako gainerako baldintzak bere horretan mantenduko dira.

–Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana egitea.

Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana edo Obra Plana prozedura honi jarraikiz egin da:

1.–Urriaren lehen hamabostaldian, lan bilera bat egin zen kontzejuen eta Udalaren artean; bilera horretan, legegintzaldiko Hitzarmen berriaren oinarriak azaldu ziren, Udalak eta kontzejuek sinatu beharrekoa.

2.–Kontzejuei eskatu zitzaien azaroaren 20a baino lehen proposatzeko legegintzaldi honetan egitea aurreikusten zituzten obrak, Hitzarmen honen babesean egin ere, eta honako hauek zehaztu behar zituzten: horietako bakoitzaren lehentasuna, zer urtetan gauzatuko zen, aurrekontua eta finantzaketa proposamena.

3.–Udalbatzak, 2019ko abenduaren 12an egindako osoko bilkuran, Hitzarmen hau onartu zuen. Bertan jasotzen da gelditzen den legegintzaldirako obren aurreikuspena, zeina aurrekontu ekitaldi bakoitzera aldatuko baita, Hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera.

4.–Hitzarmena kontzejuek onetsi dute dagozkien organoen bidez (Kontzejuko Batzarra edo Herritarren Batzarra).

C) Eskumenak Udalari eskuordetzan ematea.

Obren lizentzien, lorategietako mantentze-lanen, argiteriaren, garbiketen eta abarren eremuan herritarrek eskatzen dizkiguten zerbitzuak arinago eta modu zentzuzkoagoan emateko, komeni da gauzak argitzea, desberdintasunik sor ez dadin.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 6, 7, 22-2 eta 27. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 30-2 eta 70. artikuluetan oinarritzen da eskuordetze hau, eta honako hauek ditu:

–Eskuordetzeak:

Oro har, aurreko legegintzaldietako eskuordetzeen araubide berarekin segituko da:

Lehenbizikoa.–Kontzeju sinatzaileek Galar Zendeako Udalari eskuordetzen dizkiote Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39. artikuluan zehaztutako eskumenak, Hitzarmen honetan zehaztutako neurrian:

  • Udal planeamenduaren araberako hirigintzako lizentziak ematea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39.1.c) artikulua). (Eskuordetze osoa).
  • Bideak garbitzea. 39.1 d) artikulua. (Eskuordetze partziala).
  • Argiteria publikoa (fakturazioari eta mantentze-lanei dagokienez), 39. e) artikulua.(Eskuordetze partziala).
  • Tokiko bideen mantentze-lanak. (Eskuordetze partziala).
  • Herritarrendako zerbitzua hobetzeko Kontzejuak edo Udalak interesekotzat jo ditzakeen beste batzuk.
  • Aseguruen itunak kudeatzea. (Eskuordetze partziala).

Bigarrena.–Galar Zendeako Udalak, kontzejuek jakin gabe, ezin izanen dizkie beste entitate batzuei eskuordetu Hitzarmen honen bidez eskuordetzen zaizkion eskumenak.

Hirugarrena.–Kontzejuek noiznahi eska dezakete egokitzat jotzen duten edozein informazio, honen bidez eskuordetzen diren eskumenak Udalak erabiltzeari buruz, eta dagozkion eskumenak bereganatzen ahalko ditu egokitzat jotzen duenean.

Kontzeju batek dagozkion eskumenak bereganatzen dituenean, Hitzarmen hau indarrik gabe geldituko da horri dagokionez, eta agiri honen bidez hartutako konpromisoetatik aske geldituko dira bi alderdiak.

Laugarrena.–Galar Zendeako Udalak, eskuordetutako eskumenak erabiliz, gauzatzen edo bere gain hartzen dituen ekintza, erabaki eta ebazpenen berri emanen zaie kontzejuei Kontzejuen Batzarraren bidez.

Ekintza, erabaki, ebazpen eta xedapen horien kontra egoki diren errekurtsoak jar daitezke, udal eskumenak erabiliz emanen balira bezala.

Bosgarrena.–Egindako eskuordetzeen irismena:

5.a) Hirigintzako lizentziak: Eskumena osorik eskuordetua ulertzen da.

5.b) Bideak garbitzea: Udalak konpromisoa hartzen du kontzeju bakoitzean urtean bi garbiketa mekaniko egiteko, eta kontzejuari dagozkio egokitzat jotzen diren eskuzko garbiketa eta/edo garbiketa mekaniko apartekoak.

5.c) Argiteria publikoa: Udalaren jarraibideei segituz eta haren onespena izanik gauzatu diren argiteria publikoko sareen mantentze-lanak eta fakturazioa Udalaren esku uzten dira. Udalaren kontroletik kanpo eta berak ontzat eman gabe egin diren sareen ardura ez du inola ere hartuko Udalak.

Fakturazioa eta mantentze-lanak ez dira inoiz izanen honako hauena: kontzeju-etxeak, kontsultategiak, frontoiak edo kontzejuen titulartasuneko beste eraikin batzuk.

5.d) Tokiko bideen mantentze-lanak: Bideen mantentze-lan hutsetarako zereginak eskuordetzen dira. Halakotzat jotzen dira arekak urtean behin garbitzea eta bideko zulo txikiak konpontzea.

5.e) Aseguruak ituntzea: Galarko Udala erosketen zentral gisa arituko da, kontzejuek itundurik dituzten aseguruak elkarrekin kontratatzeko, halako moduz non, nahiz eta denak batera lizitatuko diren prezio hobea lortzeko, kontzeju bakoitza izanen den aseguru-hartzailea, eta bere kargura hartuko duen kostua.

D) Udal langileen lankidetza.

1. Udala, zerbitzu anitzetako lantaldeko langileen bidez, udal titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoez arduratuko da funtsean, baita obrez edo jarduerez ere, baldin, Kontzejuendako eskualdatze planean egonik, administrazioak gauza ditzakeela uste bada, Udalak berak gauzatu ere. Arauketaren xede izanen dira, kontzejuaren eta Udalaren arteko hitzarmen banakakoaren bidez.

2. Salbuespenez, eta kontzeju batek uste badu udal lantalde baten laguntza behar duela obra bat egiteko edo kontzejuaren eremuko zerbitzu bat emateko, kontzejuko buruak eskaera aurkeztu beharko du, obretako zinegotzi delegatuari zuzendua. Hartan honako hauek adieraziko dira: eskatzen den esku-hartze mota, lanen iraupenaren aurreikuspena, beharrezkotzat jotzen diren giza baliabideak eta bitarteko teknikoak, eta aurreikusitako kostuak.

3. Kontzejuetarako lanak egiteak inola ere ez du ekarriko kalterik Udalaren titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoetan. Hala, aurreko apartatuan aipatutako lanen gauzatzea eten dezake aldi baterako edo behin betiko Udalak, egokitzat jotzen badu.

E) Kontzejuen konpromisoa.

Kontzejuek konpromiso hau hartzen dute Udalaren aurrean:

1. Lizentziarik gabe egiten ari diren obra, erabilera eta jardueren berri ematea.

2. Isurketen, biltegien, garbiketen, erreketen eta, oro har, ingurumenaren kontrako jardueren berri ematea eta horiek garbitzea.

3. Udaleko toki publikoen mantentze-lanetan eta garbiketan laguntzea.

4. Udalari laguntzea kontzejuetan egiten diren kultura, kirol, jolas eta mota guztietako jarduerak antolatzen.

5. Beren egoera ekonomikoaren berri ematea uneoro, udal funtsak egoki kudeatzeko.

6. Gure herritarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak egitea.

F) Kontzejuen Batzarra.

Eskudantzien erabilera ahal den neurrian harmonizatzeko, eta diru-sarrerak, bitarteko materialak eta giza baliabideak ahal bezainbeste baliatzeko, beharrezkotzat jotzen da kontzejuak gehiago txerta daitezela Udalerriaren kudeaketan, eta, horretarako, lankidetza zuzeneko organoak ezartzea, honako irizpide hauekin bat:

1. Bermatzeko ezen Hitzarmen honen konpromisoak beteko direla eta eskuordetutako eskumenak zehazki erabiliko direla, eta koordinazio eta lankidetza tresna izateko, adosten da organo bat sortzea, apartatu honetan agertzen diren eginkizunak eta funtzionamendu arauak izanen dituena.

2. Aipatutako organoak “Kontzejuen Batzarra” izanen du izena.

Honelako osaera izanen du: kontzeju bakoitzeko burua (edo eskuordetutako pertsona), Barbataingo ordezkari bat, eta Galar Zendeako Udaleko zinegotzi guztiak. Kontzejuen Batzarreko buru izanen da Galar Zendeako Udaleko alkate udalburua, eta Udaleko idazkaria arituko da idazkari.

3. Kontzejuen Batzarraren eginkizunak honako hauek dira:

a) Oro har, udal organoak informatzea, aholkatzea eta haiei proposamenak egitea, kontzejuen interesekin erlazio zuzena edo zeharkakoa duten gaiez.

b) Bereziki:

–Udalari egokitzat jotzen diren proposamenak egitea, udal aurrekontuan sartu beharreko gastuez eta inbertsioez, edo kontuan hartu beharrekoez.

–Udalari proposamena egitea kontzeju bakoitzean zerbitzuak eta jarduerak ezartzeko, zabaltzeko edo hobetzeko.

–Udalari laguntzea, udalerri osoan jarduerak gauzatzen eta zerbitzuak ematen.

–Hitzarmen honen xedapenak bete daitezela begiratzea.

4. Batzarreko buruak eginen du Kontzejuen Batzarrerako deialdia, egokitzat jotzen duen aldiro. Orobat, Batzarreko buruak deialdia egin beharko du baldin lau kontzejuk behintzat eskatzen badute.

5. Oro har, bi bilkura eginen dira urtean. Bata Udalaren kontuak onesteko eta bestea Udal aurrekontuak onesteko.

6. Kontzejuen Batzarreko kideen eztabaiden emaitzak horretarako egiten den aktan jasoko dira.

Udalak akta liburu bat beteko du, osoko bilkuren akta libururako legeak ezartzen dituen formalitate eta betebehar berberekin.

7. Galar Zendeako Udalak Kontzejuen Batzarreko eskudantziak eta funtzionamendua arautuko ditu bere erregelamendu organikoan, Hitzarmen honetan ezarritakoari dagokionez.

Toki korporazioen osoko bilkuren funtzionamendua arautzen duten xedapenek arautuko dute Kontzejuen Batzarraren funtzionamendua, aplikatzekoak diren orotan.

G) Hitzarmen honen indarraldia.

Legegintzaldia bukatu eta zazpi hilabete igaro arte egonen da indarrean Hitzarmen hau, eta aurreko apartatuak ukitzen dituzten erabakiak oro indarrik gabe gelditzen dira.

Adostasunaren adierazgarri, esku hartzen duten alderdiek sinatzen dute, idazkariarekin batera, egintzaren fede ematen baitu, agertzen diren tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: L2004516