92. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75/2020 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuaren baldintza agiria aldi baterako aldatzea.

COVID-19aren pandemiak salbuespenezko egoera eragin du eta, horren ondorioz, neurri bereziak hartu behar izan dituzte mundu osoko gobernuek eta agintariek. Espainiako Gobernuak, hain zuzen ere, honako hauek ezarri ditu: 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19ak eragindako osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duena hamabost egunez; 476/2020 Errege Dekretua, martxoaren 27koa, alarma egoera hori 2020ko apirilaren 12ra arte luzatzen duena; eta geroko luzapen eta aldaketak. Horiek guztiek salbuespenezko zenbait neurri hartzera behartzen dute, zeinak eragina baitute jarduera ekonomikoaren gain eta, horrenbestez, nekazaritzako elikagaiak ekoitzi eta merkaturatzeko zenbait arloren gain.

COVID-19aren epidemiaren intzidentzia handia dela-eta, Espainiako Gobernuak osasun arloko prebentzio neurri batzuk ezarri ditu, jendearen joan-etorria nabarmen mugatzeko. Horrela, bada, arestian aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ostalaritzaren eta jatetxeen arloko jarduerak eten zituen, pandemiari aurre egiteko beste euste neurri batzuen artean (10. artikuluko 4. zenbakia).

Mugatze horrek eragin nabarmena izan du ardi aziendaren haragiaren sektore osoaren gain, eta, bereziki, Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuaren gain, ostalaritzaren eta jatetxeen arloko establezimenduetan merkaturatzen baita ekoizpenaren zati handi bat.

Europan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoak, arautzen ditu jatorri deiturak eta adierazpen geografikoak. Erregelamendu horren 53.3. artikuluan ezartzen da erregistratutako jatorri deituren eta adierazpen geografikoen baldintza agirietan aldi baterako aldaketak egin daitezkeela, agintaritza publikoek ezarritako nahitaezko osasun neurrien edo neurri fitosanitarioen ondorioz. Aukera hori garatu zuen, gerora, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 664/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 6.3 artikuluak, ezarri baitzuen Europar Batasuneko estatuek aipatu aldaketak egin ditzaketela, eta, horrelakoetan, jakitera eman beharko dituztela, eta Batzordeari jakinarazi, horiek onesteko zer arrazoi izan dituzten azalduta, onetsi eta bi asteko epean. Jakinarazpen horrek zer formatu izan behar duen adierazi da Batzordearen 2014ko ekainaren 13ko 668/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren VIII. eranskinean.

Ikusirik zer ondorio ekonomiko izan dituzten COVID-19a hedatzea galarazteko asmoz ezarri diren neurriek, Nafarroako Arkumea Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemaileak, adierazpen geografiko horren kudeaketa organo den aldetik (IFK: Q31.500.40H), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu zion Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuaren baldintza agiria aldi baterako aldatzea (eskaeraren data: 2020ko apirilaren 22a; erregistro zenbakia: 2020/300732). Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskaera jaso zuen, bai eta baldintza agiria, aldaturik, eta beharrezkoak diren agiriak hura honako hauetan ezarritakoarekin bat izapidetzeko: 1151/2012 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, azaroaren 21ekoa, nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideei buruzkoa; 664/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1151/2012 (EB) Erregelamendua osatzen duena; eta 668/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1151/2012 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena.

Gaur egun, baldintza agiriaren E apartatuan (Produktua lortzeko metodoa), debekatuta dago, berariaz, haragiak izoztea, eta Kontseilu Arauemaileak eskatu du apartatu hori aldi baterako aldatzea, haragiak izozteko aukera emateko. Baimendutako eragileek epe jakin batez izoztuta ere Nafarroako Arkumearen egiaztagiriari eusteak aukera emanen du produktu hori gerora merkaturatzeko, modu orekatuan, eta arinduko ditu euste neurriak ekoizpen katean eragiten ari diren zailtasunak –ganadutegietan eta industrietan, bereziki–.

Nafarroako Arkumea adierazpen geografiko babestuaren ekoizpen eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremura mugatzen da. Beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau emateko eskumena.

Eskaera eta aurkeztutako agiriak ebaluatu ondotik, egiaztatu da betetzen direla 1151/2012 (EB) Erregelamenduan eta 664/2014 eta 668/2014 (EB) Erregelamenduetan ezarritako baldintzak. Kontseilu Arauemaileak azaldu du zertan datzan aldaketa; hura frogatzeko agiriak aurkeztu dira, baita baldintza agiria eta dokumentu bakarra ere, aldatuta biak ere. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da baldintza agiria aldatzeko eskaera onestea, eta hura Europako Batzordeari jakinaraztea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Onestea Nafarroako Arkumea AGBaren baldintza agiria aldi baterako aldatzea, egiaztatu baita betetzen direla 1151/2012 (EB) Erregelamenduko eta haren ondorioz ezarritako xedapenetako baldintzak.

Baldintza agiria, produktuaren dokumentu bakarra eta jakinarazpena, behar bezala beterik, Interneteko helbide honetan argitaratu dira:

https://cutt.ly/3ya5nlU

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta egoki diren agiriak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Elikagaien Kalitatearen eta Jasangarritasunaren Zuzendariordetza Nagusira igortzea, Europako Batzordeari baldintza agiria aldi baterako aldatzeko eskaera helarazteko, ezarritako legezko prozedura betez.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Arkumea Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko apirilaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2004720