92. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Epatzea, 64/2020 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan

Hona hemen Alkatetzaren 299/2020 Ebazpena, 2020ko apirilaren 20an emana:

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ofizio bat jaso da. Bertan jakinarazten denez, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa (64/2020 zenbakidun prozedura arrunta) aurkeztu dute Julián Beorlegui Reta jaunak eta Martín Antonio Beorlegui Artoleta jaunak Zizur Nagusiko Udaleko Osoko Bilkuraren 2019ko azaroaren 8ko erabaki baten kontra (erabaki horren bidez behin betiko onetsi zen Zizur Nagusiko Udal Planeko Ardoi sektoreko H-27 unitatearen xehetasun-azterketa). Aipatu ofizioaren bitartez, dagokion administrazio espedientea bidaltzeko eskatzen da, baita epatzeak egiteko ere, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 49. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Kontuan harturik batetik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 21.1 k) artikuluan xedatutakoa, gaia nire eskumenekoa izanik, eta bestetik Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 29/1998 Legearen 49. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Interesdun gisa agertzen diren guztiak epatzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean demandatu gisa pertsonatu daitezen, bederatzi eguneko epean.

2. Espresuki Carlos Ibáñez Solano epatzea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 29/1998 Legearen 49. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Aipatu administrazioarekiko auzi-errekurtsoko 64/2020 prozedura arruntean agertzea eta pertsonatzea demandatu gisa, eta Rafael Ortega Yagüe Iruñeko prokuradorearen eta Héctor Nagore Soravilla Iruñeko Abokatuen Elkargoko letraduaren esku uztea Udalaren ordezkaritza eta horren interesen defentsa errekurtso horretan.

4. Epatzeen berri ematea Osoko Bilkurari, egiten duen hurrengo bilkuran, bai eta Udalaren ordezkaritza eta horren interesen defentsa eskuordetu izanarena ere.

Zizur Nagusian, 2020ko apirilaren 21ean.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

Iragarkiaren kodea: L2004589