89. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Udalaren Funtzionamendurako Erregelamendu Organikoan

Berriobeitiko Udalak, 2020ko otsailaren 4an egin osoko bilkuran, Berriobeitiko Udalaren Funtzionamendurako Erregelamendu Organikoa onetsi zuen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat.

1. Erregelamenduak onesteko prozedura honi jarraituko zaio:

4. Ez da beharrezkoa jendaurrean jartzea, toki entitatearen beraren antolamendua ukitzen duten erregelamenduen onespena denean.

326. artikulua. Toki entitateek onetsi ordenantzek eta erregelamenduek ez dute ondorio juridikorik sortuko, haien testua “Nafarroako Aldizkari Ofizialean” osorik argitaratu arte.

Berriobeitin, 2020ko apirilaren 6an.–Alkate udalburua, Raúl Julio Bator Pérez.

UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Berriobeitiko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, Erregelamendu honen bidez, bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea arautzea, behin-behinean arautu ere haren aldaketa komenigarri juzgatzen ez den bitartean, aipatu legearen garapenaren funtsezko lerroak behar bezain ongi argitu ondoan.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a) Gobernu eta administraziorako organo oinarrizkoak dira:

Udalaren Osoko Bilkura, Tokiko Gobernu Batzarra, alkatea, alkateordeak eta Bozeramaileen Batzarra, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak xedatzen duenarekin bat.

Kontuen Batzorde Berezia eta Erosketen Batzarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak xedatzen duenarekin bat.

b) Gobernu eta administraziorako organo osagarriak dira zinegotzi ordezkariak, halakorik bada, informazio batzordeak, udal taldeak eta kontseilu sektorialak.

c) Udalaren tutoretzaren pean daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako patronatuak eta kudeaketa organoak ere.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Berriobeitiko Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:

–Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera.

–Erregelamendu Organikoa.

–Ordenantzak.

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legeriaren ezarpenen arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta halaberean eginen da Udalbatzaren Osoko Bilkuraren eraketa.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak izan daitezke:

–Arruntak.

–Bereziak.

–Berezi eta presakoak.

8. artikulua. Osoko bilkura arrunta hileko lehenbiziko asteartean eginen da. Biltzeko ordua Osoko Bilkurak berak erabakiko du gehiengo soilaz. Bilkura bereziak udalburuak erabakitzen duenean eginen dira edo, gutxienez ere, Udalbatzako legezko kideen laurdenak eskatzen duenean.

Hala izanez gero, gehienez ere 15 egun baliodunean berandutuko da bilkura. Udalburuak ez badu epe horretan deialdia egiten, epea bukatu ondoko hamargarren egun baliodunerako eginen da deialdia, besterik gabe, eguerdiko hamabietarako; Udalbatzako idazkariak hala jakinaraziko du.

9. artikulua. Osoko bilkura arruntetarako deialdia gutxienez 2 egun baliodun lehenago egin behar da; aztertu behar diren gai zehatzen zerrenda igorri beharko da.

Lehenbizikoa noiz ezarri, berrogeita zortzi ordu geroago eginen dira bilkurak bigarren deialdian.

10. artikulua. Bilkura berezi eta presakoen deialdia Osoko Bilkurak berretsi beharko du, gehiengo soilez, eta bilkura egiteko Osoko Bilkurako kide guztiek izan behar dute deialdiaren berri.

11. artikulua. Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da, eta eztabaidak eta erabakiak zer gaitara mugatuko diren adieraziko da, baita bestelako kontuez ari daitekeen ere.

III. KAPITULUA

Bilkura arruntetako gai-zerrenda

12. artikulua. Bilkura arrunten gai-zerrenda alkateak finkatuko du, idazkariak lagunduta eta, hala behar badu, alkateordeak entzunik.

13. artikulua. Zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztia, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izan behar duenez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan. Egoitza horretatik ez dira ez espedienteak ez jatorrizko agiriak ateratzen ahalko, baina bai haien kopiak.

Aurreko aktaren onespenaren ondoan, gai-zerrendan beti bigarren puntu bat egonen da, berariaz Udaleko gobernu organoen kontrolari eskainiko zaiona, haien funtzionamendua Erregelamendu honetan arautzen baita; puntu hartan egun horretaraino Alkatetzak eman dituen ebazpenak erantsiko dira.

Halaber, eguneko aztergaien azken puntua galdera eta erantzunei buruzkoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Bilkura egiteko baldintzak

14. artikulua. Udalak udaletxean eginen ditu bere bilkurak, edo, ezinbesteko kasuetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela. Beste toki batean eginez gero, bilkurak baliorik gabeak izanen dira.

15. artikulua. Bilkuretan esaten dena behar bezala aditzeko, megafonia sistemak jar daitezke, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabaketa magnetofonikoak egiteko baimena emanen da.

16. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18-1. artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

17. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnek ezin izanen dute parte hartu, eta alkateak, muturreko kasuetan, bilkura behar bezala egitea nola edo hala eragozten duen herritarra kanporatzen ahalko du aretotik. Hori hala izanik ere, bilkura bukatutakoan, Udalbatzak bertaratutakoei kontsultak egiteko aukera eman diezaieke, Udalaren interesekoak diren gai zehatzei buruzkoak.

18. artikulua. Bilkura oro, arrunta nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

19. artikulua. Osoko Bilkura baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren 1/3 bertaratu beharko da (eta gutienez ere 3 kide).

Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

20. artikulua. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

21. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan agertzen ez diren aferei buruz, ez badira presakotzat jotzen, Udalbatza osatzen duten kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanda.

Idazkariaren edo kontu-hartzailearen nahitaezko txostena behar duten aferen kasuetan, aferaren zer-nolakoak direla bide edo beharrezkoak diren argitasunak direla-eta, bidezko ebazpenaren legezkotasunari buruzko zalantzak badaude, atzeratzeko eskatu beharko da eta hurrengo bilkuran eztabaidatzeko utziko.

Eskaera aintzat hartzen ez bada edo erabakia hartzen bada, legez kontrakoa dela berariaz ohartarazi arren, idazkariak aktan jasoko du alderdi hori, legez bidezkoak diren ondorioak izan ditzan.

22. artikulua. Bilkura oro hasi eta irekitakoan, aurreko bilkuretako akta onetsiko da. Akta hori igorri ez bazaie Udalbatzako kide guztiei behar den denborarekin irakur eta azter zezaten, hurrengo osoko bilkura arte atzeratuko da gaia.

Erabakietan parte hartu zuen kideren bati iruditzen baldin bazaio halako puntu baten idazkera zalantzazkoa izan daitekeela, jorratu edo ebatzitakoarekin alderatuz gero, zehatz-mehatz argitzeko eskatzen ahalko dio udalburuari eta Udalbatzak bidezkoa dela uste badu, beste akta bat idatziko da eta minuta edo zirriborroaren orri-bazterrean aldaketa jasoko.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aurretik egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz.

23. artikulua. Ondotik, Alkatetzak azken bilkuraz geroztik emandako ebazpenak, tramitekoak ez direnak, jakinaraziko ditu idazkariak, eta jakinaraziko, orobat, kide bakarreko nahiz anitzeko organoek hura edo Osoko Bilkura ordeztuz emanak.

Horren ondoan, idazkariak, gai-zerrendari jarraikiz, alkatearen dekretuak edo batzordeen erabakien proposamenak dakartzaten txostenak irakurriko ditu eta eztabaidari ekinen zaio. Inork ez badu mintzatzeko txandarik eskatzen, aferak aho batez onetsirik geldituko dira.

24. artikulua. Zinegotziek proposamenei buruzko zuzenketak eta gehikuntzak aurkez ditzakete, bai idatziz eta, bilkura hasi aurretik, bai proposamenak eztabaidatu bitartean.

Informazio Batzordearen proposamenari boto partikularrak aurkezten bazaizkio, eztabaidatu eta haiei buruzko bozketa eginen da, proposamenari buruzkoa egin aurretik.

25. artikulua. Aferak mahai gainean geldituko dira edozein zinegotzik hala eskatuta, Osoko Bilkuraren gehiengo soilak onetsita.

26. artikulua. Aferen aldaketarik proposatuz gero, gaiak lehenbizi eztabaidatuko dira eta ondotik eginen da bozketa.

Udalbatzako talde politikoetako zinegotziek edo bozeramaileek udalburuaren baimena beharko dute hitz egiteko. Hitz egiteko lehenbiziko txanda talde proposatzailearena izanen da, eta gero gainerako taldeek hitz eginen dute, ordezkari gehien dituenetik gutxien dituenera doan ordenan. Taldeen parte-hartzearekin gaian sakontzeko beharra sortzen bada, bigarren hitz egiteko txanda bat irekiko da, eskatu duten hurrenkeraren arabera. Hortik aurrera, udalburuak erabakiko du txanda gehiago irekitzen den edo ez.

27. artikulua. Alkateak eztabaida amaitutzat eman dezake Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek 26. artikuluan adierazitako hitz egiteko txandak erabili badituzte eta beharrezkotzat jotzen bada, eta, halaber, ebatz ditzake Udalbatzaren ebazpenak gehiegi luzatzen dituzten gorabehera guztiak, bere irizpide zuhurraren arabera.

28. artikulua. Zinegotziek Udal Idazkaritzan utziko dituzte defendatu gogo dituzten proposamenak, garaiz utzi ere, gai-zerrendan sartzeko behar adina denbora izateko.

29. artikulua. Galde-eskeak alkateari nahiz Udalbatzako edozein kideri eginen zaizkio, eta Udalaren jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Galdera hartzen duenak istantean erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan egiteko. Horretarako, hurrengo osoko bilkura egiten den data izanen da azken eguna.

30. artikulua. Gai-zerrendan agertzen ez den moziorik Udalbatzari zuzenean jakinarazi nahi bazaio, egileak Udal Idazkaritzan aurkeztu beharko du, gutienez bilkura hasi baino ordubete lehenago.

Udalbatzari horren berri eman ondotik, egileak aferaren presa alegatu eta justifikatu beharko du eta, orduan, Udalbatzak, gehiengo soilaren quorumarekin, presakoa den ala ez erabakiko du.

Presakoa dela onartuz gero, auziaren funtsa ebatziko da, eta alderantziz bada, Udalbatzak beste bilkura baterako atzeratzea erabakiko du.

Izaera politikoko mozioak direnean, haien gaineko testu alternatiboak aurkezten badira, alkateak izanen du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatu behar den –eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz– edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den –eta, beraz, 24. artikuluan adierazten denari jarraikiz–.

31. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legeriaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute parte hartuko gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean, baldin eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako arrazoietariko batzuk tartean badira.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da, gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, zentsura mozioak direnean izan ezik, halakoetan, gelditu eta bere burua defendatzeko eskubidea baitu.

31 bis. artikulua. Bilkurak behar bezala gauzatzeko, ez zinegotziek ez osoko bilkurara etortzen diren ikusleek ezin izanen dute eraman pegatinarik, pankartarik, kamisetarik edo bestelakorik, haien anagramak edo leloak Udalbatzako beste kideak mindu edo horien adierazpen askatasuna hertsatzen ahal badu, mahaikideen gehiengo soilaren iritziz.

Alkateak, osoko bilkuran buru egiten baitu, gehienez ere hiru aldiz eskatuko du mota horretako anagramak edo leloak dituzten gauzak kentzeko, eta eskariari men egiten ez badiote, kanpora bidaliko ditu eramaileak.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

32. artikulua. Bozketetan erabakiak gehiengoz hartuko dira, bilkura 1. nahiz 2. deialdian egin, legeak boto gehiago eskatzen dituenean izan ezik.

Bozketa hasitakoan, ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere.

Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

Udalbatza osatzen duten zinegotzien legezko kopuruaren erdia gehi bat da gehiengo osoa. “Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean” xedatutako kasuetan eska daiteke gehiengo osoa.

33. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko bozketa hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

34. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Arruntak: ezetz eta baietz adierazteko betiko moduen bidez eginen dira, konparaziorako, eskua altxatuz.

b) Izendunak: idazkariak zinegotzien zerrenda irakurriko du, nork bere izena aditutakoan “bai” ala “ez” esan dezan, bozketaren zer-nolakoei jarraikiz.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean izan ezik.

35. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, Osoko Bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik.

Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatzen ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten.

Nolanahi ere, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.

36. artikulua. Osoko Bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

37. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

38. artikulua. Udalbatzaren erabaki jakin batzuei buruzko akta onetsi aurretik luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.

BIGARREN TITULUA

Tokiko Gobernu Batzarra

I. KAPITULUA

39. artikulua. Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek eta horren berri emanen dio Osoko Bilkurari.

40. artikulua. Bere eginkizunetan aritzeko, Tokiko Gobernu Batzarra aldian behin batzartuko da, batzarburuak deialdia egin ondoan. Deialdiarekin batera bilkurako gai-zerrenda bidaliko da.

41. artikulua. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutienez 24 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtzen ahalko da.

Alkateak adieraziko ditu deialdian bilkuraren eguna, ordua eta tokia, baita gai-zerrenda ere.

42. artikulua. Gai-zerrendan sartutako aferei buruzko jatorrizko espedienteak Udalbatzako idazkariaren aurrean utzi beharko dira deia egiten den unetik beretik, Batzarreko kideen eskura egon daitezen.

43. artikulua. Alkateak badu ahalmena gai-zerrenda noiznahi aldatzeko.

44. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, Udalbatzaren iragarki-taulan ikusgai jarriko da hartzen diren erabakien laburpena, eta bilkuraren ondoko hilabeteko epean laburpen horren kopia igorriko zaie zinegotzi guztiei.

45. artikulua. Batzordeko legezko kideen 1/3 bertan egon gabe ezin izanen dira bilkurak hasi, ezta egin ere.

Udalbatzako alkateak eta idazkariak egon beharko dute nahitaez, edo haien legezko ordezkoek.

46. artikulua. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aurretik deirik egin gabe biltzen ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, berandu gabe ebatzi beharreko aferak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.

47. artikulua. Zerrendako halako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak Udalbatzako teknikariak edo arlo horretako adituak agertzeko baimena eman dezake.

48. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituen eskumenak ezin izanen dira eskuordetzan utzi ez alkateordeen esku ez bestelako administrazio organoen esku.

49. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena berriz beren gain hartzen ahalko dute noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalbatzako Osoko Bilkurari jakinarazi.

Era berean, 10 eguneko epea egon beharko da eskumena berreskuratzeko ebazpena ematen denetik benetan eskumena hartu arte, eskumenak berreskuratzearen xede bakarra izan ez dadin ebazpen zehatz bat galaraztea, eskumena jatorriz aitortua duen organoarendako komenigarria ez delako.

50. artikulua. Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak organo eskuordeak emandako ebazpenak berraztertu ditzake, erabaki edo egintza administratiboak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.

51. artikulua. Jatorriz eskumena berea duen organoak hura eskuordetzan ematen duenean, badu aukera zehazteko eskuordetza hori erabiliz ematen diren ebazpen guztiak hari jakinarazi behar zaizkiola. Eta zehazten ahal du, orobat, garrantzia duten halako erabaki batzuk bere menpe daudela edo aurretik jakinarazi behar zaizkiola.

52. artikulua. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, salbu eta organo eskuordetzaileak espresuki besterik esaten badu edo salbu eta denbora muga eskumenaren nolakotasunetik beretik badator.

53. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, aurreko kapituluan osoko bilkuretarako ezarritako arau orokorrak aplikatzen ahalko dira, bai eta kide anitzeko organoetarako araudi orokorrean ezarritako funtzionamendu arauak ere.

54. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak Osoko Bilkurak hartutakoak bezain eragingarriak izanen dira.

Udalak ez du zertan erabaki horiek berretsi, batzar horrek, Osoko Bilkuraren eskuordetzari jarraikiz eta presako arrazoiak direla bide, Osoko Bilkuraren eskudantziak hartzen dituenean izan ezik.

HIRUGARREN TITULUA

Informazio batzordeak

I. KAPITULUA

55. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 20.c artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak sor ditzake azterlanerako, txostenetarako edo kontsultarako organoak, iraunkorrak nahiz zenbait gaitarako, eta horiek sortzeko edo aldatzeko organo eskuduna Osoko Bilkura izanen da, gehiengo soila aski izanik.

56. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi ager daiteke edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baina boto eskubiderik gabe.

Ogasuneko Informazio Batzordeak bere gain hartuko ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 305. artikuluak Kontuen Batzorde Bereziaren eta Erosketa Batzordearen esku uzten dituen eskumenak, eta, ondorio horietarako, izen horiekin jardunen du.

Batzorde horiek, Kontuen Batzorde Berezia eta Erosketa Batzordea kenduta, jorratu behar den gairen bat dagoenean eginen dituzte bilkura arruntak, beti batzordeburuaren erabakiz, bakoitzak, bere eraketa bilkuran ezarritako aurreikuspenei jarraikiz, dituen berezitasunen arabera. Bilkura bereziak, berriz, batzordeburu bakoitzak erabakitzen duenean eginen dituzte edo, bestela, gutienez legezko kideen laurdenak eskatzen duenean.

57. artikulua. Informazio batzordeen eginkizunak dira Osoko Bilkurak erabaki beharreko gaiak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea eta haiei buruz nahitaez egin beharko zaie kontsulta. Osoko Bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak beste salbuespenik ez dago horretarako. Eginkizun berak betetzen ahal dituzte, alkateak edo Tokiko Gobernu Batzarrak horren eskea egiten dienean.

Osoko Bilkurari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Alkatetzari erabakitzeko ematen zaizkien gaien azterketa eta irizpena da informazio batzorde iraunkor horien egitekoa. Azken bi kasuetan, bi organoak haren eskuordetzaz aritzen direnean, Udalbatzaren Osoko Bilkuraren esku ez dauden beste gaiei dagokienez ere jardun dezakete, organo eskudunak irizpena eskatzen dienean.

58. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu beste baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.

59. artikulua. Alkateak edo hark gai horretarako eskuordetzen duen zinegotziak eginen ditu informazio batzordeetarako deiak, gutienez ere 48 ordu lehenagotik, presako arrazoiak tartean direnean izan ezik. Deia idatziz bidaliko zaie batzordekide guztiei, jorratu beharreko gai guztiak adierazita. Presako deialdietan, ohiko komunikazio bideez gain, beste batzuk erabiliko dira, hala nola telefonoa, faxa edo gisakoak. Batzordekideen laurdenak eskatzen duenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz gero.

Informazio batzordearen aurretik, alkateak edo zinegotzi ordezkariak beharrezkotzat jotzen badu, lan bilerak eginen dira, gai-zerrendan aipatu kontuak aztertu eta eztabaidatzeko.

60. artikulua. Batzordearen bilkura bakoitzeko akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.

61. artikulua. Alkatea batzorde guztien berezko burua da, eta batzordeetan benetako buru izanen da alkateordea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

62. artikulua. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan.

II. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

63. artikulua. Udal talde guztien ordezkariek osatuko dute Kontuen Batzorde Berezia. Horiek boto haztatua erabiliko dute erabakiak hartzean. Kontuen Batzorde Berezian alkatea izanen da buru edo ardura hori eskuordetzen dion zinegotzia.

64. artikulua. Batzorde horren eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea.

65. artikulua. Batzordeak, kontuak aztertutakoan, haien gaineko txostena eginen du, eta Udalbatzaren Osoko Bilkurara igorriko da, horren berri izan dezan.

66. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, Ogasun alorreko zinegotzi arduraduna edo, hala behar bada, alkatea agertzeko eska dezake, baita alor horretan arduradun diren udal teknikariak ere, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.

67. artikulua. Kontuen Batzorde Bereziak aurrekontuaren kudeaketa eta udal ondarea kontrolatu eta fiskalizatuko ditu. Aldian-aldian ariko da lanean urte osoan eta aztertu beharreko gaien premiek markatuko dute aldizkakotasuna, beti alkatearen edo ardura hori eskuordetzen zaion zinegotziaren irizpidearen arabera. Nolanahi ere, gutxienez lau hilean behin eginen du lan, eta Udaleko beste edozein informazio batzorderen antzeko funtzionamendua izanen du.

68. artikulua. Nolanahi dela, Osoko Bilkurak urteko kontuak onetsitakoan, Kontuen Batzorde Bereziak horren gaineko nahitaezko irizpena emanen du, eta horrekin batera, bukatutzat emanen da urte horretako bilkuren aldia.

IV. TITULUA

Alkatea

I. KAPITULUA

69. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta honako eskudantziak ditu beti:

–Udal gobernua eta administrazioa zuzentzea.

–Udala ordezkatzea.

–Osoko bilkuretan, Tokiko Gobernu Batzarretan, eta beste edozein udal organotan, deiak egin eta haietan buru izatea, 11/99 Legean eta hauteskundeei buruzko legeria orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik; eta haietan guztietan berdinketak erabakitzea, kalitatezko botoaren bidez.

–Udal zerbitzu eta obrak zuzendu, ikuskatu eta sustatzea.

–Bandoak ematea.

–Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenen mugen barnean, kreditu-eragiketak hitzartzea, lege sektorialetan aipatutakoak izan ezik eta betiere aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa. Diruzaintzako kreditu eragiketak, ordea, bere eskumenekoak izanen dira, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada aurreko ekitaldian likidaturiko diru-sarreren %15 baino handiagoa; ordainketak agintzea eta kontuak azaltzea; hori guztia Toki Ogasunei buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz.

–Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.

–Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Udalbatzako langileak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri osoko bilkuran ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo bilkuran.

–Udaltzaingoan buru egitea.

–Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, betiere Osoko Bilkurak berariaz esleituak ez baditu, baita hirigintzaren kudeaketarako eta urbanizazio proiektuetarako tresnen onespena ere.

–Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Udala defendatzea bere eskumeneko gaietan, baita beste organo bati eskuordetu dizkionean ere; eta presakoa denean, Osoko Bilkuraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan Osoko Bilkurari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den hurrengo bilkuran.

–Osoko Bilkurari kaltegarritasunaren deklarazioa proposatzeko ekimena, Alkatetzaren eskumeneko alorretan.

–Hondamendiak edo ezbehar publikoak edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea behar diren neurri egokiak, eta Osoko Bilkurari horren berri ematea.

–Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, beste organo batzuen eskudantzia denean salbu.

–Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, inolaz ere, 6.010.121,04 euro baino gehiago bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

–Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, haien kontratazio edo kontzesiorako eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

–Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta 3.005.060,52 euro baino gehiago ere, baita ondarearen besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badu, kasu hauetan:

  • Ondasun higiezinak, aurrekontuan aurreikusita badago.
  • Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.

–Lizentziak ematea, alor horretako legeek Udalbatzari edo Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori.

–Udalaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

–Legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legeriak Udalari eman eta Udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak.

70. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.

Orobat, alkateari dagokio Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu eta kentzea.

71. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen edo alkateordeen esku utz ditzake beste inoren esku uzten ahal diren eskudantziak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk edozein zinegotziren esku uzten ahal ditu, Batzordekoa izan ala ez.

72. artikulua. Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Nazioko Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion herritarrentzako garrantzi handiko gaiei buruzko iritzia jasotzeko, betiere Toki Ogasunaren arlokoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen eremu horretako legerian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

73. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.

74. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute kanpoan edo eri dagoenean edo kargua hutsik dagoenean.

75. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.

76. artikulua. Alkateak alkateordeak izendatzen dituen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen dituen.

Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kentzen ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.

77. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, alkateordeak edo eskumen hori duenak ordeztuko du, eta Udalbatzari eman beharko dio horren berri.

78. artikulua. Nolanahi ere, alkateordeek beren kudeaketaren azalpenak eman beharko dizkiote Tokiko Gobernu Batzarrari edo eskumenak beren gain utzi dituen organoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen kontrako zentsura mozioa

79. artikulua. 8/1999 Legearen lehenbiziko aldaketak, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 197. artikuluari dagokionez, zentsura mozioa honela eginen dela dio:

1. Udalbatzako legezko kideen gehiengo osoak, gutxienez ere, proposatu beharko du zentsura mozioa, eta bertan adieraziko da nor den alkategaia, edozein zinegotzi izan daitekeelarik. Mozioa proposatzeko idazkian berariaz adieraziko da alkategaiaren onarpena.

2. Zentsura mozioa proposatzeko idazkian sinadurak agertuko dira, notario batek edo Udalbatzako idazkari nagusiak behar bezala kautotuak. Sinatzaileetako batek aurkeztuko dio idazkari nagusiari. Idazkari nagusiak egiaztatuko du zentsura mozioak betetzen dituela artikulu honetan eskatutako baldintzak, eta, egintza berean, behar den agiria emanen du eginbidea egiaztatzeko.

3. Horrela eginbideturiko agiria Udalbatzako Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du mozioaren sinatzaileetako edozeinek, eta ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako dei berariazkorik gabe. Udalbatzako idazkariak, agiria erregistroan aurkeztu eta beranduenez ere egun bateko epean, Udalbatzako kide guztiei jakinaraziko die inguruabar hori, bilkuraren eguna eta ordua zehaztuz, ager daitezen.

4. Osoko bilkuran adin-mahaia izanen da buru, alkateaz eta alkategaiaz beste, bertaratutako zinegotzi zaharrenak eta gazteenak osatua. Udalbatzako idazkariak eginen ditu idazkari lanak, horretarako bere postua kreditatu beharko duelarik.

5. Mahaiak zentsura mozioa irakurri besterik ez du eginen, eta alkategaiari, alkateari eta udal taldeko bozeramaileei hitza emanen die, labur ari daitezen. Ondotik, zentsura mozioari buruzko bozketa eginen da.

6. Zentsura mozioko alkategaia alkate bilakatuko da, baldin eta mozioak Udalbatza legez osatzen duten zinegotzien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen badu.

7. Ezein zinegotzik ezin du agintaldi berean zentsura mozio bat baino gehiago sinatu. Horretarako, ez dira kontuan hartuko aurreko artikuluetako baldintzak ez betetzeagatik tramitatzen ez diren mozioak.

8. Alkateak ustekabean kargua uzten badu ere, horrek ez du zentsura mozioaren tramitazioa eta bozketa geldiaraziko.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-arazoa

80. artikulua. Alkateak konfiantza-galdea aurkezten ahal dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:

–Urteko aurrekontuak.

–Erregelamendu organikoa.

–Ordenantza fiskalak.

–Udal esparruko planeamendu orokorrerako tresnen tramitazioa bukatzeko onespena.

81. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-galdea aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai-zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar hori. Erabaki horietako edozein hartzeko, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketarako deia jendaurrean eginen da, izenaren arabera deituta.

2. Konfiantza-galdea aurkezteko, ezinbestekoa izanen da erabaki aurretik osoko bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.

3. Konfiantza-galdeak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, besterik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Konfiantza-galdearekin lotutako erabakiaren inguruko bozketa egin ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako berariazko deirik egin gabe, eta bertan hautatuko da alkate berria, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Legearen 196. artikuluko arauekin bat.

4. Aurreko zenbakian aurreikusitako hori ez da aplikatuko konfiantza-galdea urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-galdearen kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini eta proiektua onetsi dela.

5. Alkateak konfiantza-galde bakarra egin dezake urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ez da konfiantza-galderik proposatzen ahal.

6. Konfiantza-galde bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutxienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.

Era berean, aipatu epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-galde horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, bozketa baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.

V. TITULUA

Bozeramaileen Batzarra

82. artikulua. AFEren 104. artikuluan eta 11/1999 Legean xedatutakoaren babespean, Udalaren gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzeko bitarteko berri bat sortu da, hau da, “Bozeramaileen Batzarra” izeneko organo iraunkorra. Haren osaketa, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea ondoko artikuluetan adieraziko dira.

83. artikulua. Bozeramaileen Batzarreko kideak izanen dira alkatea –batzarburu arituko da–, eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkari bana, taldeek berek aukeratu eta ondotik alkateak izendatuko dituenak. Ordezkariek nork bere taldeari dagokion boto haztatua izanen dute, Udalean dagoen proportzionaltasunaren arabera.

84. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak osoko bilkuraren aurreko astelehenean egin dezake bilkura arrunta, deialdia batzordeburuak egiten duenean edo kideen laurdenak eskatzen duenean. Era berean, Bozeramaileen Batzarrak bilkura berezia egin dezake, bilkura arruntaren deialdi-mekanismo berberekin egin ere, baina ez du zertan izan osoko bilkura egin aurreko astelehenean. Deialdi bakoitzean gai-zerrenda jasoko da.

85. artikulua. Organo horren funtzionamendua AFEk organo osagarrietarako eta, subsidiarioki, ezinbestezkoetarako ezartzen dituen zehaztapenei lotuko zaie (134. artikulutik 138.era artekoak).

86. artikulua. Bozeramaileen Batzarrari eginkizun hauek esleitzen zaizkio:

–Alorrek, udal informazio batzordeek edo kontseilu sektorialek igorritako afera guztien berri izan eta haien gaineko nahitaezko txostena eginen du, baldin eta Alkatetzak, haren ordezkariek edo Tokiko Gobernu Batzarrak afera horien gaineko erabakia edo ebazpena eman behar badute.

–Alkateari eta Tokiko Gobernu Batzarrari proposamenak eta iradokizunak eginen dizkie haien eskumeneko gaiei buruz eta, bereziki, udal antolaketaren funtzionamenduaz, aurrekontuen araubideaz eta plantilla organikoaz, baita udal organoen arteko harremanez eta haien eskumenez ere.

–Legeek esleitzen dioten beste edozein.

87. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute. Udal organo betearazleei igorriko zaizkie, Udal Idazkaritzak horretarako eginen dituen aktetan jasoak.

VI. TITULUA

Udal taldeak

88. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, taldeak osatuko dituzte, Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko direnak.

Hautagaien zerrenda beretik hautatuak izan diren zinegotziek ez dute inolaz ere talde bereizirik osatzen ahalko, ez badute hauteskundeetako zerrendako alderdia, koalizioa edo hauteskunde-taldea utzi. Hala bada, Talde Mistoan sartuko dira.

Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, taldetzat hartua izateko.

Zinegotziak ez dira aldi berean talde bat baino gehiagotan egoten ahal.

89. artikulua. Beren hauteskundeetako zerrendari dagokion taldean sartzen ez diren zinegotziek eta agintaldian zehar hasierako taldea uzten dutenek Talde Mistoa osatuko dute.

Udalbatzaren agintaldian zinegotziak ez dira sartzen ahalko hasierako taldean ez beste inon, Talde Mistoan ez bada.

90. artikulua.

a) Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrean aurkeztuko dena.

b) Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.

c) 90. artikuluko A) atalean finkaturiko epea bete ondoko 1. bilkuran, alkateak osoko bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatu direnek, zer zerrendatan hautatu diren, hari dagokion taldean sartu beharko dute edo, bestela, Talde Mistoan. Lehen kasuan 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta kasuan kasuko bozeramaileak sinatuko du.

Aurreko paragrafoan aurreikusten den taldean sartzen ez badira, besterik gabe Talde Mistoan sartuko dira.

91. artikulua. Udal talde bakoitzak bere ordezkariak izendatuko ditu udal taldeetako zinegotziek osatu beharreko kide anitzeko organo guztietarako, bozeramaileak alkateari zuzenduko dion idazkiaren bidez eta Erregelamendu honek kasuan-kasuan ezartzen dituen moduetan.

VII. TITULUA

Udalbatzetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

92. artikulua. Udal zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak, eta bereziki, honako hauek:

1. Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, Udalaren Erregelamendu Organiko honek zehazten duenaren arabera, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza organoetan.

2. Dagozkien ordainsari eta kalte-ordainak jasotzea udal aurrekontuaren kontura, Erregelamendu honetan ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz eta norberaren dedikazioaren arabera.

3. Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta Udalaren bestelako gobernu organoen eskutik eta Erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

4. Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

5. Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, Erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

6. Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, beren karguari edo ordezkaritzari dagozkion kontuez jarduteko.

93. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

1. Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

2. Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

3. Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, Erregelamendu honek ezartzen duen gisara.

4. Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.

5. Alkatetzari jakinaraztea udalerritik kanpoko ateraldiak, hogeita hamar egun naturaletik gorakoak.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legeriak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

94. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio esklusiboa edo partziala, zehaztu ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

95. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio esklusiborako nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio. Dedikazio esklusiboaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio esklusiboak esan nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak beste salbuespenik ez da onartuko.

96. artikulua. Osoko Bilkurak kalte-ordainak, dietak eta abar zehaztuko ditu aurrekontuan, honako irizpide hauei jarraikiz:

1. Udalbatzako kide guztiek, aurrekontuan ezarri baldintzetan, badute eskubidea kudeaketa arloko erantzukizunak izanik dedikazio esklusiboa aitortua ez duten Udalbatzako kideek jaso beharreko dietak eta kalte-ordainak hartzeko.

Era berean, udal gobernuko organoetan parte hartzeagatik oro har hartu beharreko ordainaren eskubideak finkatzen ahalko dira aurrekontuan.

97. artikulua. Aipatu zenbatekoak, guztira, ez dira izanen arloko legeria orokorrean horretarako zehazten diren gehienekoak baino handiagoak.

III. KAPITULUA

Gobernuko aferei buruzko informazioa izateko eskubidea

98. artikulua. Zinegotziek badute eskubidea beren karguan aritzeko beharrezkoa duten informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak.

99. artikulua. Aurreko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean izan ezik. Halakoetan, alkateak behar den udal departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

100. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi ordezkariak kasu hauetan baizik ezin du eskaera ukatu:

–Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

–Gaiak herritar segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritzen ahal dela aurreikusten delako.

–Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.

Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

101. artikulua. Agiriak edo informazioa eskatzen bada, eskaera aintzat hartu beharko da. Informazioa ukatzen bada, arrazoiak azaldu beharko dira beti.

102. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo administrazio egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea.

IV. KAPITULUA

Interesen erregistroa

103. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75.5 artikuluaren esparruaren barnean, Erregelamendu hau onetsi eta hilabeteko epean eratuko da erregistro hori. Erregistro hori Udalaren Idazkaritza Orokorrean eratuko da eta oinarri hauek izanen ditu arau:

a) Interes Pribatuen Erregistroa Udalbatzako idazkariaren erantzukizuna da. Liburu foliodun eta koadernatuan erabiliko da, aldez aurretik mekanizatu ahal izatea deusetan ukatu gabe.

Interesen Erregistroko liburuaren hasieran idazkariaren probidentzia eta alkatearen oniritzia jasoko dira. Aitorpen guztiek interesdunaren sinadura eduki beharko dute, baita idazkariaren egiaztapena ere, Udalaren fede-emaile publikoa baita.

b) Kide orok interesen zinpeko aitorpena eginen du kargua hartu aurretik, Udalean dituen erantzukizunak aldatzen diren aldiro, ondasunetan edo aitorturiko jardueretan funtsezko aldaketak gertatzen direnean eta kargua utzi edo agintaldia bukatu baino lehen. Horretara beharturik daudenen interesen aitorpena aldez aurreko baldintza izanen da osoko bilkuran edo beste edozein udal organotan karguaren jabetza hartzeko, erantzukizunen aldaketa onartzeko edo kargua uzteko.

c) Erregistroko datuak aldatu direlako interesen aitorpena egin behar denean, gehienez ere hilabeteko epea egonen da horretarako, aldaketak gertatzen diren egunetik hasita.

d) Interesen aitorpena zinpeko aitorpena izanen da, eta betiere honako kontzeptu hauek jasoko ditu:

–Ondare higiezina.

–Ondare higigarria.

–Ibilgailuak.

–Merkataritzako edo industriako jarduera eta ogibideak.

–Besteren konturako lanak.

–Lanbide liberaletan aritzea.

–Bestelako diru iturriak.

Kasu bakoitzean, jabea nor den edo, behar izanez gero, diru iturriak zein diren adieraziko da. Haien balio ekonomikoa zenbatekoa den ere zehaztu beharko da. Orobat, berariaz aipatu beharko dira interesdunaren udal jarduerarekin ikusteko zuzena izan dezaketen jabetza edo jarduerak.

e) Udalerrian erroldaturiko edozein herritarrek ikusten ahalko du erregistro hori.

VIII. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Herritarren eskubideak: informazioa eta parte-hartzea

104. artikulua. Herritar, egoiliar eta bisitari guztiek ondoko eskubide hauek dituzte, hala legeria orokorrean nola Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:

–Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa, eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak, Kontrol eta Jarraipen Batzordearen proposamenak aintzat hartuta.

–Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo beraiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.

–Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.

–Udalaren osoko bilkuretara eta beste gobernu organoen bileretara agertzea, hala zehazten denean. Parte hartzeko eskubidea ere badute, Erregelamendu honetan zehazten den gisara.

105. artikulua. Herritarrek Erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzaketelarik.

106. artikulua. Batzordeburu batek komenigarritzat jotzen badu, lan bileran landu beharreko gaiei zuzenean lotuta dauden entitateak edo pertsonak gonbidatzen ahalko ditu noizean behin.

Udalbatzarekin zerikusirik izan gabe gonbidatu diren pertsonak kanporatzen ahalko dira bilkuretatik, batzordeburuaren ustez haien portaera egokia ez bada.

II. KAPITULUA

Informazioa kontsultatu eta eskuratzea

107. artikulua. Herritar guztiek publikotzat jotzen diren udal agiriak eta zuzenean interesatzen zaizkienak eskuratzeko eskubidea dute, baita haien kopia eta egiaztagiriak lortzeko ere.

108. artikulua. Ez dira inolaz ere publikotzat joko jendearen intimitatea ukitzen ahal duten agiriak edo tituluan, eskubidearen mugez edo zinegotzien informazioaz ezarri diren beste kasuetan daudenak.

109. artikulua. Agiri historikoak edo udal artxiboan nahiz erregistroetan bildutakoak eskuratzeko muga bakarra Konstituzioaren 105. artikulua garatzen duen legerian oro har ezarritakoa da.

110. artikulua. Herritar orok badu eskubidea zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten agiriak eskuratzeko, publikotzat joak ez izan arren, hirugarrenen eskubideak zainduz.

111. artikulua. Gobernu organoen erabakiak eta ebazpenak eskuratzeko, Udalbatzako idazkariari aurkeztutako eskabidearen bitartez tramitatuko da eskaera. Gainerako kasuetan, alkateari, alkateordeei edo dagokion arloko ordezkariei eskatuko zaie informazioa.

112. artikulua. Kontsultatzeko eskaera egindakoan, berehala eta beranduenez ere hamar egun balioduneko epean emanen da baimena. Epe hori iraganik ez bada berariazko erantzunik, baimena eman dela ulertuko da.

113. artikulua. Nolanahi ere, baimena ukatzeko, aplikagarria den legerian edo Erregelamendu honetan zehaztu kasuetan oinarrituriko arrazoiak beharko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

114. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legeria orokorrean ezarritako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

115. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkezten ahal dizkio bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmoa duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egiten ahal dio bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion aktaren zatiaren kopia igorriko dio haren egileari.

115 bis. artikulua.

1. Udalaren Erregistroan inskribatutako herritarren elkarteetako batek Udaleko osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai-zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

2. Alkateak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia adierazten ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aurretik zehaztuko den denbora tartean.

3. Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek behin betiko onesten denean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.

Iragarkiaren kodea: L2004463