89. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABERIN

Aberingo bazkalekuen ordenantza. Behin betiko onespena

Aberingo Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Aberingo Barrutiko bazkalekuen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2020ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 9an, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, ordenantza behin betiko onetsi eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Aberinen, 2020ko apirilaren 8an.–Alkatea, Francisco Javier Fernández Velasco.

ORDENANTZA, ABERINGO UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ematea zuzeneko esleipena egin dadin Aberingo udal bazkalekuetako larreen adjudikaziodun izateko eskubidea duten Aberingo biztanleentzat, eta bazkaleku horien aprobetxamendu zuzena egin dadin, bat etorriz Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren II. tituluarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen IV. tituluarekin, bertan ezarritako mugen barnean.

2. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.

b) Udalaren Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 3 urteko antzinatasunez.

c) Aberinen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Abeltzain jardutea. Hori frogatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Zentsuaren Erregistroan alta emanda egon beharko da.

e) Aberingo Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

3. artikulua. Udal honek bazkaleku hauen titularra da gaur egun, eta hauek dira haien mugak:

–Arriba 1: Arintzanoko eta Etxabarriko muga, Morentin-Lizarra errepide berritik Bortonako bideraino eta Arintzanoko mugaraino.

–La Garita 1: Iruñeko bidetik Oteitzako mugaraino, eta Baigorri eta Alto Grandeko bidetik El Algiberaino, eta El Algibetik, ezkerreko muinotik, Oteitzako mugaraino.

–Arriba 2: Arintzanoko mugatik Morentingo mugaraino, Ega ibairaino eta Morentin-Lizarra errepide berriraino.

–La Garita 2: Morentingo mugatik, Baigorritik, Iruñeko bidetik, Baigorriko eta Alto Grandeko bidetik El Algiberaino, eta El Algibetik, eskuineko muinotik, Oteitzako mugaraino.

–La Plana: Ega ibaitik Iruñeko bideraino, eta Morentingo eta Arintzanoko mugetaraino.

4. artikulua. Kontuan harturik bazkaleku bakoitzaren lurzoru mota, kokalekua, laborantzak eta inguruabar bereziak, tasazio hau finkatu da:

–Arriba 1-La Garita 1: 1.210,53 euro.

–Arriba 2-La Garita 2: 1.210,53 euro.

–La Plana: 1.210,53 euro.

5. artikulua. Udalak 15 eguneko epea ezarriko du ordenantza honen 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenek bazkalekuak esleitzeko eska dezaten.

Eskabidearekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituela erakusten duena.

6. artikulua. Ahozko posturen bidezko prozedura erabiliko da udal bazkalekuen herritarren arteko zuzeneko esleipena egiteko, horretarako eskubidea duten eskatzaileen artean, bazkalekuen balio errealaren %80tik %90era bitarteko mugen gainean.

Posturen artean, batzuk iristen badira %90era (esleipenaren gehieneko muga), zozketa bat eginen da gehieneko eskaintza berdin horien artean.

7. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren prozedura bukatuta, eta bazkalekuak oraindik esleitu ez badira, enkante publikoa eginen da, hartan aurreikusitako epea bera emanda eta indizetzat hartuta bazkalekuen balio errealaren %90.

8. artikulua. Esleipenaldia 8 urtekoa izanen da, osoko bilkuran esleipena egin eta biharamunetik hasita.

Esleipena bukatzeko epea baino lehen aprobetxamenduaren titularrak abeltzaintzako jarduera uzten badu, abeltzainak hori jakinarazi beharko dio Udalari jarduera utzi baino hiru hilabete lehenago, gutxienez. Udalak erabakiko du belar horiek nola aprobetxatuko diren epea bukatu arte.

9. artikulua. Errespetatu egin beharko dira euriondoko 3 egun, neguan, eta egun batekoa, udan, baina sekula ezin da sartu lurrak istiltsuak badaude.

10. artikulua. Laboreetarako diren herri-lurretako lurzatiak ezin izanen dira landu irailaren 25a baino lehenago, horrela bertako belarrak aprobetxatzeko aukera izanen da.

11. artikulua. Bazkalekuko abeltzain adjudikaziodunak ezin izanen du inolako kalte-ordainik eskatu, bertako idoiak idortzen badira, eta haren kontura izanen da aziendarendako behar den ur hornidura.

12. artikulua. Adjudikazioduna izanen da erantzulea bere aziendak sortzen dituen kalteena.

13. artikulua. Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Azienda katastroan edukitzea, esleipenak dirauen bitartean.

b) Esleituriko bazkalekua ez ematea azpierrentamenduan, ez beste bati eskualdatzea.

c) Ez bazkatzea eta ez pasatzea Aberingo eta Muniaingo biztanleguneetatik.

14. artikulua. Udalak beretako gordeko du egun landugabe dauden herri-lurrak berriz hartzeko eskubidea, nekazaritzarako erabiltzeko, larre berriak sortzeko edota basoberritzeko, betiere adjudikaziodunari kalte-ordaina emanez, okupatutako azaleraren arabera, esleipenaren prezioa kontuan hartuta, eta larreen aprobetxamendu gabe emandako denbora ikusita.

15. artikulua. Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, bermatzen duena aplikatu beharreko xedapen indardunetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

16. artikulua. Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai belarrak aprobetxatzeko epean ezar daitezkeenak ere. Orobat, adjudikaziodunak, esleipenaren unean, bazkalekuaren balioaren %10eko berme bat utzi beharko du, baina soilik enkante bidez egiten bada esleipena; bermea itzuliko zaio fidatzaile solidarioa eta kaudimenduna (udalaren iritziz) aurkeztu ondoan.

17. artikulua. Adjudikaziodunek Udal Diruzaintzan ordainduko dute esleipenaren urteko zenbatekoa, hiruhilekotan ordaindu ere, hiruhileko bakoitza amaitu baino hamar egun lehenago, gutxienez. Hiruhilekoa iraganik zenbatekoa ordaindu ez bada, hura handituko da %10 gehituta, eta 5 egun iraganik ordainketa egin ez bada, Derrigorrezko Diru-bilketako Agentziaren esku geldituko da, premiamendu bidez bil dezan, dela adjudikaziodunaren kontra eginez, dela fidatzaile solidarioaren kontra eginez.

18. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Ez betetzea herri-larreetan alatzen diren animalien osasuna zaintzeari buruzko foru legean xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan adierazitakoa.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Esleitu ez zaizkion bazkalekuetan aziendak sartzea.

d) Azienda alatzea edo bertatik iragatea, ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

e) Norberari esleitu zaion bazkalekua bertzeri errentan ematea edo eskualdatzea.

f) Adjudikaziodunaren jabetzakoa ez den aziendak bazkalekuaren aprobetxamendua egitea.

g) Ordenantza honetako 2. artikuluko baldintzetakoren bat ez betetzea.

h) Abeltzainak Udalari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jardueran gelditu dela.

19. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–Ordenantza honen 18. artikuluko a, e, f eta g letrei buruzkoek kontzesioa galtzea ekarriko dute.

–Ordenantza honen 18. artikuluko b, c, d eta h letrei buruzkoek, 90 euroko isuna, gehienez.

Hori guztia, ondasun publikoetan edo hirugarrenen ondasunetan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

20. artikulua. Kanon hori urtero eguneratuko da, nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen balio-gehikuntzaren arabera. Larreen balio errealaren %90 izanen da kanona.

21. artikulua. Udalak artegi bat eginen balu, urteko kanon edo errenta bat ezarriko luke udalak hura erabiltzeagatik; ulertu behar da aparteko kanona dela, eraginik ez duena bazkalekuen balorazio errealaren gainean, baina kanona berrikus daiteke, bizitzaren balioaren indizearen arabera. Adjudikaziodunak ordainketa bakarrean pagatuko du errenta hori, belarren hirugarren epearen zenbatekoarekin batera.

Adjudikazioduna izanen da erantzulea aipatu artegian sortzen diren kalteena.

Artegian sortzen den simaurra harena izanen da eta hartaz baliatzen ahalko da esleipenaren azken eguna arte; gero Udalarena izanen da.

22. artikulua. Garita 1 eta Garita 2 bazkalekuen loteei dagokienez, laboreak eta haien ezaugarri bereziak direla eta, uzta biltzen denetik urriaren 1a arte baino ezin da hango larrea aprobetxatu.

23. artikulua. Adjudikaziodun batek artegirik ez badu esleitzen zaion bazkalekuan, beste adjudikaziodunek baimendu beharko diote beren bazkalekutik pasatzea artegia dagoen tokiraino, eta bidean dauden bazkalekuei kalterik txikiena egiten zaien bideetatik. Adjudikaziodunak ados jartzen ez badira, udalak finkatuko du azienda pasatzeko ibilbidea.

Iragarkiaren kodea: L2004466