88. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Deialdi publikoaren oinarriak, dirulaguntzak emateko, Tuteran oinarrizko kirolaren eta goi-mailako kategorien sustapenean denboraldiko kirol jardueretan parte hartzeko, publizitate eremuak ustiatzeko eta kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta ekitaldiak (puntualak) antolatzeko urte natural batean

Tuterako Udalak, 2020ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, Tuteran urte natural batean zehar oinarrizko kirola eta ekitaldi puntualak bultzatzeko dirulaguntzen deialdi publikoa arautuko duten oinarriak onetsi zituen.

Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zirela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa bete beharrez, ezartzen baitu publizitatea dela dirulaguntzen printzipioetariko bat. Lege horren 9.3 artikuluan hau xedatzen da: “Dirulaguntza mota bakoitza arautzen duten oinarriak dagozkion egunkari ofizialean argitaratuko dira”; bi aginduak (8 eta 9.3 artikuluak) legeria oinarrizkoak dira eta, beraz, Administrazio Publiko guztiei aplikatu beharko zaizkie; printzipio bera finkatzen du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluak.

Horiek horrela, argitara ematen dira oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Tuteran, 2020ko apirilaren 1ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi hau oinarritzen duten printzipioak publizitatea, gardentasuna, lehiakortasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeria eza dira. Bi dirulaguntza lerro irekitzeko xedea du:

1.1. Irabazi asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak ematea, kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatu edo antolatzen badituzte urte natural batean eta Tuteran, betiere antolatzailearendako defizitarioak direnean.

Kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualen edukiak ondoko xede hauetariko bat betetzen laguntzen dutenean baizik ez dira diruz lagunduko:

–Tuteran kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antolatzeari sostengu ematea, herritarrei parte hartzeko aukera ematen dietenean, bai arizale gisa bai ikusle gisa. Kontuan hartuko da, bereziki, jarduerak zer errentagarritasun soziala duen, Kirol Zinegotzigoaren kirol programei begira.

–Klubek edo elkarteek maila altuko kirol jarduerak antola ditzaten sustatzea; gogoan izanen dira ikuskizunaren kalitatea, parte-hartzaileen itzala, iraupena, errentagarritasuna ikusle kopuruaren aldetik edo ekitaldien oihartzuna.

–Hedapen gutxiko kirolak ezagutzera emateko ekitaldi puntualak sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bulkatuko duten ekitaldi puntualak sustatzea.

–Egungo kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko parada eman beharrez.

1.2. Oinarrizko kirolean eta/edo goi-mailako kategorietan funtsaturik, denboraldian edozein kirol motatan parte hartzeko dirulaguntzak ematea, urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitarte egiten bada, kirol federazio edo entitate antolatzaileak ezarritako egutegiari jarraikiz, dirua irabazteko asmo nabarmenik ez badute eta bereziak edo bakanak izateagatik Tuterako Udalaren bestelako oinarri edo deialdi berariazkoagoan arauturik ez daudenetan. Partaidetza zuzendua dago Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak kiroletan aritzera, oinarrizko kirolari dagokionez, eta adin mugarik gabea izanen da, goi-mailako kategoriei dagokienez.

1.2.1. Partaidetzaren edukiak ondoko xede hauek betetzen eragina dutenean baizik ez dira diruz lagunduko:

–Kirol kluben, kirol elkarteen eta irabazi asmorik gabeko klub eskumendekoen entitate titularren partaidetza bulkatzea edozein kirol jardueratan, betiere haien helbide soziala Tuteran bada edo kirol jarduera herri honetan gauzatzen badute, eta legez eraturik eta erregistraturik badaude, eta betiere oinarrizko kirola sustatzeko bada.

–Kirola eta haren sustapena bulkatzea hiriko klubetan, kiroletan aritzea Tuterako biztanle guztiei erraztu beharrez.

–Urritasun psikiko edo fisikoa duten pertsonak kirola egitera bulkatzea.

–Laguntasuna, talde-lana, begirunea eta kirol diziplinen ezagutza sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea.

–Egungo kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko parada eman beharrez.

1.2.2. Oinarrizko kirola eta/edo goi-mailako kategoriak sustatzeko dirulaguntzen lerro honek, edozein kirol motatan parte hartzeagatik, Udalaren zenbait materialen erabileraren lagapena dakar berarekin, piraguismoko diziplinan. Materialen zehaztapena, deskrizpioa, balorazioa, unitateak eta haien egoera jasoko dira urteroko deialdia onesteko Gobernu Batzarrak hartzen duen erabakian.

Lagapenerako, baldintza hauek ezarri dira:

–Materialaren erabileraren lagapena kirol ikastaro baterako eginen da; lagatzeko behar den udal erabakian finkatuko da onuradunari noiz eta non entregatuko zaion eta noiz eta non itzuliko zaion Udalari.

–Materialak beren egungo egoeran lagako dira, eta horiek eskuratzen dituztenek konpromisoa hartzen dute leku egokian edukiko dituztela, konponduko dituztela hondatuz gero eta zuzen mantenduko dituztela lagapenak dirauen bitartean.

–Udalak interesdunen esku uzten du Ribotas kirolguneko aldagelen azpian dagoen biltegia, bertan uzteko oinarri hauen bitartez erabiltzeko lagako diren piraguak eta bizikletak, hurrenez hurren. Udal langileek erraztuko dute lokal horretarako sarbidea.

–Lagatako materialak zer egoeratan eskuratu ziren erabilera eta mantentzearen aldetik, beren hartantxe itzuliko dira, Udalak onartuko badu ere erabilera normalari dagokion higatzea.

–Ondasunak itzuli ondoan, Udalak bere gain hartu behar baldin badu onuradunari zegokiokeen konpontze edo mantentze gasturen bat, interesdunari kobratuko zaio behar den espedientea tramitatu ondoan.

–Materialak zertarako laga diren, hartarakoxe erabiliko dira; xedea oinarri hauetan gelditu da ezarririk.

–Baldintza hauetako edozein ez betetzeak ekarriko du Udalari itzultzea lagatako materialak eta onuradunak hurrengo deialdietan haien lagapena ezin eskatzea.

1.3. Udalak zuzenean kudeatzen dituen udal instalazioak publizitatea jartzeko lagako zaizkie denboraldiko edozein kirol motatan parte hartzen duten klubei edo entitateei, urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitarte, betiere irabazi asmo nabarmenik gabe. Proposatutako eremuak eta/edo haien deskrizpioa jasoko dira urteroko deialdia onesteko Gobernu Batzarrak hartzen duen erabakian.

1.3.1. Partaidetzak ondoko xede hauek betetzen eragina dutenean baizik ez dira diruz lagunduko:

–Kirol kluben, kirol elkarteen eta irabazi asmorik gabeko klub eta eskumendekoen entitate titularren partaidetza bulkatzea edozein kirol jardueratan, haien helbide soziala Tuteran bada edo kirol jarduera herri honetan gauzatzen badute, eta legez eraturik eta erregistraturik badaude.

–Kirola eta haren sustapena bulkatzea hiriko klubetan, kiroletan modu federatuan aritzea erraztu beharrez.

–Urritasun psikiko edo fisikoa duten pertsonak kirola egitera bulkatzea.

–Laguntasuna, talde-lana, begirunea eta kirol diziplinen ezagutza sustatzea.

–Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea.

–Egungo kluben sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, gutxiengoen nahiz gehiengoen kirola egiteko parada eman beharrez.

1.3.2. Publizitate eremuen erabilera lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:

–Publizitatea jartzeko aukera emanen zaie kirol denboraldian udal instalazio horretan entrenatu eta lehiatu ohi diren klubei soilik.

–Eskaera egiten duen kirol entitate bakoitzari ahalik eta eremu gehien lagako zaizkio, eskaera guztien arteko berdintasun irizpideei jarraikiz.

–Lagapen-hartzaileak zuzenean kontratatu eta ustiatuko du publizitatea eta, horretarako, arlo hauetan indarra duen legedia bete beharko da: publizitatearen ustiapena, kirol instalazioetan publizitatea jartzea eta bete beharreko segurtasun arauak, publizitatea jartzean, lotzean eta abarretan.

–Tuterako Udaleko ekonomia jardueren zergako 844. epigrafean alta eman beharko dute, urtero eta publizitatea jarri aurretik.

–Eremuak kirol denboraldi baterako lagako dira, eta lagapen-hartzaileak kendu egin beharko ditu publizitateko panelak denboraldia bukatu eta hilabeteko epean.

–Lagapenak dirauen bitartean, entitate bakoitzak kontratatzen duen publizitatearekin okupatuko dira eremuak. Laga arren publizitaterik hartzen ez duten eremuek hutsik egon beharko dute.

–Lagapen-hartzaileek ezin izanen dute laga ez zaien publizitate eremurik erabili, ez eta beste entitate batzuei lagatako publizitate hesiak kendu edo estali ere, hurrengo paragrafoan ezarritakoa salbu.

–Udalak, oinarri hauei jarraituz, egindako eremuen banaketa edozein delarik ere, instalazio bakoitzaren onuradunek publizitaterako eskura dagoen eremu guztia erabili ahalko dute beraien lehiaketa ofizialetan eta haiek antolatutako edozein jarduera garatzen den bitartean. Kasu horretan, bermatuko dute gainerako onuradunen publizitate kartelek ez dutela inolako murrizketarik jasaten, eta aurkitu zituzten egoera berean utzi beharko dituzte. Halaber, lehiaketa edo jarduera hasi baino bi ordu lehenago muntatuko dira gehienez ere, eta hura bukatu eta hurrengo bi orduetan desmuntatuko, gehienez ere.

–Udalak bermatzen du publizitate mota hori ezartzeko espazioak kontserbazio egoera onean daudela, bereziki ainguraketei eta egituraren sendotasunari dagokienez.

–Kirol entitate bakoitzak jartzen duen publizitatea zaindu, mantendu eta kontserbatzea entitate horri egokituko zaio lagapen aldi guztian, eta aintzat hartu beharko ditu Udalak kontserbazio egoerari, jartzeko moduari eta abarri buruz egiten dituen eskaera guztiak.

–Lagapen-hartzaileek 150 euroko fidantza jarri beharko dute, banaka, Udal Diruzaintzan, Udalak egin beharreko konponketei erantzuteko, entitateek publizitatea zaindu, mantendu eta kontserbatzeko beharkizunak betetzen ez dituztenean.

–Fidantza horiek agortzen badira, lagapen-hartzaileek berritu egin beharko dituzte osorik, Udalak jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean. Interesdunek hasierako bermea jartzeari edo berritzeari buruz ezarritakoa betetzen ez badute, lagapen hori bukatutzat joko da eta Udalak kendu eginen du paneletako publizitatea.

1.4. Eskatzaileek aurkeztu behar dituzten gastuen artean, gastu hauek ez dira kontuan hartuko:

–Jokalari-kirolariei eta/edo entrenatzaileei ordaintzeko gastuak, behar den lan-kontratu legezkorik eta behar den altarik ez badute Gizarte Segurantzan.

–Ohiko funtzionamenduko gastuak (telefonoa, argindarra, egoitzaren alokairua, eta abar).

–Kirolaren sustapenari zuzenean egozten ahal ez zaizkion gastuak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdira aurkeztu ahalko dira:

–Irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldintza hauek betetzen dituztenak:

  • Tuterako Udaleko bizilagun elkarteen udal erregistroan izena emanda egotea elkartea.
  • Legez eraturik egotea eskabidea aurkezten den egunean.
  • Helbide soziala eta fiskala Tuteran izatea.
  • Zerga betebeharrak eguneratuta izatea Tuterako Udalarekin, Udalaren Ur Batzordearekin eta Castel Ruiz tokiko enpresa entitate publikoarekin.
  • Indarra duen hitzarmenik edo kontraturik ez izatea Tuterako Udalarekin, kirol jarduera edo hirian kirol ekitaldi puntualak egitea sustatzen duten programak kudeatzeko eta garatzeko.

3.–Laguntza jasoko duten jarduerek bete beharrekoak.

3.1. Kirol izaerakoak izatea eta ikusteko izatea oinarri hauetan eta, zehatz-mehatz, 1.1, 1.2 eta 1.3 puntuetan ezarritako helburuekin.

3.2. Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzen dituzten herritar elkarteei dirulaguntzak emateko helburua izatea, eta horiek urte natural berean egitea edo egin izana.

3.3. Kirol klubek kategoria desberdinetan denboraldian egiten dituzten entrenamendu eta/edo lehiaketa ofizial nahiz jostetakoen ondoriozkoak izatea, eta horiek urte bateko irailetik hurrengo urteko abuztura bitartean egin izana.

3.4. Interes soziala izatea.

3.5. Tuterako Udalak finantzatzen dituen beste programa batzuetan sarturik ez egotea.

3.6. Herritar guztiei irekiak izatea.

4.–Laguntzen zenbatekoa.

Oinarri hauei jarraituz, Tokiko Gobernu Batzarrak onesten duen dirulaguntzen urteko deialdiak finkatuko du dirulaguntza lerro bakoitzarendako gehieneko aurrekontu kontsignazioa, betiere bat etorriz Osoko Bilkurak onetsitako gastuen aurrekontuan haiei dagozkien partidekin.

5.–Deialdia eta eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira eskabideak: Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren bulegoetan (HLZ), Herriko Etxeko ezkaratzean (Plaza Vieja, 1) eta Lourdes auzoko bulegoan (Escos Catalán, z.g.).

Eskaerak aurkezteko epea Tokiko Gobernu Batzarrak ezarriko du urteko deialdia onesteko erabakian.

Halaber, materialaren edo publizitate eremuen erabilera lagatzeko eskaerak Tokiko Gobernu Batzarrak ezarritako epean aurkeztu beharko dira.

Oinarri honetan ezarritako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntzaren eskabidearekin aurkeztuko diren agiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsaltuak izanen dira. Kirol entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahalko du, kirol mota desberdin bat baino gehiago bulkatzen badu ere.

Eskabidea aurkeztu ondotik, dokumentazioak oinarri hauetan eskatutakoa betetzen ote duen egiaztatuko da. Hala ez bada, gehienez ere 10 eguneko epea emanen zaie eskatzaileei, eskabidea zuzentzeko eta hobetzeko, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; hura posta elektronikoaren bidez eginen da (posta helbidea izanen da eskaeran agertuko dena), aurkeztu ez den dokumentazioa aurkezteko edo akatsak zuzentzeko. Epe hori iraganik egin ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta haren eskaera artxibatuko da, Udalak horretarako erabakia hartu ondoan.

Eskatzen den dokumentazioa:

6.1. I. eranskineko inprimakia, Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzeko laguntzak eskatzen direnean. Eranskin horrekin batera aurkeztuko dira oinarri hauetako 7.2.1 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko agiriak.

6.2. II. eranskineko inprimakia, oinarrizko kirolerako laguntzak eskatzen direnean, denboraldiko edozein kirol jardueratan parte hartzeko. Harekin batera, kirol klub edo entitate eskatzailea ordezkatzen duten kirolarien zerrenda gehituko da, eta hartan zehaztuko, zer kategoria edo lehiaketatan parte hartzen ari diren, eta kirolariaren sexua edo generoa. Lehiaketaren egutegi ofizialen kopiak erantsiko dira, baita dagokion federazioaren agiria ere, tramitatutako kategoria bakoitzeko lizentzia federatiboen kopurua biltzen duena, oinarri hauetako 7.2.2 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko.

6.3. III. eranskineko inprimakia, goi-mailako kategorietako kirolerako laguntza eskatzen denean, denboraldiko edozein kirol jardueratan parte hartzeko. Harekin batera, kirol klub edo entitate eskatzailea ordezkatzen duten kirolarien zerrenda gehituko da, eta hartan zehaztuko, zer kategoria edo lehiaketatan parte hartzen ari diren, eta kirolariaren sexua edo generoa. Lehiaketaren egutegi ofizialen kopiak erantsiko dira, baita dagokion federazioaren agiria ere, tramitatutako kategoria bakoitzeko lizentzia federatiboen kopurua biltzen duena, oinarri hauetako 7.2.2 artikuluan jasotako baremoa aplikatu ahal izateko.

6.4. Jatorrizko agiriak edo kopia baimenduak, honako hauek frogatzeko: elkarte eskatzailearen nortasun juridikoa, eta helbide soziala eta fiskala Tuteran izatea.

6.5. Ordezkariaren ahalordearen dokumentazioa, jatorrizkoa edo kopia baimendua, dirulaguntza eskatzeko ahalmena duela akreditatzen duena, edo jatorrizkoaren benetako kopia, bai eta nortasun agiri nazionalaren benetako kopia ere.

6.6. Jatorrizko agiria edo kopia baimendua, Foru Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak beteak dituela dioena.

Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du oinarri hauen arabera dirulaguntzak eskatzen dituzten elkarte edo pertsonak betebehar fiskalak beteak dituztela Udalarekin, Udaleko Ur Batzordearekin eta Castel Ruiz tokiko enpresa entitate publikoarekin. Ofizioz egiaztatuko du, orobat, Udaleko auzo elkarteen erregistroan sarturik dauden.

Aurreko deialdietan jada 6.4 eta 6.5 ataletako agiriak aurkeztu zituzten elkarteek ez dute orain ere egin beharko; halakoetan, elkartearen ordezkariak zinpeko aitorpena aurkeztuko du (IV. eranskina), elkartearen estatutuetan eta ordezkaritzan aldaketarik ez dela izan dioena; horrez gain, eskabidea aurkeztu ondotik elkartearen helburuetan edo zuzendaritza taldean inolako aldaketarik gertatzen bada, elkarteak, bere legezko ordezkarien bidez, jakinarazi eta egiaztatu beharko du hala dela.

6.7. Hala behar denean, V. edo VI. eranskinen araberako eskabidea, non sartuko baita eskatzen den materiala, haren erabilera lagatzeko, edo publizitate eremuen eskaera.

Gainera, egin diren jarduerekin ikusteko duen beste edozein agiri aurkeztu ahalko da, kirol klub edo entitateari eta/edo Tuterako Udalari interesgarria iruditzen bazaio.

7.–Balorazio Batzordea eta irizpideak.

7.1. Balorazio Batzordea eratuko dute kiroletako zinegotziak, Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan sartuta dagoen, bada alor horretako erdi mailako teknikariak, alor horretako zuzendariak eta kiroletako teknikari-koordinatzaileak. Balorazio batzorde horrek dirulaguntzak banatzeko txosten-proposamena eginen du, zeina igorriko baitzaio Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan dagoen, bada hari dagokion informazio batzordeari. Horrek dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko dio Tuterako Udaleko Gobernu Batzarrari.

7.2. Aurkeztutako jarduerak baloratzeko irizpideak eta laguntzaren zenbatekoaren zehaztapena baremo honi jarraikiz ezarriko dira:

7.2.1. Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzen dituzten herritar elkarteendako laguntzei dagokienez:

–Jardueraren aurrekontu ekonomikoa (25 puntu, gehienez ere).

  • Diruz lagungarriak diren kontzeptuak, I. eranskinean jasoak jardueraren aurrekontu ekonomikoaren apartatuaren barnean, puntu 1 emanen da 200 euroko.

–Gizartean duen oihartzuna: (10 puntu gehienez).

  • Interneten zabaltzea, web orriaren eta gizarte sareen bitartez: gehienez ere 6 puntu.
  • Presentzia hedabideetan (albisteen argitalpena Nafarroako prentsan, bertako astekarietan eta abar): gehienez ere 4 puntu.

–Norgehiagoka maila: (15 puntu gehienez).

  • Herrikoiak: gehienez ere 5 puntu.
  • Federatuak: gehienez ere 10 puntu.

–Parte-hartzea: (20 puntu gehienez).

  • 100 partaide bitarte: gehienez ere 8 puntu.
  • 100 partaide baino gehiago: gehienez ere 12 puntu.

–Ikusleak eta inskripzioa: (10 puntu gehienez).

  • Doako ikuskizuna: 3 puntu.
  • Doako inskripzioa: 7 puntu.

–Emakumearen partaidetza: (10 puntu gehienez).

  • Partaide guztien %10 bitarte: gehienez ere 2 puntu.
  • Partaide guztien %50 bitarte: gehienez ere 3 puntu.
  • Partaide guztien %50 baino gehiago: gehienez ere 5 puntu.

–Desgaitasuna duten pertsonen partaidetza: (10 puntu gehienez).

  • Partaide guztien %5 bitarte: gehienez ere 3 puntu.
  • Partaide guztien %6 baino gehiago: gehienez ere 7 puntu.

Puntuaren balioa: Puntu bakoitzeko 20 euro izanen da.

7.2.2. Dirulaguntzak emateari eta udal jabetzako materialak lagatzeari dagokienez, edozein kirol jardueratan parte hartzeko, denboraldiko oinarrizko kirola eta/edo goi-mailako kategoriak sustatzeko, diruz lagun daitezkeen kontzeptu hauek eta baremo hau ezarri dira:

–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak:

  • Norgehiagokan izena ematea, lizentziak eta federazioko beste kuota batzuk: %15 gehienez.
  • Joan-etorrien gastuak: %10 gehienez.
  • Bidaietako ostatu eta mantenu gastuak: %10 gehienez.
  • Material suntsikorra eta kirol ekipamendua: %10 gehienez.
  • Monitore/entrenatzaileen kontratazioa: %15 gehienez.
  • Udalaren kirol instalazioen erabilera: %100 gehienez.
  • Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua erabiltzea, osasun azterketetarako, lesioen tratamendurako etab.: %100 gehienez.

–Baremoa:

a) Lizentzia federatiboen eta/edo partaideen kopurua: benjamin edo txiki bakoitzeko 5 puntu, kimu bakoitzeko 10 puntu, haur bakoitzeko 15 puntu, kadete bakoitzeko 20 puntu, junior/gazte bakoitzeko 35 puntu, senior/amateur bakoitzeko 45 puntu eta beterano bakoitzeko 50 puntu.

b) Jarduera federatuetan: talde bakoitzeko, kirol kolektiboetan, edo 6 kirolaritik, banakako kirolean, kategoria nazionalekoa bada, 75 puntu; erkidegoen artekoa bada, 25 puntu; erkidegokoa bada, 15 puntu, eta eskualde edo herri mailakoa bada, 5 puntu.

c) Udalaren kirol instalazioen erabilera: erabilera edo partida ordu bakoitzeko, 1,2 puntu.

d) Kirolariendako osasun azterketak egitea, horretarako erabiliz Kirol Medikuntzaren Udal Zerbitzua: 5 puntu azterketa bakoitzeko.

e) Gastuen aurrekontutik, II. eranskinean jasotako 1etik 5era bitarteko kontzeptu diruz lagungarriak: 8 puntu 1.000 euroko.

–Indize zuzentzailea:

Indize zuzentzaile hau ezarri da, emakumeen kirola eta gutxiengoaren kirolak edo banakakoak bulkatzeko, baita parte hartzen den lehiaketaren kategoria ere. Kontsideratuko da:

  • IZ = 0,80, inolako kirol lehiaketatan parte hartzen ez duten kirol entitate edo klubak, nahiz eta, entrenamendu saioak egiten dituztenez, ikasleen kirol prestakuntzan eragina izan.
  • IZ = 1,10, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol entitate edo klubak, beren estatutuetan kirol mota bat baino gehiago bulkatzeko xedea dutenean.
  • IZ = 1,20, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol entitate edo klubak, kirol kolektiboa sustatzeko asmoa dutenean.
  • IZ = 1,50, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol entitate edo klubak, banakako kirola sustatzeko asmoa dutenean.
  • IZ = 1,60, entrenamendu saioak antolatzen eta edozein kirol lehiaketa motatan parte hartzen duten kirol entitate edo klubak, kirolarien %30 emakumezkoak direnean.

–Puntuaren balioa:

Puntuaren balioa aterako da deialdi bakoitzerako eskura dagoen diru izendapena zati onartu diren eskaera guztien puntuen batura eginda behin indize zuzentzailea aplikatuta.

–Formula aplikagarria:

Hau da aplikatu beharreko formula: (A+B+C+D+E) x IZ x PB. Argigarriak:

  • A = lizentzia kopurua.
  • B = jarduera bakoitzeko.
  • C = instalazioen erabilera.
  • D = osasun azterketak.
  • E = gastuaren aurrekontua.
  • IZ = kirol motaren indize zuzentzailea.
  • PB = puntuaren balioa.

7.3. Eman beharreko zenbatekoak finkatuko dira erdietsitako puntuen arabera eta gehienekoa izanik diruz lagun daitezkeen kontzeptuen eta aurrekontuan eskura dagoen diruaren araberakoa.

7.4. Materialen eta/edo publizitate eremuen erabilera lagatzeko, halaber, eta material edo publizitate eremu bererako eskaera bat baino gehiago dagoenean, aurkeztutako eskabideen artean banaketa proportzionala eginen da.

7.5. Tokiko Gobernu Batzarrak deialdi bakoitza onesteko hartzen duen erabakian finkatuko da oinarri hauen arabera onuradun bakoitzak gehienez ere eskura dezakeen dirulaguntza, dela ekitaldi puntualak antolatzeko, dela oinarrizko kirolaren eta/edo goi-mailako kategorien sustapenean denboraldiko jardueretan parte hartzeko, bai eta materialen eta publizitate eremuen lagapena ere.

7.6. Tuteran egiten diren kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualen kasuan, dirulaguntza horiek bateragarriak dira beste batzuekin, defizitik baldin badago. Diruz lagundutako jardueren ondoriozko defizita txikiagoa bada dirulaguntza emateko erabakian jasotakoa baino, dirulaguntzaren likidazioa eginen da hasierako erabaki horretan aplikatutako portzentaje bera mantenduz.

8.–Prozedura ebazteko epea.

8.1. Kirola Kudeatzeko Zentroa zer alorretan dagoen, hari dagokion informazio batzordeak proposatuko dio ebazpena Tuterako Udaleko Gobernu Batzarrari. Halaber, ondoren egitekoa den aldaketa edo doikuntza oro ere informazio batzordeak proposatuko dio Tokiko Gobernu Batzarrari, balorazio batzordeak txostena egin ondotik.

8.2. Udalak laguntza emateko hartzen duen erabakian agertuko dira dirulaguntzaren helburuak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua, bai eta lagatako materialaren eta publizitaterako hesien banaketa ere.

8.3. Aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, laguntzaren %75 ordainduko da lehen ordainketa batean, bermea jarri beharrik gabe.

8.4. Dirulaguntza eskaera baldin bada denboraldiko oinarrizko kirolarekin eta/edo goi-mailako kategoriekin ikusteko duen edozein motatako kirol jardueratan parte hartzeko, eta hura bukatua bada, edo Tuteran kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzeko, eta horiek eginak badira, orduan ordainketa bakarra eginen da, onartutako zenbatekoaren %100ekoa, betiere 10. oinarrian eskatzen diren frogagiri guztiak aurkeztu badira eskaera aurkezteko unean.

8.5. Azken likidazioa eginen da onuradunek 10. oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; dirulaguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua betetzea ezinbesteko baldintza izanen da. Dirulaguntzaren likidazioa egitean, ateratzen den zenbatekoa txikiagoa bada aurreratutako kopurua baino, eskatzaileak aurreratutako dirulaguntza horretan soberan dena itzuli beharko du, eta legez dagozkion berandutze-interesak aplikatuko zaizkio kopuru horri.

8.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du inolaz ere eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko. Orobat, interesdunak egin gabe baldin badu lehenagoko deialdi bati dagokion dirulaguntzaren likidazioa, ezin izanen du dirulaguntzarik eskuratu oinarri hauen bidez, egin gabe duen likidazioa egiten ez duen bitartean.

9.–Interesdunei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58., 59., 60. eta 61. artikuluek ezarritakoarekin bat.

10.–Onuradunaren betebeharrak.

Ondotik ematen den dokumentazioa, hasierako eskaerarekin batera aurkeztu ez bada, Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko da, Kirola Kudeatzeko Zentroari zuzendurik, hogeita hamar egun naturaleko epean, emateko erabakia jaso zenetik, bai jarduera puntualetan bai oinarrizko kirolaren eta/edo goi-mailako kategorien sustapenean.

Ekitaldi puntuala urte naturaleko azken hiruhilekoan egiten bada eta Udalak ez badu dirulaguntza emateko erabakirik luzatu, 60 egun naturaleko epea izanen da, ekitaldia egiten den egunetik; edozein kasutan ere, hurrengo urteko urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

10.1. Tuteran kirol arloko emankizun, ikuskizun edo ekitaldi puntualak antolatzeko dirulaguntzen kasuan, onuradunek honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

–Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua:

  • Azken balantze ekonomikoa, jardueraren diru-sarrerak eta gastuak adierazita, klubeko diruzainak eta lehendakariak sinatua.
  • Eskatzaileak ordaindutako gastuen jatorrizko faktura/ordainagiriak, eta lortutako diru-sarrerenak. Fakturan, aurkeztutako zerrendan berari dagokion zenbatekoa agertuko da, eta kasu bakoitzean ordainagiriak erantsiko dira, mota honetakoak izan daitezkeenak: bankuko gordekinak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen badu. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean. Lortutako diru-sarrerak justifikatuko dira klubeko diruzainaren ziurtagiriarekin eta lehendakariaren ikus-onespenarekin.
  • Jardueraren benetako balantzearen eta eskabidean aurkeztutako aurrekontu ekonomikoaren arteko aldearen portzentaje berean murriztuko da Udalaren ekarpena, eta inolaz ere ez da handituko, jardueraren benetako balantzea handiagoa bada hasieran aurkeztutako aurrekontua baino.

10.2. Oinarrizko kiroleko eta/edo goi-mailako kategorietako denboraldiko jardueretan parte hartzeagatik eskuratzen diren dirulaguntzen kasuan, onuradunek, gainera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua:

  • Diruz lagundu den jardueraren kariaz ordaindu diren gastuen faktura/ordainagiri guztien zerrenda zenbakitua eta zehaztua, 7.2 puntuan bildutako balorazio irizpideen arabera eta diruz lagundutako kontzeptuei dagokienez bakar-bakarrik. Eredua VII. eranskinekoa da.
  • Eskatzaileak ordaindutako gastuen faktura/ordainagiriak, emandako laguntzaren bezainbatekoak edo hortik goitikoak, aurreko paragrafoan eskatzen diren fakturen zerrendari dagozkionak, eta horien frogagiri gisa. Fakturan, aurkeztutako zerrendan berari dagokion zenbatekoa agertuko da, eta kasu bakoitzean ordainagiriak erantsiko dira, mota honetakoak izan daitezkeenak: bankuko gordekinak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen badu.

10.3. Udalari erakutsi beharko zaio jasotako dirua dirulaguntza funtsatu zuen helburua betetzeko erabili dela eta, orobat, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela edo hartu beharreko jokabidea hartu dela; udal zerbitzuek ikusten badute beharrezkoa dela egiaztapenak egitea, onuradunek utzi beharko diete.

10.4. Emandako laguntzen gainean udal zerbitzuek frogapen eta finantza-kontrolaren arloan egiten dituzten egintzei men egitea.

10.5. Diruz lagundutako jardueraren programa, kartel eta inprimatutako gainerako propaganda mota guztietan nahitaez eta nabarmen agertu beharko da Tuterako Udalaren logotipo ofiziala, inolako kargurik gabe. Logotipoa Kirolak Kudeatzeko Zentroari eskatuko zaio. Baldintza hau betetzen ez bada dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, 12. oinarrian agertzen den portzentajean.

10.6. Tuterako armarria edo irudi korporatiboa (Udalaren hautuaren arabera) eramateko betebeharra jokatzeko edo lehiatzeko ekipamenduetan:

–Armarria edo irudia jokatzeko edo lehiatzeko kamisetaren lepokoaren atzealdean agertuko da, erdialdean serigrafiatua.

–Betebehar hori 2020-2021 denboraldian hasiko da, klub bakoitzeko kategoria goreneko talderako, eta 2021-2022 denboraldian klubeko talde edo kirolari guztiengana hedatuko da jokatzeko edo lehiatzeko kamiseta guztietan armarria edo irudia agertzeko betebehar hori, haien adina edozein delarik ere, edo denboraldiko jardueran zein kategoriatan jokatzen duten kontuan izan gabe.

10.7. Kirola Kudeatzeko Zentroari jakinaraztea xede bererako beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk eskuratu direla, edozein administrazio, pertsona edo entitateren eskutik. Halakorik ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratu ez duela dioena (VIII eranskina).

11.–Laguntza ematen duen administrazioaren betebeharrak.

11.1. Egiaztatzea jarduera gauzatu dela, laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak eta betebeharrak bete direla, eta jarduketak eragindako gastuak eta diru-sarrerak ikustea.

11.2. Dirulaguntzaren onuradunak aurkeztu beharreko justifikazioari balorazio txosten bat erantsiko zaio, Balorazio Batzordeak sinatua (7.1. oinarria).

11.3. Egintzak jakinarazteko eta zuzenketak bidaltzeko, baita Udalaren eta deialdi honi lotu zaizkion kirol klub edo entitateen arteko harremanetarako, ontzat emanen da posta elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

12.–Laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio, pertsona edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, aldez aurretik jakinarazi gabeak, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.

Halaber, dirulaguntza murriztu eginen da, justifikatutako gastuak txikiagoak izan badira diruz lagundutakoak baino.

Hurrengo kasu hauetan ere bidezkoa izanen da hartutako kopuruak itzularaztea, eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte sortutako berandutze-interesak ere eskatu ahalko dira:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak kobratu duen aurrerakina itzuli beharko du Udaleko Diruzaintzan, beranduenez jarduera egin behar zen egunaren biharamunean. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da eta interesak likidatuko dira.

b) Frogagiriak ezarritako epetik kanpo aurkezten direnean. Emandako dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du eta baita laguntzatik lidikatu denaren %75 itzuli beharra ere, interesen erreklamazioaz gain, aipatu bezala.

c) Diruz lagundutako jardueretan Udalaren baimenik gabeko aldaketak egiten direnean.

d) Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

e) Dirulaguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

f) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.

g) Zenbait dirulaguntza batera jasotzen direnean, salbu eta haien artean bateragarriak badira.

h) Diruz lagundutako jardueraren kostuaren muga gainditzen denean, onuradunak bateragarriak diren dirulaguntzak batuz; muga horretatik goitiko zenbatekoari erreparatuko zaio.

i) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.

j) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzen zaizkienean eta horiei men egin beharra betetzen ez denean.

10.5 oinarrian ezarritako betebeharra ez betetzeak dirulaguntzaren zenbatekoa %25 murriztea ekarriko du, eta %30, 10.6 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada; bi portzentajeak metagarriak dira.

Organo emaileak hartuko du dirulaguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

Ez zaio dirulaguntzarik emanen, entitatea premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan nahasirik badago, zorrak izateagatik toki entitatearekin, Udalaren Ur Batzordearekin eta Castel Ruiz tokiko enpresa entitate publikoarekin, harik eta zor horiek egiazki ordaintzen eta kitatzen diren arte.

Aurrekoa gorabehera, Tuterako Udalak ofizioz kitatu ahal izanen ditu dirulaguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, dirulaguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste eta zehapenak lotuko zaizkio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. puntuan, lege horren IV. tituluan eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoari, eta baita Tuterako Udalaren kasuan kasuko udal aurrekontua betearazteko oinarrietan xedatuari ere.

14.–Dirulaguntzen gaineko arauak.

Oinarri hauez gainera, dirulaguntza hauen araudia izanen da: Tuterako Udalaren kasuan kasuko ekitaldirako aurrekontua betearazteko oinarriak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hura garatzeko Erregelamendua eta horiekin bat heldu den legeria.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabidea, urte naturalean kirol arloko emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi puntualak antolatzeko laguntzetarako.

II. eranskina.–Eskabidea, dirulaguntzak eskatzeko, oinarrizko kirolaren sustapenean denboraldiko kirol jardueretan parte hartzeko.

III. eranskina.–Eskabidea, dirulaguntzak eskatzeko, goi-mailako kategorietako kirolaren sustapenean denboraldiko kirol jardueretan parte hartzeko.

IV. eranskina.–Zinpeko aitorpena, estatutuetan eta elkartearen ordezkaritzan aldaketarik ez dela egon dioena.

V. eranskina.–Eskabidea, Udalaren kirol materialaren erabilera lagatzeko.

VI. eranskina.–Eskabidea, kirol instalazioetan publizitatea jartzeko eremuak lagatzeko.

VII. eranskina.–Diruz laguntzen diren kontzeptuengatik eskuratutako dirulaguntzaren faktura/ordainagirien zerrenda.

VIII. eranskina.–Zinpeko aitorpena, beste dirulaguntzarik ez dela eskuratu dioena.

Eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L2004405