88. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Laburpena, euskara ikasteko 2020ko dirulaguntzena

Oharra: testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 503109.

1. artikulua. Xedea.

Euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei Udalak emanen dizkien dirulaguntzak arautzea.

2. artikulua. Baldintzak.

Dirulaguntza horiek jasotzeko eskubidea izanen dute udalerri honetako 16 urtetik gorako bizilagunek, erroldatuta baldin badaude gutxienez ere eskaeraren data baino urtebete lehenagotik eta udal mugapeko kontzejuetako batean egiazki bizi baldin badira. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateek emandako ikastaroak egin behar dituzte.

Matrikulatutako ikastaroan bertaratze kopuruak %80tik gorakoa izan beharko du.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ez dituztenen eskaerak baloratzen ahalko ditu Udalak, ikastaroetako bat egiten baldin badute.

3. artikulua. Sartzen diren ikastaroak.

Dirulaguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei. Urteko aurrekontuak aukera ematen badu, bigarrenez, udako unibertsitateko euskarazko ikastaroak ere diruz laguntzen ahalko dira.

Eskualdearen barruan ematen baldin badira ikastaro horiek, entitate sustatzaileek Udalaren berariazko dirulaguntza izanen dute, udalerriko bizilagunen gastuak ordaintzeko erabiliko baita.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren %50 izanen da, gehienez ere 250 euro pertsonako.

Langabezian edo gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero aurrekoa baino %20 gehiago jasotzen ahalko da, gehienez ere 300 euro pertsonako.

Dirulaguntzen zenbateko osoa Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Lehenago dirulaguntzarik jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Administrazio Publikoan lan egiten duten udalerriko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

6. artikulua. Epeak.

Dirulaguntza eskatzen ahalko da urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako.

Eskabideak Udal Erregistroan aurkeztuko dira, urteko abenduaren 31 arte, deialdi publikoaren ondoren.

Epe hori ezin da luzatu, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Ikasleak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Berariazko eskabidea.

–Nortasun agiriaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak (iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua) zehaztuko ditu eta matrikulan agertzen diren mailak ikasleak gainditu dituela egiaztatuko du.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Langabezian egonez gero, SEPEk (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) emandako diru-sarreren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

–Gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero, errenta aitorpen negatiboa aurkeztu beharko da, baita Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ziurtagiria ere.

8. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Ikastaroa bukatuta eta eskatutako agiri guztiak aurkeztuta Udalak dirulaguntza ordainduko du, Udaleko Euskara Zerbitzuak aldeko txostena egin, eta ahalmena duen udal organoak behar den ebazpena eman ondoren.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren izenean ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.

9. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak.

–Udalari diruz lagunduriko ikastaroetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea, nahitaez.

–Ebaluatzaileen lana erraztea.

–Diruz lagundutako ikastaroak eskatzen dituenak arrazoi beragatik beste erakunde baten dirulaguntza jasotzen badu, horren berri eman beharko dio berehala Udalari, eta Udaleko Batzordeak erabakiko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua. Ez betetzeak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 52.2 artikulua), eta errekurtso hauek aurkezten ahal zaizkio:

a) Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337.1 artikulua).

b) Aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean egintza hau jakinarazten denetik hasita (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 124. artikulua).

c) Zuzenean (hots, aldez aurretik berraztertzeko errekurtsorik aurkeztu beharrik gabe), administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikulua).

Biurrun-Olkotzen, 2020ko apirilaren 17an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.

Iragarkiaren kodea: L2004547