88. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

267/2020 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten baitira toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiak egiteko eta laguntzak eman eta ordaintzeko behar diren jarduketa guztiak, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten.

2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, honako partida hauek daude:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-4609-313905, “Dirulaguntzak zahartze aktiborako (Agenda 21)”, 90.000 euroko kreditua duena.
  • 520001-51200-7609-313900, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren ekipamendurako (Agenda 21)”, 200.000 euroko kreditua duena.

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua:

  • 740001 74100 4609 456303 “Toki entitateetzako dirulaguntza Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” 100.000 euroko kreditua duena.
  • 740001 74100 7609 456202 “Toki entitateetzako dirulaguntza Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” 110.000 euroko kreditua duena.

2002an, Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarea eratu zen (NELS sarea) irailaren 19ko 1422/2002 Foru Aginduaren bidez, barnean hartuz ordura arte Foru Komunitateko Tokiko Agenda 21 programan parte hartzen zuten 24 entitate eta mankomunitateak.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, adierazten du zein den Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eskumenen esparrua. Horien artean, Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planak garatzeko laguntza ematea dago.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko zuzendari nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak, hitzarmenak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat. Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta bai Osasun Departamentuan zenbait partida daudenez Tokiko Agenda 21erako, bidezkoa da, eraginkortasunari begira, organo bakarra izatea deialdiaz eta laguntzak emateaz arduratzen dena. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Osasun Departamentuaren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren arteko elkarlana izan dadin, kudeaketa esleipenaren teknika erabiliz horretarako.

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 94E/2020 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zen Osasun Zuzendaritza Nagusiak Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa esleipena egiteko, hain zuzen ere toki entitateentzako dirulaguntzak deitzeko eta emateko, Tokiko Agenda 21eko proiektuak egin ditzaten.

Kudeaketa esleipena urtebeterako da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Horrenbestez, eta Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Osasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 94E/2020 Foru Aginduaren bidez emandako baimena baliatuz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiak egiteko eta laguntzak eman eta ordaintzeko behar diren jarduketa guztiak, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten, 2020ko ekitaldian, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 94E/2020 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

2. 290.000 euro jartzea Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskura, esleipen horren ondoriozko beharrei heltzeko. Horietatik, 90.000 euro “Dirulaguntzak, zahartze aktiborako (Agenda 21)” izeneko 520001-51200-4609-313905 partidaren kargura izanen dira, eta 200.000 euro, berriz, “Udal entitateentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren ekipamendurako (Agenda 21)” izeneko 520001-51200-7609-313900 partidaren kargura. Biak ere 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartutako gastu aurrekontuko partidak dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Idazkari tekniko nagusia, Pilar García García (ordezko gisa izenpetzen du, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 23ko 462E/2019 Foru Aginduarekin bat).

Iragarkiaren kodea: F2004536