87. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

361/2020 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldatzen da Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpena, mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2019-2020 kanpainarako.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenaren bidez, 2019-2020 kanpainan mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenean ezartzen da, I. eranskineko zazpigarren oinarriko 9. puntuan, onuradunek eska dezaketela onetsitako lanetan aldaketak egin ahal izatea, eta aldaketa eskaera bakoitza posta elektronikoz aurkeztuko dela, Merkatuen Erregulaziorako Atalera bidalita, beranduenez 2020ko maiatzaren 15ean.

Urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenean adierazten da, I. eranskineko bederatzigarren oinarriko 1. puntuan, 2020ko maiatzaren 20ra arte eska daitekeela hasiera batez onetsitako laguntzaren zenbatekoaren aurrerakin bat, %60ra bitartekoa, hain zuzen. Oinarri arautzaile horren beraren 2. puntuan xedatu da aurrerakinak ematen direnean idatziz komunikatuko dela, 2020ko ekainaren 30ra bitarte, jarduketa amaitu dela eta jarduketa egiteko lanetan egindako gastuaren justifikazioa.

Urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenaren I.eranskineko hamargarren oinarria onuradunei laguntza ordaintzeko moduari buruzkoa da, eta zera aipatzen du: behin jarduketak bukatutakoan, jarduketaren amaiera eta laguntza ordaintzeko eskaera jakinarazteko agiria aurkeztu behar duela, idatziz, 2020ko maiatzaren 20ra bitarte; eta bederatzigarren oinarrian zehazten den laguntzaren aurrerakina eskatuz gero, 2020ko ekainaren 30era bitarte egin ahal izanen duela bukatu izanaren komunikazioa.

Gaur egun alarma egoeran gaudenez –halaxe arautu baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duenak–, eta ezinezkoa denez autonomia erkidegoen eta onuradunen laguntza eta ordainketa eskaerak behar bezala kudeatzea, aldatu egin dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsen (NBEUF) 2020. eta 2021. ekitaldietako data eta epe jakin batzuk, adierazitako neurri multzoei dagozkienak.

Horri dagokionez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak NBEUFen 2020. eta 2021. ekitaldietako data eta epe batzuk aldatu ditu martxoaren 24ko APA/288/2020 Aginduaren bitartez. Agindu horrek aldatzen ditu, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma egoera aplikatzearen ondorioz, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan ezarritako prozedurak izapidetzeko epeetako batzuk, 2020. urtekoak (errege dekretu horrek oinarrizko araudia ezarri du Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programaren neurriak aplikatzeko 2019-2023 aldian).

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, eta kontuan izanik martxoaren 24ko APA/288/2020 Aginduak aldatzen dituen epeak, egoki da urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenaren zazpigarren, bederatzigarren eta hamargarren oinarri arautzaileak aldatzea, oinarri horietan ezarritako datak egungo egoera egokitze aldera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpena aldatzea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den moduan. Ebazpen horren bidez onesten dira mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2019-2020 kanpainarako.

2. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko apirilaren 14an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenaren aldaketa. Ebazpen horren bidez onesten dira mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2019-2020 kanpainarako

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 76/2019 Ebazpenaren I. eranskina aldatzen da, honela:

1. Zazpigarren oinarriaren 9. puntua aldatu da. Honela idatzita gelditzen da:

“9. Batzordearen apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 53. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, eta galarazi gabe aipatutako Erregelamenduaren 53. artikuluko 2. puntuan ezarritakoa, onuradunek eska dezakete aldaketak egin ahal izatea hasiera batean onetsitako lanetan, azken ordainketaren aurretik eta, betiere, ez badira egin azken ordainketaren aurreko tokian tokiko kontrolak. Gauzatu aurretik baimendu beharko dira aldaketa guztiak.

Aldaketa-eskaera bakoitza behar bezala justifikatu beharko da, ez du baldintzatu beharko lanaren helburu orokorra, ez du gorantz aldatuko onetsitako aurrekontua, ez du aldaketarik ekarriko onargarritasunari dagokionez, eta ez du aldatu behar aukeraketarako egindako ponderazioa, baldin horrek berekin badakar azken ponderazioa gelditzea eskaera onartuen eta ez onartuen arteko mozketa-puntuazioaren azpitik, eta posta elektronikoz aurkeztuko da Merkatuen Erregulaziorako Atalean, beranduenez 2020ko ekainaren 15ean.

Nolanahi ere, baimentzen ahalko da halakoak aldez aurreko baimenik gabe egitea, baldin ez badute baldintzatzen lanaren helburu orokorra, ez badute onetsitako aurrekontua gorantz aldatzen, ez badute aldaketarik ekartzen onargarritasunean, eta ez badakarte aldaketarik aukeraketarako egindako ponderazioan, baldin horrek berekin badakar azken ponderazioa gelditzea eskaera onartu eta ez onartuen arteko mozketa-puntuazioaren azpitik; orobat, ekintzen aurrekontuen arteko transferentziak baimenduko dira, baldin ekintza bakoitzerako onetsitako aurrekontuaren %20tik beherakoak badira, baldin ekintza guztiak gauzatu badira”.

2. Bederatzigarren oinarriko 1. eta 2. puntuak aldatzen dira, eta honela idatzita gelditzen dira:

“1. Hamargarren oinarrian xedatua gorabehera, eskatzaileek aurrerakina eskatzen ahalko dute, hasieran onetsitako laguntzaren zenbatekoaren %60ra bitarte, aurrerakinaren zenbateko bera duen berme bat eratuta dutenean. 2020ko ekainaren 20an bukatuko da hori eskatzeko epea”.

“2. Aurrerakinak ematen direnean, beharrezkoa izanen da jarduketa egitea, eta emandako aurrerakinaren zenbateko guztia gastatu beharko da dena delako jarduketa egiteko lanetan. Jarduketa amaitu dela eta jarduketa egiteko lanetan egindako gastuaren justifikazioa idatziz komunikatuko da, 2020ko uztailaren 30era bitarte. Baldin eta emandako aurrerakinaren zenbateko guztia ez bada gastatu jarduketa egiteko lanetan eta ezarritako epeetan, bermea betearazi eginen da”.

3. Hamargarren oinarriko 1. puntua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“1. Behin jarduketak bukatutakoan, onuradunak jarduketaren amaiera eta laguntza ordaintzeko eskaera jakinarazteko agiria aurkeztu behar du. Jakinarazpen hori idatziz egin behar da 2020ko ekainaren 20ra bitarte. Bederatzigarren oinarrian zehazten den laguntzaren aurrerakina eskatuz gero, 2020ko uztailaren 30era bitarte egiten ahalko da bukatu izanaren komunikazioa”.

Iragarkiaren kodea: F2004545