87. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

31E/2020 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei 2020. urtean dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planak ezar ditzaten. DDBN identifikazioa: 501286.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluaren arabera, institutuaren eskumenen artean dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak bizitzaren eremu guztietan du eragina, bereziki, Nafarroako eremu politiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan. Horregatik da beharrezkoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errazteko baldintzak sustatzea.

Enpresek eta erakundeek funtsezko eginkizuna dute bizitza jasangarria izan dadin. Kontzeptu hori Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak nabarmendu zuen, eta, horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatu eta lagundu nahi du Nafarroako enpresek eta erakundeek berdintasun planak prestatzeko duten konpromisoa.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Aukera berdinekin lan egiteko eskubideari buruzko IV. tituluan, “Enpresetako eta erakundeetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk” izeneko III. kapituluan, berdintasun planak prestatu eta aplikatzeko arauak ematen ditu.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren iritziz berdintasun planen eta haien garapenaren kalitatea bermatu beharra dago, genero berdintasuna modu egokian txertatzeko enpresen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen kudeaketa prozesu guztietan, eta horregatik erabaki du lan-ildo hori bultzatzea 2020an, Nafarroan jarduera duten enpresetan eta erakundeetan lehenengo berdintasun planak egitea bultzatuz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2020an gizonen eta emakumeen arteko lehenengo berdintasun planak ezar ditzaten; eta ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarri arautzaileak ere onestea.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001 08100 4709 232200 Erakundeetan berdintasun planak egiteko transferentziak

2020

127.000,00

3. Ebazpen honen eta dagozkion oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 27an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva isturiz García.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta enpresei 2020an emanen dizkien dirulaguntzak emateko araubidea, laguntza horien bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatu dezaten, nork bere lehenengo berdintasun plana prestatuz, hala barne antolamenduari dagokionez, nola beren zerbitzuak edo produktuak emateari dagokionez.

2. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.

3. oinarria.–Betebeharrak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradun izateko, enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.1.2. 10 eta 150 langile bitarte dituen lantoki bat izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

3.1.3. Enpresan berdintasun plan bat izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

3.1.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

3.2. Betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen ordezkariarena, eta hor baimena emanen zaio NABIri adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3.3. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

–Administrazio Publikoak eta haren erakunde autonomoak.

–Sozietate publikoak.

–Fundazio publikoak.

–Enpresak eta erakunde publiko enpresarialak.

–Unibertsitateak.

4. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntza hauek emanen dira irabazi-asmorik gabeko erakundeetan edo enpresetan emakumeen eta gizonen arteko lehenengo berdintasun planak prestatu eta garatzeko, 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra arte.

Proiektu guztiek prestakuntza-saio bat aurreikusi beharko dute gutxienez, lan eremuan generoaren berdintasuna nola landu behar den aztertzeko. Prestakuntza-saio hori Berdintasun batzorde edo taldeari eta/edo bertako langileei zuzenduko zaie, eta 6 ordukoa izanen da, gutxienez.

Aurkezten diren proiektu guztietan, enpresa edo erakunde eskatzaileak berdintasun planaren koordinazio eta dinamizazioaren arduraduna izendatu beharko du, eta hura izanen da erreferentziako pertsona Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat.

4.2. Enpresaren edo erakundearen genero berdintasunerako lehenengo plana egiteko dirulaguntza jaso nahi duten proiektuek fase hauek aurreikusi beharko dituzte nahitaez, eta, horrez gainera, araudian bildutako edukiak jaso beharko dituzte eta garapen osoan hizkera ez-sexista erabiliko dute:

a) Konpromiso agiria. Konpromiso agirian, enpresak berdintasun plana prestatzeko borondatea jasoko da. Plana langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuko da, edo, langileen legezko ordezkaritzarik ez badago, plantillarekin, edo haren ordezkaritza batekin. Konpromiso agirian, orobat, alderdiek fede onez negoziatzeko borondatea jasoko da, baita alderdi bakoitzak hartzen dituen berariazko konpromisoak ere. Berdintasun Planaren Negoziazio Batzordea osatzeko konpromisoa ere hartuko da, ordezkaritza orekatua izanen duena.

b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren diagnostikoa enpresan, indarreko legedian ezarritakoaren arabera. Diagnostiko negoziatuan, arlo hauek jasoko dira gutxienez:

a.–Hautapen eta kontratazio prozesuak.

b.–Lanbide sailkapena.

c.–Prestakuntza.

d.–Lanbide sustapena.

e.–Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoria barne.

f.–Ardurakidetza, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez.

g.–Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa.

h.–Ordainsariak.

i.–Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

Diagnostikoan zehaztuko da enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak genero berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea, baldin badu, eta ibilbide hori txertatu ote den enpresaren edo entitatearen kalitatea kudeatzeko planetan eta/edo prozeduretan. Diagnostikoan jasoko da, orobat, bertan aztertu asmo diren esparruei buruz langileek duten iritzia.

c) Berdintasun plana prestatzea. Berdintasun planak kapitulu hauek izanen ditu:

I) Helburuen, jarduketen, ekintzen eta abarren diseinua, aurreikusten direnak enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen barne antolakuntzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko eta zerbitzuak eta produktuak ematean genero ikuspegia txertatzeko.

Berdintasunerako planean sartu beharreko arloak diagnostikoan adierazitakoak izanen dira. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren arloan, berariazko neurriak jasoko dira sexu jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko.

Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.

II) Plana ezartzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko kronograma.

Planak, gutxienez, hiru urteko plangintza izan behar du, gauzatzean izaten diren emaitzen arabera gaurkotu edo aldatzen ahal bada ere.

III) Planaren jarraipena eta ebaluazioa.

Atal honetan, planaren jarraipena egiteko sistema aurreikusiko da, barne hartuta, gutxienez, Berdintasun Batzordeak edo Taldeak bilera bat egitea sei hilean behin, planaren gauzatzea baloratzeko eta aldaketak edo hobekuntzak egiteko.

d) Justifikazio aldia baino lehen hiru neurri gauzatzea, araudian aurreikusitako eremuetatik gutxienez biri dagozkienak.

4.3. Proiektu diruz lagungarrien kopurua.

Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzak dirulaguntza-eskaera bakar bat aurkezten ahal du. Enpresa edo erakunde batek proiektu baterako baino gehiagotarako dirulaguntza eskatzen badu, ez da eskaera bat bera ere onartuko, non ez duen adierazten zer proiektu zehatzetarako eskatzen duen dirulaguntza, kudeaketa organoak hala eskatuta.

Enpresa bakarra zer den erabakitzeko, Europar Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoari erreparatuko zaio.

4.4. Gastu diruz lagungarriak:

Dirulaguntzak honako gastu-kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik:

a) Laguntza teknikoa (enpresatik edo erakundetik kanpoko enpresak eta profesionalak kontratatzea). Proiektua edo proiektuaren fase bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira, frogatu beharko da laguntza ematen duenak gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana, edo genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza duela. Prestakuntza duten langileek egin beharko dute agindutako lan hori.

Prestakuntza agiri bidez egiaztatu beharko da. Genero berdintasuna txertatzeko prozedurari buruzko prestakuntza izanez gero (IGE delakoa), eranskinean behar den laukian adieraziko da.

Diruz lagundutako proiektuaren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, frogatu beharko da, eskabidearen ereduan erantsita dagoen moduan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira.

b) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak bere gain hartzen badu proiektua edo proiektuaren fase bat egitea, proiektua egiten duen eta enpresaren edo erakundearen parte den pertsonaren lan gastuak.

Kasu horretan, proiektua egiteko izendatutako pertsonak plana koordinatu eta dinamizatzeko lanak ere hartuko ditu bere gain, baina eginkizun horietarako gastua ez da diruz lagungarria izanen.

Eskabidean, adierazi beharko da enpresako edo erakundeko zein langilek egin behar duen proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duen lan horietan, erantsitako ereduari jarraikiz.

Izendatutako pertsonaren dedikazioa frogatzean zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Proiekturako izendatutako pertsonak frogatu beharko du gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetza bidez emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza egin duela.

Prestakuntza agiri bidez egiaztatu beharko da. Genero berdintasuna txertatzeko prozedurari buruzko prestakuntza izanez gero (IGE), eranskinean behar den laukian adieraziko da.

c) Hizlariek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta eman behar den prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Berdintasun planaren komunikazio eta zabalkunderako ekintzen gastuak (publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea, etab.).

4.5. Proiektu eta gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialdi honetatik kanpo daude:

a) Enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean kontratatuta edo plantillan dauden langileen nominak, salbu eta 4.4.b) oinarrian adierazitakoa.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak hura berreskuratu edo konpentsa badezake.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Dirulaguntzak honako irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

5.1.1. Emanen den gehienezko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko lantokian dituen langileen kopuruaren araberakoa izanen da, honako honi jarraikiz:

–10 langiletik 50 langile bitarte: 4.000 euro gehienez ere.

–51 langiletik 100 langile bitarte: 6.000 euro gehienez ere.

–101 langiletik 150 langile bitarte: 8.000 euro gehienez ere.

5.1.2. 1. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz, dirulaguntza ehuneko hauek adinakoa izanen da, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko diru-muga gainditu gabe:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %80.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %70.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %60.

–60-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren %50.

Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, 1. eranskinean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Aurrekontuetako partida agortzen bada puntuazio bera duten bi eskaera edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko, b) atalaren balorazioan lortutako puntuazioa soilik hartuko da kontuan (1. eranskina).

5.3. Honela banatuko da aurrekontu kontsignazioa:

• Partidako 100.000 euro, planak enpresetan ezartzeko proiektuetarako.

• Partidako 27.000 euro, planak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan ezartzeko proiektuetarako.

Onuradun mota bakoitzerako dagoen kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste onuradun motaren zenbatekoari gehituko zaio.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten enpresa eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, proiektuaren aurrekontu osoa eta jarduera bakoitzarena adierazita. Proiektuaren azalpenean, balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa eman ahal izateko.

b) Eskatzailearen ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, enpresari edo irabazi-asmorik gabeko erakundeari buruzko alderdi hauek baieztatzen dituena:

I. Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro hori zein den adierazita, hori guztia 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

II. Nafarroan lantoki bat duela, eta han 10 langiletik 150 langilera bitarteko plantilla ari dela.

III. Ez dagoela legez beharturik berdintasun plan bat egitera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

IV. Ez enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak, ezta haren ordezkariek ere, ez dutela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere.

c) Laguntza teknikoa emanen duen enpresa edo profesionala identifikatzea, edo enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde barruan proiektua egiteko ardura duen pertsona, eta, horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko prestakuntza frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena eranstea, 4.4. oinarriko a) eta b) letretan xedatzen den bezala.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

e) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen dioen adierazpena. Hala bada, eskatutako eta jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko dira.

f) Enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu.

Aurrekoa gorabehera, NABIk uste badu proiektua iluna dela edo ez dela zehatza, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, betiere dirulaguntza eskatu dutenen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatuz, baina ezin izanen da aurkeztutako proiektua aldatu. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak 1. eranskinean zehazten diren irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

8.4. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira, 10.4 oinarrian xedatutakoa eragotzi gabe.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, balorazioen ondorioz ateratako puntuazioekin; txostenean, halaber, onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren bidez.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Epe hori bukatuta ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean, onuradunen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira (justifikatu beharreko zenbatekoak proiektuaren aurrekontutik onartutako gastuekin bat etorri beharko du), eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezko entitate horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dirulaguntza ematea uko egin duen onuradunaren atzetik dagoen eskatzaileari (edo eskatzaileei), baina, bakar-bakarrik, baldin eta uko egitearekin behar adinako kreditua askatzen bada, gutxienez, ezetsitako eskaera bati erantzuteko.

NABIk ordezko eskatzaileei jakinaraziko die dirulaguntza jasotzeko aukera dutela, 10.2 oinarrian azaldutako puntuazio ordenari jarraikiz. Halakoetan, hamar egun balioduneko epea izanen dute dirulaguntza onartzeko, eta epe hori ezin izanen da luzatu. Proposamena onartuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta jakinaraziko da.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko baldintzak.

Proiektua behar bezala gauzatzeko asmoz, berdintasun lantaldeko edo batzordeko kideen zenbait ordezkarik parte hartuko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen bilera batean, eta partaide horietako bat, nahitaez, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasun plana koordinatu eta dinamizatzeko izendatutako pertsona izanen da. Bilera hori, bi ordukoa, Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek betetzen duten lanari buruzkoa izanen da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak emandako dirulaguntza %10 murriztea ekarriko du.

13. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

13.1. Emandako dirulaguntza jarduketa diruz lagungarriak amaituta ordainduko da, justifikazio agiriak aurkeztu eta gardentasun betebeharrak bete ondoren 10. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

13.2. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, enpresa onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2020ko azaroaren 13a baino lehen, dirulaguntzaren fitxa telematikoaren bidez:

–Dirulaguntzaren xede den jardueraren memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori dirulaguntzaren fitxan lor daiteke.

Ondoko atal hauek izanen ditu memoriak: 1. Konpromisoa, 2. Diagnostikoa, eta 3. Prestatu den berdintasun plana.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Gastu guztien justifikazioa. Onuradunak justifikatu beharreko zenbatekoa izanen da eskaeran diruz lagundutako proiektuarentzat aurkeztu eta onartutako guztizko gastuaren aurrekontua adinakoa. Justifikazioa faseka eta/edo jardueraz jarduera xehakatua aurkeztuko da, fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak erantsita.

Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak proiektu osoa edo haren fase/jarduera bat bere kabuz eginez gero, proiektua egiten ari den pertsonaren nominak aurkeztuko ditu, eta enpresak edo erakundeak izendatutako pertsonaren dedikazioa justifikatuko du. Egiazko dedikazioa zein den zehaztuko da, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko frogagiriak aurkezteko data baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Subvenciona /Diruz lagundu du Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak”.

–Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen dioen berariazko adierazpena. Halako laguntzarik jaso badu, zenbat eta nondik jaso duen adieraziko da, 14. oinarrian ezarritakoa betetzeko.

–Enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena, 18. oinarrian ezarritakoa betetzeko.

13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari, hura ematean aplikatutako portzentajeak mantenduz, baina, kasu guztietan, diruz lagundutako proiektua bete dela frogatzen bada.

14. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu edo xede bererako, baina denak batera harturik proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, eta deialdiaren helburua aurreikusitako epeetan betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izan dela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren argitalpenei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

g) Plantillari honako hauek jakinaraztea: lanerako proposamena, fase bakoitzaren emaitza nagusiak (bereziki, plantillari egindako kontsulta aldian jasotakoak), diagnostikoa eta prestatutako berdintasun plana, bai eta enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean hura garatzeko onartutako urteko proiektuak eta ekintzak ere. Azken memoria aurkeztean, horretarako erabilitako euskarrien kopia gehituko da.

h) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa betetzea.

i) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako jardunaldian parte hartzea, proiektuak gauzatzeko baldintzei buruzko 12. oinarrian aurreikusirik dagoen bezala.

j) Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentziorako jarduketa neurriak edo protokolo bat izatea, bai eta gertatzen den edozein kasutan egin beharreko jarduketak ere.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 eta 4.2 oinarrietan ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–12. oinarrian ezarritakoa bete ezean, ematen den dirulaguntza %10 murriztuko da.

16.2. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (2013ko 352. EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa edo entitate bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

20. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

a) Proposamenaren kalitatea (80 puntu bitarte).

–Proposamenaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa (40 puntu gehienez):

  • Barne-koherentzia, helburu orokorra eta helburu espezifikoak, helburuen justifikazioa, 5 puntu gehienez.
  • Fase nagusien deskribapena, fase bakoitzeko ekintzak enpresaren ikuspegitik zehaztuz: 30 puntu gehienez:
  • 1.–Konpromisoa (sartutako elementuak, jardueren zerrenda, jardunbidea, erabakiak hartzea, zuzentzeko aurreikusitako rolak, langileen legezko ordezkaritza edo, legezko ordezkaritza izan ezik, langileen ordezkaritza).
  • 2.–Diagnostikoa (sartu beharreko eremuak, diagnostikoaren deskribapena, iturriak, langileen parte-hartzea...).
  • 3. Berdintasun plana (helburuak eta neurriak hautatzeko modua, langileen parte-hartzea).
  • 4- Ekintzen deskribapena. Prestakuntza ekintzen eta horietako edukien azalpen zehatza, langileen parte-hartzea, diagnostikoa prestatzea, berdintasun plana, inkestak, talde dinamikak, prestakuntzaren edukiak...).
  • Proiektuaren garapen kronologikoa, 5 puntu gehienez.

–Metodologia, 20 puntu gehienez:

  • Langileek diagnostikoaren fasean eta berdintasun plana prestatzeko prozesuan izanen duten parte-hartzea deskribatzen du, 2 puntu gehienez.
  • Enpresako zuzendaritzaren parte-hartzea deskribatzen du: 2 puntu gehienez.
  • Langileen legezko ordezkaritzaren parte-hartzea deskribatzen du: 2 puntu gehienez.
  • Lan metodologiaren deskribapena: Berdintasun Planaren Negoziazio Batzordea (funtzionamendua, eztabaida, erabakiak hartzea, desadostasunak kudeatzeko modua, negoziatzeko teknikak), diagnostikoa eta berdintasun plana, 14 puntu gehienez.

–Aurrekontua, 20 puntu gehienez:

  • Aurrekontuaren egokitasuna, 10 puntu gehienez.
  • Giza baliabideak eta baliabide teknikoak, 5 puntu gehienez.
  • Proiektuaren eragina, 5 puntu gehienez.

b) Eskaera aurkezten duen enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasunarekin duen konpromisoa (20 puntu gehienez):

–Enpresak/Erakundeak berdintasunaren alde egindako ibilbidea (berdintasuneko bereizgarriak, enpresaren gizarte erantzukizuna [Berdintasuna], reconcilia, Nazio Batuen Itun Globala...), 5 puntu gehienez.

–Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza organoetan, 5 puntu gehienez.

–Emakumeen parte-hartzea langileen legezko ordezkaritzan, 5 puntu gehienez.

–Emakumeen kolektibo espezifikoek proiektuan dituzten beharrak, 5 puntu gehienez.

Aurrekontuak prestatzeko gida

PLANTILLAN DAUDEN PERTSONEN KOPURUA

10-50

51-100

101-150

Kontzeptuak

Kostuetan parte hartzea

4.000

6.000

8.000

Prestakuntza

%10

400

600

800

Konpromisoa

%5

200

300

400

Plantillari kontsulta egitea

%5

200

300

400

Diagnostikoa

%30

1.200

1.800

2.400

Planaren prestaketa

%20

800

1.200

1.600

Agirien prestaketa

%10

400

600

800

Orokorra

%10

400

600

800

Beste batzuk

%10

400

600

800

GUZTIRA

%100

* Kopuru horiek maximoen gainean kalkulatu dira.

Iragarkiaren kodea: F2004349