86. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 24a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

17/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, jarraibideak eta neurriak ematen dituena apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID 19ak eragindako osasun krisiari eusteko, eta arduraduna izendatzen duena COVID 19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako.

Apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduaren bidez salbuespeneko neurriak ezarri dira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID 19ak eragindako osasun krisiari eusteko; besteak beste, autonomia-erkidegoen esku jartzen dira titulartasun pribatuko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak eta haien langileak, betiere Osasun Sistema Nazionalerako aritzen ez badira. Orobat, COVID 19 a detektatzeko proba diagnostikoak mugatzen dira fakultatibo batek agindu dituen kasuetara eta autonomia-erkidegoko osasun agintaritza eskudunak ezarritako irizpideekin bat datozen kasuetara. Halaber, ezartzen da nahitaezkoa izanen dela osasun agintaritza eskudunari jakinaraztea COVID 19aren kasu baietsiak, bai eta materiala erosi dela ere test diagnostikoak egiteko, berariaz adierazita zer material mota den, zenbat unitate erosi diren eta zertarako erabiliko den.

Aipatu aginduaren bosgarren puntuak ezartzen duenez, autonomia-erkidego bakoitzean osasun agintaritza eskudunek emanen dituzte behar diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazioko jarraibideak, beren jarduketa esparruaren barnean bermatze aldera agindu horretan xedatutakoa betetzen dela.

Aurrekoa ikusita, apirilaren 13ko SND 344/2020 Aginduaren esparruan, bidezkoa da jarraibideak ematea COVID 19aren kasuak detektatzeko proba diagnostikoak egiteko, eta prozedura ezartzea COVID 19aren kasu baietsiak jakinarazteko. Orobat, bidezkoa da ezartzea nahitaezkoa dutela edozein entitate publikok edo pribatuk jakinaraztea erosi dutela COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoekin zerikusia duen edozein material.

Bestalde, Nafarroako osasun agintaritzari eta osasun sistema publikoari dagokie bermatzea COVID 19aren diagnostikoari lotuta hartu diren edo hartuko diren neurriak eta jarduketak bat datozela eta koherenteak direla Nafarroako Foru Komunitatean pandemia kudeatzeko hartu den diagnostiko eta zaintza estrategiarekin.

Bukatzeko, beharrezkotzat jotzen da arduraduna izendatzea COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoak egiteko zentro baimendu guztien koordinazio exekutiborako, helburua baita ahalik eta lankidetza eta egitura onenak ezartzea azpisistema publikoaren eta pribatuaren artean COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoei dagokienez.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Nafarroako Foru Komunitatean titulartasun pribatukoak diren osasun zentroek, zerbitzuek eta establezimenduek proba diagnostikoak egitea COVID 19a detektatzeko.

1. Beharrezkoak badira osasun sistema publikoko zentroen osagarri izateko, Nafarroako osasun agintaritzen eskura egonen dira titulartasun pribatukoak diren diagnostiko klinikoko osasun zerbitzuak eta establezimenduak, ahalmen diagnostikoa dutenak COVID 19aren probak egiteko eta Nafarroako Foru Komunitatean baimenduta daudenak indarreko araudiarekin bat.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren osasun zerbitzuek eta establezimenduek COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoak egiteko, agindu fakultatiboa beharrezkoa izanen da, osasun agintaritzak ezarritako estrategiaren, jarraibideen eta irizpideen arabera.

3. Bigarren paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, irizpideak bat etorriko dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren gidaliburuan eta gomendioetan ezarritakoarekin, Ministerioak onetsitako agiri teknikoetako irizpideen arabera.

Bigarrena.–Carlos III.a Osasun Institutuak sostengu zentrotzat gaitu dituen ikerketa zentroek eta unibertsitateek proba diagnostikoak egitea COVID 19a detektatzeko.

Carlos III.a Osasun Institutuak osasun sistemarako sostengu zentrotzat gaitu dituen ikerketa zentroek eta unibertsitateek beren ahalmena eta bitartekoak jarriko dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen estrategiaren eta beharren zerbitzura, eta eskatzen ahalko zaie, kasua bada, komunitatean proba diagnostikoak egiteko, osasun agintaritzak eskatuta, beharrezkoa denean.

Hirugarrena.–COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoak egitea Nafarroako osasun sistema publikotik kanpo.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoak egiteko, erakundeek edo enpresek, haien titulartasuna edozein dela ere, kasuan kasuko laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuen agindua beharko dute, eta/edo prebentzio modalitatearena, kasua zein den, eta bat etorriko dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren gidaliburuarekin eta gomendioekin, Osasun Ministerioak argitaratutako agiri teknikoetako irizpideen arabera.

2. Zentro soziosanitarioen esparruan, koordinazio exekutiboaren agindua beharko dute (Osasun Departamentuko kontseilariaren apirilaren 18ko 16/2020 Foru Aginduaren bidez izendatu ziren).

Berebat, organo eskudunak baimenduak edo akreditatuak egonen dira proba diagnostikoak eginen dituzten laborategiak.

Laugarrena.–COVID 19aren kasu baietsiak jakinarazteko prozedura.

Edozein direla ere proba diagnostikoak egiten dituen zentroa eta haren titulartasuna, proba agindu duen fakultatiboak, prebentzio zerbitzuak edo prebentzio modalitateak nahitaez jakinarazi beharko dizkio Osasun Departamentuari, foru agindu honen I. eranskinarekin bat, COVID 19aren kasu baietsiak, kasuan kasuko proba diagnostikoak eginda horien berri izan ondoan.

Informazioa helbide elektroniko honetara igorri behar da: ispepi01@navarra.es

Bosgarrena.–Proba diagnostikoak egiteko materiala erosi dela jakinarazteko prozedura.

Entitate publiko edo pribatu batek erosten dituenean, COVID 19a detektatzeko proba diagnostikoei dagokienez, laginak hartzeko kotoi-txotxak, birusa garraiatzeko baliabideak, inaktibaziorako erreaktiboak, azido nukleikoak edo PCR erreakzioak ateratzeko kitak, edo test diagnostiko lasterrak, Osasun Departamentuari jakinarazi behar zaio, foru agindu honen II. eranskinean xedatutakoaren arabera.

Informazioa helbide elektroniko honetara igorri behar da: secretaria.microbiologia.hn@navarra.es

Seigarrena.–Epeak.

Epe hauetan igorri beharko da foru agindu honen laugarren eta bosgarren apartatuetako informazioa:

a) COVID 19aren kasu baietsiak, kasuan kasuko proba diagnostikoak eginda horien berri izan ondoan: 24 ordu gehienez, kasua baiesten denetik aurrera.

b) Material mota, erositako unitate kopurua eta erabileraren destinoa: bi egun natural, materiala betebeharra duen subjektuaren esku gelditzen denetik aurrera.

Zazpigarrena.–Arduraduna izendatzea COVID 19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako.

1. Carmen Ezpeleta Baquedano andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuko burua, izendatzen da COVID 19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako arduradun.

2. Aurreko paragrafoan izendatutako arduradunak alboko bat izendatzen ahalko du, koordinazio lanetan laguntzeko, sare publiko eta pribatuko zentroetako arduradunen artean.

Zortzigarrena.–Gaikuntza ematen zaio Osasuneko zuzendari nagusiari behar adina administrazio ebazpen eman dezan foru agindu honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko.

Bederatzigarrena.–Foru agindu hau Carmen Ezpeleta Baquedano andreari jakinaraztea, eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Hamargarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko apirilaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

I. ERANSKINA

COVID 19aren kasu baietsiak jakinaraztea (Word dokumentua).

II. ERANSKINA

Proba diagnostikoak egiteko materialak erosi direla jakinaraztea(Word dokumentua).

Iragarkiaren kodea: F2004635