85. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

299E/2020 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena proiektu honetarako: Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko planta Matamalan (Viana). Sustatzailea: DRI SL da.

2018ko abuztuaren 14an, kontuan izanik proposamena sartzen dela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldean, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari gorago aipaturiko espedientearen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako ondorioetarako, 2019ko irailaren 26an, ukitutako administrazio publikoei eta interesa zuten pertsonei kontsulta egiteko tramitea ireki zen. Kontsultaren zerrenda txosten honen I. eranskinean ageri da.

Tramite horretan ezarritako hilabeteko epea iraganik, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena jaso da, zehazten duena jardueraren lizentziaren tramitazioan eginen duela txostena. Orobat, Herri-lurren Atalaren txostena jaso da, bai eta beste bi ere, zenbait irizpenekin, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuarena eta Lurra Nafarroa elkartearena, kontuan hartuko direnak geroagoko faseetan jarduera horren ingurumen tramitazioan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen arloko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan, ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz.

Proiektuaren deskribapena

Proiektatutako jarduketak helburu du eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatu eta baliarazteko planta bat instalatzea, Vianako 16. poligonoko 90. lurzatian agregakinak tratatzeko dauden instalazioak aldatuz.

Egin gogo diren tratamendu jarduerak R5 bezala katalogatzen dira (Beste gai inorganiko batzuk birziklatu edo berreskuratzea), eta R13 bezala (Hondakinak biltegian gordetzea, R1etik R12ra bitarteko edozein eragiketaren zain), Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen II. eranskinean.

Fase hauek izanen ditu zentroko oinarrizko prozesuak: hondakinen etorrera kontrolatzea, lehen mailako bereizketa, bigarren mailako hautaketa, harrizko elementuak birrintzea, harrizko elementuak bahetzea eta transferentzia.

Instalazioen lurzatia lehengo erauzketa zulo bat da, 32.277,48 m²-koa; hor, perimetroko ezpondetan izan ezik, agregakinak tratatzeko egungo plantaren eraikinak, instalazioak eta pilaketak daude.

Lurzati horren 6.200 m² inguru erabiliko dira jarduera berrirako; izan ere, espazioa izanen du birrindu eta sailkatzeko makinetarako eta pala kargatzailerako, materialak jaso eta pilatzeko eremu baterako, birziklatutako agregakinak eta baliarazi ezin diren materialak pilatzeko eremuetarako eta hondakin arriskutsuak aldi baterako biltzeko berariazko eremu bat, horiek ukatu edo kudeatu behar baitira, baimenduta ez egoteagatik. Edukiontzien barnean bilduko dira hondakinak, edo bakoitzerako berariazkoak diren ontzien barnean. Hormigoizko zolata baten gainean egonen dira edukiontzi edo ontzi horiek, eta, beraz, ez dute lurzorua zuzenean ukituko.

Drainatzeko eta saneamendurako sare bat egonen da, eta hormigoizko zolata batekin iragazgaiztuko dira kanpotik datozen hondakinek uki ditzaketen eremu guztiak, baita pilaketak, edukiontzien eremua eta birrintzeko, sailkatzeko eta bereizteko eremua ere. Zolata horiek malda izanen dute, balizko lixibiatuak putzu edo lixibiatuen biltontzi batera eramateko, non bilduko baitira jariatze-urekin. Harrerako lixibatuak eta biltontzian pilatzen diren jariatze-lixibatuak kudeatzaile baimendu baten esku utziko dira, hark trata ditzan.

Birziklatutako agregakinak pilatzeko eremuan eta baliarazi ezin diren materialak pilatzekoan, hautaturiko materialak kudeatuko dira, toxikorik gabekoak; hortaz, ez da iragazgaiztu beharrik. Gainerako azalerak zirkulazio bideak izanen dira.

Aurreikusten da gutxienez neurri hauek izanen dituen ildo-bitarte bat egitea ezpondako buru osoan zehar: oinarriaren zabalera, 6 metro; tontorraren zabalera, 3,5 metro; eta batez besteko altuera, 1,5 metro. Helburua da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko instalazioa babestea, ibilgailurik eta makina astunik pasa ez dadin ezpondaren ertzetik hurbil.

Instalazioek itxitura eta sartzeko atea izanen dituzte, kontrolik gabe sar ez dadin materialik. Gainera, perimetro osoan (gutxienez 384 metro), landare pantaila bat izanen da, 5 metrotik 10era arteko altuera izanen duena, hautsaren hedapena eragozteko. Horretarako, 386 bat zuhaitz landatuko dira (altzifrea, pinu arrunta edo bestelakoak), gehienez metro bateko tartea utziz landareen artean.

Ingurumen agiriaren analisia

Aurkeztutako ingurumen agiria ongi egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera.

Proposamenaren ukipen nagusiak dira jardueraren beraren ondoriozkoak: hondakinak, isurketak, hautsa, trafikoa eta, batez ere, lixibiatuen eta lurrerako iragazketen kontrola; hori guztia konpon daiteke jarduera sailkatuaren lizentzia tramitatzen denean.

Inpaktuak kontrolpean edukitzeko, instalazio berriak behar bezala diseinatu behar dira; izan ere, kontuan hartu behar da taxuz euri uren drainatzea, instalazioei eta perimetroko lurrei dagokienez, zer eremuk izan behar duen zolara iragazgaiztua, eta zer instalazio egon behar den, hautsik sor ez dadin, inolako plastikok edo lixibiatuk ihes egin ez dezan, etab. Halaber, tamaina egokia eman behar zaio lixibiatuen biltontziari.

Paisaiaren aldetik, oraingo plantak eta aldaketak ez dute inpaktu nabarmenik sortzen, lehengo erauzketa zuloan kokatzen baitira, lurzoru naturala baino baxuxeago.

Tratamendu planta berrian lortutako materialak (produktuak) ez badira merkaturatzen, bermatu beharko da haiek pilatuta ez dela aurreikusi gabeko okupaziorik eginen edo ez dutela ikusizko inpaktu handiagorik sortuko, lurzoru naturala gainditzen badute. Gainera, produktu horiek kudeatzeko neurriak aurreikusi beharko dira, ingurumen arloko organo eskudunek onartuak eta baimenduak.

Hautsa eta plastikoak zabaldu ez daitezen proposatu den landare pantaila behar bezala diseinatu eta mantendu beharko da helburu hori betetzeko, eta ahal dela, espezie autoktonoak erabiliko dira.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Kontsulten ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri begira jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi du proposamenak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak; bereziki, jarduera sailkatuaren lizentzia eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. “Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu eta baliarazteko planta Matamalan (Viana)” proiektuak, zeina DRI SLk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten den moduan, eta, beraz, ez da 21/2013 Legearen II. tituluko 1. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

  • Proposamenak jarduera sailkatuaren lizentzia izan beharko du, non zehaztu beharko baita:
  • Euri urak drainatzeko sarea, arriskuak saihestearren eta urak ezer ez eramatearren instalazioetara, edo hortik drainatze naturalera.
  • Lixibiatuak drainatzeko sarea, batez ere gai kutsatzaileak izan ditzaketen instalazioen eremuetan, eta lixibiatuen biltontziaren zehaztasunak, baita haiek bildu eta kudeatzeko sistemarenak ere.
  • Eremuak iragazgaizteko, zedarritzeko eta estaltzeko neurriak, lehenago adierazitako ukipenak murrizteko, urak eta lixibiatuek sor baititzakete euria egitean, garbitzean eta hautsaren kontra ureztatzean.
  • Produktuen azken destinoa eta erabilera, merkaturatzen ez badira, eta kasu horretan kudeatzeko neurriak (zonifikazioa eta pilaketen tipifikazioa, materialen arabera, merkatuz kanpoko erabilera posibleen arabera, etab.).
  • Jarduera-lizentziaren aurretik, memoria aurrekontuduna aurkeztuko da, zehazten duena nola egokitzen eta integratzen den jarduera ingurumenean. Hor, gainera, honako hau jasoko da: aurreikusitako integrazio neurriak, perimetroko ildo-bitartea eta landareen bideragarritasuna, landare pantailaren diseinua espezie autoktonoekin eta proiektuaren lurzatiko hegoaldeko ezponda lehengoratu eta landareztatzeko neurriak, egun andeatuta baitago eremu hori, lehengo erauzketa zuloa zena. Erauzketa fronte horrek Vianako 16. poligonoko 211. lurzatian dagoen herri-lurrari eusten dio; horren landare estalki naturala oso baliotsua da ingurumenaren aldetik, lotura naturalaren aldetik eta paisaiaren aldetik, eta, hortaz, neurriak hartu behar dira hura babestu eta hobetzeko.
  • Paisaiaren gaineko ukipenak murrizteko, agregakinak tratatzeko plantako pilaketekin eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko jarduera berrikoekin, ezin da gainditu ondoko lurren kota, behinik behin NA-134 errepide aldera (Ebroko ardatza), jardueratik hegoaldera.

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Vianako Udalera, Basozaintzara (9. barrutia, Lizarra 2) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko apirilaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta-tramitea

Kontsultatutako administrazio eta entitateen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena

Ukitutako administrazioak:

Udalak:

Vianako Udala.

Nafarroako Gobernuaren erakundeak:

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Ataleko burua.

Herri-lurren Ataleko burua.

Herri Lanetako zuzendari nagusia. Garapen Ekonomikorako Departamentua.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Nafarroako Gobernutik kanpoko erakundeak:

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Pertsona interesdunak:

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

GURELUR-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

Lurra lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Nafarroako Ehiza Federazioa.

UAGN (Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna).

EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

Sustrai Erakuntza fundazioa.

Ekologistak Martxan La Ribera-Landazuria.

Gorosti Natur Zientzia Elkartea.

Aranzadi Zientzia Elkartea.

Jasotako erantzunen laburpena

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du jardueraren lizentziaren tramitazioan emanen duela bere txostena lurzoru urbanizaezineko jarduerari dagokionez.

Herri-lurren Atalak aldeko txostena eman du, titulartasun partikularreko lurzoruak ukitzen dituelako bakarrik.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak txostena eman du zenbait irizpenekin proposamenaren bideragarritasunaren justifikazioaren inguruan eta sortuko diren produktuen deskripzio eskasaren inguruan.

Sustatzailearen proposamenari dagokionez, adierazten baitu azken produktuak irteerarik ez badu agregakin birziklatu gisa, betegarri inerte gisa erabiliko dela beste enpresa batzuenak diren meategi hurbiletan dauden zuloetarako, adierazi du ez dagoela apenas aurrekaririk agregakin birziklatuak meategietan betegarri gisa erabiltzeko Nafarroan, eta bete beharreko zenbait baldintza ezartzen direla bai beteko diren zuloetarako, bai erabiliko diren materialetarako, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak 2018an argitaratutako “Eraikuntza eta eraispenetako hondakinekin meategietako zuloak lehengoratzeko gidaliburua” agirian.

Lurra Nafarroa elkarteak erantzunaren idazkian adierazi du ez diola errentagarritasunik ikusten proposamenari eta zenbait xehetasun tekniko gehiago zehaztu edo xeheago aurkeztu behar direla: plantaren ahalmena, planoen, trafikoaren, hautsaren eta bide hobekuntzaren zehaztasunak eta lixibiatuen biltontziaren zehaztasunak.

Adierazi du, orobat, lixibiatuak eta euri urak biltzeko proposamena hobetu behar dela, eta neurriak proposatu hautsa kontrolatzeko: nabe itxietan deskargatzea, ihinztagailuak, aldian behingo ureztaketak, etab.

Bukatzeko, gogora ekarri du administrazioen erantzukizuna dela halako proiektuak kontrolatzea.

Iragarkiaren kodea: F2004373