84. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

45E/2020 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Biodibertsitatearen zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Doneztebeko udal-mugartean, 2. poligonoko 442. lurzatian, eta Elgorriagako udal-mugartean, 1. poligonoko 614-B lurzatian, betelan batzuk egiteko baldintzak aldatzeko proiektuari. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.

2020ko otsailaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horri dagokionez, aurreko ingurumen ukipenetarako baimenaren tramitazioan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi zuen, hirigintza arloko araudiari jarraikiz, jarduera baimendu bat zela.

Doneztebeko Udalak, martxoaren 9an, jarduketaren aldeko txostena egin du, bere udal-mugartean dagoen lurzatiari dagokionez (2. poligonoko 442. lurzatia), udal planeamenduarekin bateragarria delako.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 23E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen lurrak pilatzeko, bi urtez gehienez, gero Doneztebeko obra-hondakindegiaren leheneratze-lanetan erabiltzeko. Lur horiek herri horretan berean egiten ari ziren ur hornidurarako biltegi berriaren obretatik atereak ziren. Betelanak egin direlarik, eta leheneratze-lan guztiak (landare-lurra zabaltzea eta betelanen ondoriozko plataforma zelaia landareztatzea, ezponda ereinda baitago dagoeneko) baimenean ezarritako epeetan eta baldintzetan bukatzea besterik ez dela falta, ikusi da oraindik badagoela tokia hondeaketa-lanetatik ateratako material natural gehiago biltzeko. Gainera, horrela, hobeki eginen dira leheneratze-lanak, mutur batean oraindik agerian daudelako eraikuntza- eta eraispen-hondakin batzuk.

Aurrekariak horiek direla, eskatzaileak eskatu du betelanen baldintzak alda daitezela, 8.492 m³-ko edukiera kalkulatzen baita, eta ez 5.771,6 m³, hasiera batean kalkulatu bezala. Benetan 4.085 m³ okupatu dira, bai 23E/2019 Ebazpenean aipatutako materialarekin, bai Oieregiko hilerriko hormak berritzeko obrekin eta hilerrira joateko bidearen zoladura obrekin, zeinak departamentu honen aldeko txostena jaso baitzuen 2019ko azaroaren 14an, hori guztia sustatzaileak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko daukan baimenarekin bat.

Proposamen berriak aurreikusten du material gehiago zabaltzea (bakar-bakarrik LER 17 04 05 kodea duten hondeaketa harri eta lurrak), harik eta azkenean kalkulatutako bolumena bete arte. Horrela, betelanaren ondoriozko morfologian, jatorrian aurreikusita ez zegoen berma bat lortuko da ezponda hausteko, eta bertan zuhaitzak landatzen ahalko dira, ilaran, 5 metrotik. Birmoldatutako lurraren gainean, landareztatze lanak eginen dira, jatorrizko proiektuan proposatu bezala (30 cm-ko landare lurreko geruza zabaltzea, lurra ereintzarako prestatzea eta eremua ereitea belar eta zur espezieen haziak nahasiz).

Sarbide bera eta itxitura-baldintza berberak mantentzea aurreikusi da, lurraren drainatzea ez da aldatuko, eta betetako lurrak egonkortasun baldintza beretan mantentzea bermatzen da. Eta ez da beharrezkotzat hartzen lurzatien mugetan dauden zuhaitzak ukitzea.

Proposamen berria ikusirik, eta kontuan harturik lan horiek eginez gero Doneztebeko obra-hondakindegia izandakoa hobeki leheneratuko dela eta hobeki integratuko dela ingurumenean, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektua aldatzearen aldeko txostena egin du. Gainera, ebazpen honetan jasotako determinazioak ezarri ditu, proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena eman zion 23E/2019 Ebazpenean ezarritakoez gainera.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimen berria ematea Doneztebeko udal-mugartean, 2. poligonoko 442. lurzatian, eta Elgorriagako udal-mugartean, 1. poligonoko 614-B lurzatian, betelan batzuk egiteko baldintzak aldatzeko proiektuari. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.

2. Baimen hau Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 23E/2019 Ebazpenean ezarritako baldintzak aplikatzearen menpe egonen da, baita determinazio hauek ere:

–Daukan garrantziagatik, oroitarazten da LER 17 05 04 kodea duten erauzketa lur eta harri garbiak baizik ezin direla pilatu. Adierazten da, orobat, sustatzaileak adierazi bezala, sustatzaileak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko duen baimenean jasotakoari jarraikiz (15G04221042652013 zenbakia), lur guztien jatorria jakinarazi behar diola administrazio honetan hondakinen arloan eskumena duen ingurumen organoari.

–Hondakindegi bat bihur ez dadin, eta bermatzeko lan horiek ingurua leheneratzeko izanen direla bakar-bakarrik, betelanak egiteko epea bi urtera mugatzen da, ingurumen ukipenetarako baimenari buruzko ebazpen hau ematen denetik hasita. Nolanahi ere, epea luzatzea eska daiteke, eta eskaera hori eremua leheneratzeko lanen egoeraren eta sustatzaileak aitortzen dituen geroko inguruabarren arabera ebaluatuko da.

–Bermak, ahal dela, zabalera aldakor eta irregularra izanen du, 5 eta 10 metro artekoa, eta baldintza horren ondoriozko murrizketari dagokion bolumena osatzeko beste berma bat eginen da, eta, horrenbestez, baita betelanetarako hirugarren plataforma bat ere Elgorriagako 1. poligonoko 614-B lurzatiaren ipar-mendebaldeko muturrean, non, materiala goiko bidetik datorren ezpondaren gainean bermatuz gero, ez baita inguruko zuhaitzetan eraginik izanen. Lur pilaketak ez dira 1,5 metrotik gorakoak izanen.

–Ezin da lurzatien mugetan dauden zuhaitzak ukitu. Debeku da, bereziki, haien enborren oinarrian lurra pilatzea, betiko idortzea ekar dezakeelako. Aitzitik, egoki ikusten da makinen maniobrak oztopatzen dituzten adarrak kimatzea, baina mozketa garbiak izanen dira, eskuz eginak.

–Zuhaitzak baso txikiak osatuz landatuko dira. Sustrai hutsezko landaketak izanen dira, 1,2 metro inguruko altuerakoak, ongi zurkaiztuak, espezie hauetakoak: Betula celtibérica, Fraxinus excelsior, Sorbus aucuparia eta Prunus avium (azken kasu horretan, 60 cm-koak). Ahal den neurrian, ahaleginak eginen dira ezponden eta zelaien artean sortzen diren ertzak borobiltzeko.

–Bidetik kontrolik gabeko hondakin-isurketak egiteko aukera eman duten tarteetan dagoen itxitura konponduko da. Isurketa horiek bertatik kenduko dira, eta betelanen eremura eramaten ahalko dira, bolumen txikikoak baitira.

–Gainerako leheneratze-lanak proiektuaren memorian proposatutakoak izanen dira (aurreko ingurumen ukipenetarako baimenean ezarritakoekin bat datoz).

–Betelanak eta leheneratze-lanak bukatu eta ondoko bi urtean, ingurumena zaintzeko plan bat aplikatuko da, betelanen egonkortasun baldintzak eta lurraren drainatzea egiaztatzeko, eta ikusteko nola doazen landareztatze-lanak. Horri dagokionez, epe horretan berean, behar diren mantentze-lanak ezarri beharko dira, konparazio batera, ureztatzea, kimatzea, zuhaitzei belar txarrak kentzea, hutsarteak betetzea eta berriz ereitea.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Hondakinen Atalari, Doneztebeko eta Elgorriagako udalei, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004354