84. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

38/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez zenbait neurri hartzen baitira 2020-2021 ikasturtearen hasiera egokia bermatzeko, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioei begira.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko; hirugarren xedapen gehigarrian, errege dekretuak ezartzen du sektore publikoko entitateen prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea, adieraziz epeen kontaketa berriz hasiko dela errege dekretuak edo haren luzapenek, baldin badaude, indarra galtzen dutenean.

Hezkuntza Departamentua 2019an hasi zen lanean 2020-2021 ikasturtean Nafarroako hezkuntza sistemari beharrezkoak diren langile baliabideak emateko, kalitatezko hezkuntzak dituen beharrei modu egokian erantzutearren.

Aipatutako egoeraren ondorioz epeak bertan behera gelditu izanak eten egin ditu lan horiek, eta, kasu batzuetan ezinezkoa denez prozedurak tramitatzea, atzeratu beharko dira 2021. urtera arte, edo ondoriorik gabe utzi.

Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiaren bilakaera gorabehera, lan batzuk nahitaez bete behar dira, haiek gabe ezinezkoa delako 2020-2021 ikasturtearen hasiera bermatzea.

Kasu hauetan ezinbestekotzat jotzen da erabiltzea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. atalak ematen duen aukera, eta erabakitzea hezkuntzako zerbitzu publikoaren oinarrizko funtzionamendurako behar-beharrezkoak diren prozedurekin aurrera egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Eskumenak hartzea.

Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak hartzea foru agindu honetan aipatzen diren arloei dagokienez.

2. Atzeratzea irakasleen kidegoetan sartu eta bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko hautapen prozedurak, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenaren bidez onetsitakoak.

1.–2021era atzeratzea, osasun egoerak aukera ematen badu betiere, honako hautapen prozedurei dagokien oposizioaldia: Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu eta bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzekoak, eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan sartu eta espezialitate berriak eskuratzekoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako. Aipatutako hautapen prozedura horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren.

2.–Aurreko atalean aipatzen diren prozeduretarako deialdien oinarrietan 2020ko datei eta epeei buruz jasotzen diren erreferentziak 2021eko data eta epe berberei buruzkoak direla ulertuko da.

Era berean, 2020-2021 ikasturteari buruzko aipamenak 2021-2022 ikasturteari buruzkoak direla ulertuko da.

3. Bertan behera uztea ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketen deialdiak.

Bertan behera gelditzen da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 25eko 28/2020 Ebazpena, merezimendu lehiaketen deialdiak onesten dituena, zerbitzu eginkizunetan betetzeko ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk.

4. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 14ko 18/2020 Ebazpenari dagozkion neurriak; ebazpen horren bidez honakoak onetsi ziren 2020-2021 ikasturterako: unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura.

1.–Erabakitzen da aurrera egin dezatela Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 14ko 18/2020 Ebazpenean aurreikusitako prozedurek.

2.–Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 14ko 18/2020 Ebazpenaren “2020-2021 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura” deritzon III. oinarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko dira foru agindu hau argitaratzen den egunean eta ondoko hiru egun baliodunetan aurkeztutako eskaerak.

5. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduari dagozkion neurriak; foru agindu horren bidez irakasleek frogatu ditzaketen berariazko profilak zehazten dira eta haiek frogatzeko prozedura ezartzen da.

Erabakitzen da aurrera egin dezala Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan profilak frogatzeko aurreikusten den prozedurak.

6. Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasleen mugikortasunari eta Hezkuntza Orientazioko irakasle funtzionarioek ikastetxeak hautatzeko prozesuari dagozkien neurriak.

1.–Erabakitzen da aurrera egin dezala Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasleen mugikortasunerako prozedurak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 17ko 519/2011 Ebazpenean aurreikusitakoak; izan ere, ebazpen horren bidez jarraibideak onesten dira, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Entzumen eta Hizkuntzako Programaren eta Egoera Ahulean dauden Ikasleei Laguntzeko Programaren (lehen Kultur Gutxiengoen Programa) barnean behin betiko destinoa eskualdean duten irakasle funtzionarioen barne mugikortasuneko prozedura arautzeko.

2.–Erabakitzen da aurrera egin dezala Hezkuntza Orientazioko irakasle funtzionarioek ikastetxeak hautatzeko prozesuak, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 30eko 113/2009 Foru Aginduan aurreikusitakoak; izan ere, foru agindu horren bidez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Hezkuntza Orientazioa espezialitateko Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasle lanpostuak kendu, eta langile horiek banatzeko eta Hezkuntza Orientazioko lanpostuak betetzeko deialdia onetsi zen, bai eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan orientatzaile eginkizunetan aritzeko ikastetxeak hautatzeko prozesua antolatzeko jarraibideak eta eginkizun horietan aritzeko moduari buruzkoak ere.

7. Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduari dagozkion neurriak; foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dira.

Erabakitzen da aurrera egin dezatela Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren aplikazioak eragindako prozedurek, berariaz betetzen zailak diren lanpostuei uko egiteko epeari dagokionez, bai eta sartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratzearekin lotura dutenek ere.

8. Eskaeren aurkezpen telematikoa.

Aurreko ataletan aipatzen diren prozeduretan interesa dutenek eskaerak aurkeztu beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratibo elektronikoaren eta tramitazio telematikoaren bidez, Hezkuntza Departamentuak interesdunen eskura jartzen dituen baliabideak erabiliz.

9. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 54/2020 Foru Aginduaren aplikazioa; haren bidez bertan behera uzten da lantokietako jarduera presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, funtsezko zerbitzu publikoentzat izan ezik, koronabirusaren (COVID-19) bilakaera epidemiologikoaren ondorioz.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 54/2020 Foru Aginduan jasotako aurreikuspenak, langileen lan presentzialari nahiz ez-presentzialari dagozkienak, aplikatzekoak izanen dira foru agindu honetan erabakitakoaren arabera aurrera egin behar duten prozeduretan.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

12. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko apirilaren 20an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2004573