83. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2020 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio Eloko udal-mugartean telekomunikazio sareetarako azpiegiturak jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefonica de España SAU da.

Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horren gainean, 2020ko martxoaren 9an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, ebazpen honetan bildutako zehaztapenekin.

Lan hauek eginen dira: Elo eta Idotzin herrien artean telefono kableak instalatzea, Eloko eta Ibargoitiko udal-mugarteak, lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa duten lurzatiak eta hiri lurzorua ukituz. Kanalizazioen trazadura NA-2420 errepidearekin paralelo joanen da eta A-10 autobia gurutzatuko du.

Obra gauzatzeko, beharrezkoa da zanga berriko bost prisma-sekzio eraikitzea, PVCko hodi zurrunen bidezko kanalizazioa kutxatila berrietatik eta lehendik daudenetatik egiteko, guztira 3.430 metro luze. Zangak 45 cm zabal izanen dira, gutxienez ere, eta gutxieneko sakonera honela kalkulatuko da: kanalizazio-prismaren altuera gehi 45 edo 60 cm, zanga espaloitik edo galtzadatik igarotzen den, zoladuraren edo lursailaren mailaren ageriko azaleraraino. Halaber, aurrefabrikatutako DM (II. hipotesia) motako bi kutxatila eta aurrefabrikatutako H (II. hipotesia) kutxa bat jarriko dira, eta 34 m-ko hoditeria jarriko da hiri lurzoruan.

Espedientean Ibargoitiko Udalak eman duen aldeko txostena jaso da. Txostenak alderdi hauek aipatzen ditu, besteak beste: Idotzingo hiri-tartean hoditeria desbideratzeko aukera, lurzoru publikoa ukitzeko; hondakinak zuzen kudeatzeko beharra eta lurrak lehengo egoera berean uztea, tratamendu egoki baten bidez. Eloko Udalak adierazi du ezen, lurzoru urbanizaezinean ukitutako lurzatiei buruz, aurkeztutako jarduera indarrean dagoen planeamenduarekin bat datorrela. Horrez gain, hiri lurzoruan dauden lurzatien kasuan dagoen dokumentazioa osatu gabe dagoela dio, eta eraikuntza egokiko irizpide batzuk proposatzen ditu eremu publikoak kalteak izan ez ditzan.

Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean adierazten denez, proiektuak aurreikusten du zangak irekitzea lehorreko laborantzako lurretan eta eremu zolatuetan (Arizkoa eta Sarrueta erreken gainean belarki-landareak eta zuhaixkak dituzten bi gurutzegunetan izan ezik), eta horrek ez du ingurumeneko ukipen adierazgarririk ekarriko, betiere ebazpen honetan eta proiektuan aipatzen diren ingurumena babesteko eta lehengoratzeko neurriak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eloko udal-mugartean telekomunikazio sareetarako azpiegiturak jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira, aldez aurretik kendu eta zangaren bazterrean pilatutako lurra berriz jarriz. Ukitutako laborantzako lurrak lehengoratu beharko dira beren jatorrizko erabilera berreskura dezaten.
  • Bi errekak (Arizkoa eta Sarrueta) gurutzatzen diren tokietan lan eremuaren zabalera ahalik eta gehien murriztuko da, eta lursaila lehengoratu ondoren azalerak ereinen dira behar den garaian (azarotik martxora), bertako belar eta zuhaixken hazi nahaste bat erabiliz.
  • Kablea kanalizatzearen eta ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Sustatzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta; baimenik ez badu, ezin izanen du errepidea ukitu, eta, hala badagokio, xedatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, jarduketaren zati bat Arizkoa eta Sarrueta erreka-adarren polizia eremuan kokatzen denez, sustatzaileak dagokion arro hidrografikoko erakundearen baimena eskuratu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Eloko eta Ibargoitiko udaletara, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004360