82. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46E/2020 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Alesbes” izeneko 13,2 kV-eko ZB aireko linearen saihesbidea, “Alesbes” izeneko banaketarako transformazio azpiestazioan (Alesbesko udal-mugartea). Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko otsailaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektaturiko jarduketaren xedea da eraberritzea 301. eta 304. euskarrien arteko tartea, 236 bat metrokoa, eta hiru tartekoa, “Alesbes” izeneko 13,2 kV-eko aireko linean, “Alesbes” BTAn. Tarte horrek zenbait instalazio eta azpiegitura zeharkatzen ditu. Horien artean, azpimarratu behar dira Altsasu-Castejón burdinbidea eta NA-660 errepidea (11 KP). Hau planteatu da: Alesbesko 4. poligonoko 2178 lurzatiko 302. euskarria ordeztea, eta 4. poligonoko 2188 lurzatiko 303. euskarrian zurezko gurutzetaren ordez RH2-20/15R motako gurutzeta zuzena jartzea eta kargapeko hiru ebakigailuz (LOADBUSTER 400 A motakoak) osaturiko sorta bat instalatzea, euskarriaren goialdetik 1,8 metrora.

Hegaztiak babesteari dagokionez, zenbait neurri proposatu dira; esaterako, loturan metro bateko isolagailuak jartzea, babeseko eta maniobrako elementuak alderantzikaturik jartzea, konektatzeko eta lotzeko zubiak isolatzea, eta baita grapa-estaltzaileak ere ebakigailuarekin konektatzeko eta lotzeko zubietan.

Espedientean jaso da Alesbesko Udalaren aldeko txostena, eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi du jarduketa hori jarduketa baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2.a) artikuluaren arabera.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, kontuan harturik aurkeztutako dokumentazioan jaso diren ingurumen baldintzak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Alesbes” izeneko 13,2 kV-eko ZB aireko linearen saihesbidea, “Alesbes” izeneko banaketarako transformazio azpiestazioan (Alesbesko udal-mugartea). Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimena izateko, aurkezturiko dokumentazioan sartutako neurriak aplikatu beharko dira, eta, bereziki, honako baldintza hauek:

• Goi tentsioko lineako isolagailuak U70YB20-AL+PECA-1000-A motakoak izanen dira loturan, eta U70YB20P motakoak esekitako tartean.

• Babes edo maniobra elementuak alderantzikaturik jarriko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.

• Ebakitze eta lotura euskarrien zubiak euskarriaren gurutzetaren azpian geldituko dira, eta behar adinako tartea utziko da euskarriaren burutik.

• Goi tentsioko linean, konektatzeko eta lotzeko zubiak behar bezala isolatuko dira, Olit (Raychem) motako edo antzeko zinta termoerretraktila erabiliz, lotzeko grapak ere babestuz.

• Indarreko legeriaren arabera baimenduriko kudeatzaile batek bildu eta kudeatuko ditu obran sortzen diren hondakinak, haien ezaugarrien arabera.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, bermatu dadin kalteak leheneratu edo gutxituko direla, baimendutako jarduerak halakorik sortzekotan.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Alesbesko Udalera, Basozainei (Tuterako 11. Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004363