82. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko zuzkidura ekonomikoa.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Foru dekretu horren 15.1 artikuluan ezarri zen beken urteroko zuzkidura ekonomikoa ez dela izanen ez 6.500 eurotik beherakoa, ez 13.000 eurotik gorakoa.

16. artikuluak, bateraezintasunen araubideari buruzkoak, zehazten du, bere 2. apartatuan, bekaren bidez jasotzen den zenbatekoa ezin dela izan 13.000 eurotik gorakoa, dela bekarekin bakarrik, dela beste beka edo dirulaguntza batzuekin batera.

Bestalde, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriak adierazten du 15. artikuluko 1. zenbakian eta 16. artikuluko 2. zenbakian finkatutako kopuruak aldian behin aldatu edo eguneratuko direla, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru agindu bidez.

Arauak indarra hartu zuenetik 15 urte igaro direnez eta epe horretan inolako aldaketarik egin ez denez beketarako baimendutako zenbatekoetan, bidezkoa da zenbateko horiek eguneratzea, goitik eta behetik doituz egungo egoera ekonomikora eta beken sistemak gaur egun dituen formula berrietara.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zuen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 15.1 artikuluan finkatutako zuzkidura ekonomikoa eguneratzea. Horrenbestez, beken zenbatekoa ez da 9.000 eurotik beherakoa izanen, ezta 18.000 eurotik gorakoa ere.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zuen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan finkatutako zenbatekoa eguneratzea. Horrenbestez, horrelako beka baten bidez jasotzen den zenbatekoa ezin da 18.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarrik, dela beste beka edo dirulaguntza batzuekin batera.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004316