82. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

154/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin-behineko zentroko zuzendari eginkizunak esleitzen baitzaizkio Miguel Javier Zugasti Moriones jaunari, zenbait zentro soziosanitariotako egoiliarrendako arreta koordinatzeko.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez, hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Ministro agindu horren hirugarren apartatuarekin bat, egoitzan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, esku hartze horren ondorioz, beste jarduketa batzuen artean, zilegi izanen da administrazio publiko horretako langile bat izendatzea bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Gainera, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak gertatzen direnerako, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren arabera.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 12ko 151/2020 Foru Aginduaren bidez, adierazi zen esku hartu beharra zegoela Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxea zentro soziosanitarioan, eta baimena eman zen zentro horretako zenbait egoiliar eramateko ASPACEk Lekarozen duen Elkarrekiko Harremanetarako Zentrora.

Apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen bidez, premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Foru lege horren 4. artikuluan ezartzen denez, organo eskudunek aparteko zerbitzuak esleitzen ahalko dizkiete enplegatu publikoei, edozein dela ere haien lanpostua eta araubide juridikoa, pertsonak, ondasunak eta tokiak babesten direla bermatzeko xedez. Orobat, ezartzen da hartzen diren neurrien helburua izan daitekeela langile horiei esleitzea haien lanpostuari, kategoriari edo espezialitateari ez dagozkien eginkizunak, baldin eta langile horiek esperientzia edo gaikuntza tekniko nahikoa badute esleituriko eginkizun horiek betetzeko; mugigarritasun geografikoko neurriak ere hartzen ahalko dira.

Ikusirik zer-nolako egoera dagoen Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxean eta ASPACEk Lekarozen duen Elkarrekiko Harremanetarako Zentroan, eta beharrezkoa denez bi zentroetako jarduerak koordinatzea, bidezkoa da Balorazio Ataleko buru Miguel Javier Zugasti Moriones jaunari esleitzea behin-behineko zentro bateko zuzendari bati dagozkion eginkizunak, aipatu zentroak zuzendu ditzan eta laguntza eman diezaien. Bi zentroetako tokiak batuta, 50 baino gehiago dira.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 6ko 6/2020 eta 7/2020 foru legeetan ezarritakoarekin bat, baita martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan ezarritakoarekin ere,

AGINTZEN DUT:

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari eginkizunak esleitzea Miguel Javier Zugasti Moriones jaunari, laguntza eman dezan Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxeko zuzendaritza eta koordinazio asistentzialeko lanetan eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroko arreta soziosanitarioan.

2. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, entitate interesdunei eta izendatutako pertsonari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004537