79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

280E/2020 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz, trazadura aldatu baita, Mugiroko tuneletik pasatzea saihesteko. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

Nafarroako Gobernuak 1991ko urtarrilaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, Plazaola trenbide zaharraren trazadura bide berde gisa berreskuratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen. Trazadura horrek, Mugirotik pasatzean, trenbide zaharrarekin bat egiten zuen, Larraungo 20. poligonoko 212. lurzatian zegoen tunelean barna, Lezabe alderdian. Duela 15 urtetik, tunela partez hondoratua dago, eta erabat hondoratzeko arriskua dago. Horregatik, orain trazadura alternatibo bat proposatzen da.

Proposamenean planteatzen da tunelaren bi ahoak lotzea hegoaldeko mazelan barna inguru bat eginez, edateko ura Iribasetik Irurtzunera eramateko dagoen hoditeriaren plataforma aprobetxatuz; izan ere, hoditeria Plazaola osoan barna doa Lekunberritik hasita, eta tarte horretan tuneletik kanpo eraman da. Trazaduraren saihesbide horrek 360 m-ko luzera du, eta plataformaren zabalera 3 m-koa da. Larraungo udal-mugarteko 20. poligonoko 226., 212. eta 383. lurzatiak okupatuko ditu, herri-basoko 1.155 m².

Aldaketa txikia da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. artikuluaren arabera; hortaz, aplikazio eremuan ezartzen denaren arabera (6.2.a artikulua), ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

2017ko abenduaren 15ean, Larraungo Udalak bide berdearen trazaduraren saihesbidea egiteko hasiera bateko proposamena aurkeztu zuen, Mugiroko tunelari dagokiona. 2018ko maiatzaren 11n, ingurumen dokumentazioa osatu zuen, espedientea tramitatzen jarraitu ahal izateko. Bertan adierazi zuen saihesbideak bat eginen duela “Iribas-Irurtzun” ur hornidura Iribas-Sanmigeltxo tartean berritzeko proposatutako trazadurarekin, eta proposatu zuen hornidura horren lan eremuaren leheneratze lanak egitean, Mugiroko tunela inguratzen duen tartean, plataforma bat utz zezatela, gero batean Plazaolaren bide berdearen aldaketa bertatik eraman ahal izateko.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 18ko 163E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion “Iribas-Irurtzun” horniduraren proiektuari (Iribas-Sanmigeltxo tartea). Baimen horretako baldintzak betetzeko asmoz, 2018ko uztailaren 4an, ingurumen agiri bat aurkeztu zen ingurumen alderdi batzuk eta ingurumen jarraipenerako neurri batzuk hobeki azaltzeko. Gero, ur horniduraren proiektua gauzatu zen, bide berdearentzako plataforma prest utzita.

2018ko azaroaren 5ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi zion Larraungo Udalari Plazaolaren bide berdearen trazadura Mugiroko tunelaren aldean aldatzeko proposamena tramitatu behar zela “Plazaola trenbide zaharraren trazadura berreskuratzea” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa gisa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen testu bateginaren 45.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldaketaren ingurumen ebaluazio estrategikoarekin batera.

2019ko uztailaren 5ean, Plazaola Partzuergo Turistikoak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari igorri zion Udalez gaindiko Plan Sektorial horren aldaketari hasiera emateko eskaera. Ingurumen dokumentazioa 2018ko maiatzean eta uztailean aurkeztutako bera da, hots, Mugiroko tunelaren inguruko trazadura alternatiboaren proposamenari dagokiona eta “Iribas-Irurtzun” hornidura “Iribas-Sanmigeltxo” tartean berritzeko proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimenaren espedienteari dagokiona.

2019ko urriaren 8an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, UPSaren aldaketaren hasiera bateko prozedura substantiboaren barruan. Txosten horretan azaldu zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren a) letran ezarritakoarekin bat, tramitatzen ari den aldaketa hau jadanik onetsita dagoen “Plazaolaren bide berdea” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa txikitzat hartu behar dela, eta, aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jotzen duenez, bidezkoa dela jarraipena ematea ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren tramitazioari.

Nafarroako Gobernuak 2019ko azaroaren 20an hartutako erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion aldaketa egituratzaile honen tramitazioari, eta hilabeteko epea ezarri zen jendaurrean egoteko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko. Erabaki hori 2019ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 9koan.

Tramitazioa organo substantiboan hastearekin batera, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Zehazki, kontsulta egin zaie Herri-lurren Atalari, zeinak aldeko txostena eman baitzuen, 2020ko urtarrilaren 10ean jasoa, eta Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalari.

Jendaurreko aldia inolako alegaziorik aurkeztu gabe bukatu delarik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki gauzatu dela eta proposamenak ez duela ingurumen ukipen gehiagorik izanen, ur horniduraren hoditeriaren proiektuan jadanik ebaluatu, zuzendu eta leheneratu zirenetatik landara. Izan ere, oso-osorik aprobetxatzen du bai haren trazadura, bai obra haietarako irekitako lan-eremua.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa egituratzaileari buruz, trazadura aldatu nahi duena Mugiroko tuneletik pasatzea saihesteko. Izan ere, ez du ukipen nabarmenik izanen ingurumenean. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

2. Planaren aldaketa garatu beharko da proposamenaren ingurumen dokumentazioan ezarri ziren ingurumena babesteko irizpideei jarraikiz eta dokumentazio hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Larraungo Udalari, Plazaola Turismo Partzuergoari, Sakanako Mankomunitateari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (7. eskualdea, Ultzama-Arakil), Basoak Kudeatzeko Atalari eta kontsulta-aldian erantzun duten pertsona eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2004304