79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

35E/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Sesmako udal-mugartean, X:573.540; Y: 4.700.505 koordenatuetan, neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2019ko abuztuaren 28an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzkoa eta 110 metroko altuerakoa, guztira. Oinarria altzairuzko plaka bat duen burdineria baskulatzailearen gainean jarriko da, azpian hormigoizko 1,9x1,9x0,4 metroko zapata bat duela. Dorrea altzairuzko 10 mm-ko diametroko kableaz eginiko tiranteekin finkatuko da, elkarren artean 120º bereizitako 3 planotan jarrita. Plano bakoitzak 12 tirante ditu, 9 metroko tarteetan iltzatuak dorrean, baita lurrean ere 4 puntutan, 1,6x1,6x0,4 m-ko sakoneran dauden hormigoizko zapatetan sartutako altzairuzko piken bidez.

Sesmako Udalari txostena eskatu zitzaion. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Sesmako udal-mugartean, X:573.540; Y: 4.700.505 koordenatuetan, neurketa anemometrikorako dorre bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea MTorres Desarrollos Energéticos SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Tentsore bakoitzean, balizak elkarrengandik 5 metrora jarriko dira gehienez ere, eta, ahal dela, ainguratze berera doazen tentsoreetan balizak ez dira lerro-lerro joanen, gurutzetara baizik.

• Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:

  • Hilean behingo bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko edo, beste sistemaren bat erabiliz gero, horrelako gorabeherak zaintzeko, eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Lehendabiziko 2 urteetan txostenak egitea sei hilean behin, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze-lanez, bai eta abifaunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, azpiheldua, gaztea, etab.), ale kopurua, urte-sasoia, etab.

• Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek proposatutako kokagunean neurketa anemometrikoak egiteko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten (El Oliado dorrea izenekoa), aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Herri-lurren Atalaren 2019ko azaroaren 5eko txostenarekin bat, MTorres Desarrollos Energéticos SL merkataritzako enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituenez, udal horrek, obra-lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, lursail horien desafektazioaren onespena lortu beharko du, gero proiektuaren erabilera sustatzaileari lagatzeko. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikulua.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, dorreak 100 metroko altuera gainditzen duenez, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Sesmako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarra 2 Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004256