79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33E/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Gesalazko udal-mugarteko proiektu honetarako: “Tentsio ertaineko proiektua hegazti ustiategi baterako, Muniain Gesalatzen”. Sustatzailea Mutilzar SCV da.

2019ko abuztuaren 5ean ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa hauxe da: beste linea elektriko bat jartzea, sustatzaileak Gesalazko 11. poligonoko 377. lurzatian jarri nahi dituen hegazti ustiategiaren instalazioak hornitzeko. Horretarako, gaur egun erabiltzen ez den aireko linea bat egokituko da, “Allotz-Jaitz” 13,2 kV-eko aireko linearen 71. euskarritik abiatzen dena, zeinak Muniain herria energiaz hornitzen baitu, 700 metro ingurukoa eta 4 euskarri dituena, eta hortik ekialdera joko da lur azpiko linea batetik, 900 metro ingurukoa, proiektuaren xedeko lurzatiraino; eta hantxe 100 kVAko transformazio zentro prefabrikatu bat instalatuko da, ustiategiaren urbanizazioaren parte izanen dena.

Linea nagusiaren titularra den enpresak 71. euskarria ordeztuko du, eta dauden 4 euskarriak egokituko dira, honako hauek instalatuz: torloju- eta konpresio-grapak babesteko piezak eskegitzeko kateetan, eroale biluzietarako babesa zubi lasaietan eta metro bateko eroalea grapen babesen ondoren. Azken euskarrian, airetik lur azpira igarotzeko lanak eginen dira, eta han ere babes elementuak instalatuko dira zubietan, terminaletan eta autobalbuletan.

Proiektuaren arabera, lur azpiko tartea bide eta lurzatien mugetatik eramanen da, Muniain-Izurtzu bidea gurutzatuz, baita Muniainera joateko errepidea, zenbait areka eta erreka eta idortua dagoen ibilgu bat ere, zeina eremu horretako drainatze natural nagusia baita, egingo den abeltzaintza-ustiategiaren ondoan. Bide horretatik aurrera, ustiategia urez hornitzeko hoditeria ere zanga barrenetik eramanen da. Zangaren bukaerako tarteak memoria historikoari lotutako guneen katalogoan sartuta dagoen lurzati bat ukitzen du.

Proiektuak hartzen dituen eremuei aplikatzekoa zaie abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

Espedientean, Gesalazko Udalak 2019ko azaroaren 3an emandako aldeko txostena jaso da. 2019ko abenduaren 16an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin zuen, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baldin eta zenbait neurri zuzentzaile betetzen badira, sustatzaileak proposatu dituenez gainera.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Gesalazko udal-mugarteko proiektu honetarako: “Tentsio ertaineko proiektua hegazti ustiategi baterako, Muniain Gesalatzen”. Sustatzailea Mutilzar SCV da.

2.Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Aurkeztutako dokumentazioan eroaleak eta tentsioko elementuak isolatzeko eta babesteko proposatu diren neurriak sartuko dira (torloju- eta konpresio-grapak babesteko piezak, eroaleentzako babesak zubi lasaietan, loturetan eta konexioetan, eroaleentzako babesak grapa bakoitzetik metro batera ezker-eskuin, babesak terminaletan, autobalbuletan eta abarretan).
  • Ahal den neurrian, terminalak, autobalbulak eta ebakigailuak gurutzearen azpian instalatuko dira, eta ez haren gaineko leku bertikal nagusietan.
  • Basa-hegaztiek eroaleekin talka egiteko arriskua saihestearren, aireko linearen zatia hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu beharko da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.
  • Lur azpiko lineari dagokionez:
  • Zangetatik ateratako landare-lurrak behar bezala kudeatuko dira obrek ukitutako lurretan berriz erabiltzeko.
  • Lur azpiko linearen azken tartea aldatuko da, Gesalazko 11. poligonoko 378. eta 379. lurzatien artean dagoen arekaren drainatze naturaletik baztertzeko.
  • Linearen eta idortua dagoen ibilguaren arteko bidegurutzea egiteko lanak kontu handiz diseinatu eta burutuko dira, zehazki, Gesalazko 11. poligonoko 379. lurzatiaren eta hegazti-ustiategiko urbanizazioko lurzatiaren artean (Gesalazko 11. poligonoko 377. lurzatia), ubidearen naturaltasunari eta gaur egungo funtzionamenduari eusteko.
  • Sortzen diren hondakinak nolakoak diren, behar bezala kudeatuko dira, indarreko legediaren arabera.
  • –Hirigintza eta lurralde arlokoak:
  • Baimen honek linea elektriko bat eta transformazio zentro bat egiteko baizik ez da; biak ala biak sustatzaileak Muniain Gesalazko 11. poligonoko 377. lurzatian garatu asmo duen abeltzaintza-jarduerari lotuak daude, eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimen honetan ezartzen diren determinazioekin bat gauzatuko dira.
  • Baimen hau baldintza hauekin ematen da: linea elektrikoari lotua dagoen hegazti-ustiategia benetan ezartzea, zeina Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 12an emandako 1/2019 Ebazpenaren bidez baimendu baitzen, eta ebazpen honi gehitutako eranskinetan jasotako determinazioak betetzea.
  • Era berean, Herri-lurren Atalak 2019ko irailaren 30ean emandako txostenean ezarritako determinazio hauek bete beharko dira (txostena espedienteari erantsi zaio):
  • Kontuan harturik, gaur egungo egoera ikusita, ez direla betetzen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariaren 1/2019 Ebazpenaren III. eranskinean eta Herri-lurren Atalak 2019ko uztailaren 5ean egindako txostenean jasotako determinazioak, ez dago justifikatua, eta, beraz, ez da baimenik ematen herri-lur horretan sartzeko eta bertan zortasun elektriko bat eta akueduktu bat instalatu edo ezartzeko, zeinen helburua baita sustatzaileak Muniain Gesalazko 11. poligonoko 377. lurzatian ezarri asmo duen aurrerako oilanden haztegi bat hornitzea.
  • Etorkizunean, zortasun elektriko eta akueduktu hori tramitatzea eta ezartzea galarazten duten zailtasunak gainditzen badira –ukitutako eremuaren katastro-egokitzapena eginez, lurzatien berrantolamenduaren ondoriozko lurzatiak eta bideak egoki jasotzeko–, kontuan harturik linea elektriko berria eta ur kondukzioa herri-lurretan barna eraman nahi direla, obra lizentzia lortu aurretik, Muniain Gesalazko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horiek erabiltzen lagatzeko eta/edo linea elektronikorako eta akuedukturako bide zortasuna eta karga eratzeko, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako toki entitateetako ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluarekin bat.
  • Azkenik, sustatzaileari eta Muniaingo Kontzejuari ohartarazi behar diegu ezen herri-lurra okupatzea, dena delako ondorioetarako, irregularra eta ilegala izanen dela Nafarroako Gobernuak herri-lur horien desafektazioa onetsi ez badu.
  • Horiez gainera, bete beharko dira, orobat, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak irailaren 4ko 31/2019 Ebazpenean ezarritako baldintzak, horren bidez Mutilzar SCVri baimena eman baitzitzaion lur azpiko gurutzaketa bat egiteko, Muniain Gesalatzen, NA-7068 errepidearen 0+610 k.p.an, edateko ura eta energia elektrikoa biltzeko (AOP2019/368 espedientea).
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Gesalazko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (6. barrutia, “Lizarra 1”) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004257