79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2020 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Berako Uxane baserriko ur horniduraren proiektua legeztatzeko, Berako udal-mugartean. Sustatzailea María Carmen Elizalde da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da, Berako udal-mugartean, Garaiterreta auzoan dagoen Uxane baserriaren ur hornidura bermatzea, kalitateko ura eramateko. Hartunea Berako 15. poligonoko 116. lurzatian dagoen iturburu iraunkor batean eginen da, baso-lur batean.

Obren barrenean, polietilenozko 10.000 litroko gordailu bat instalatu da lur azpian, hartunetik 200 metrora, eta, haren ondoan, gainezkabide bat, soberako ura jatorrizko errekara itzultzen duena. Hoditeria 1.270 luze da, dentsitate handiko polietilenozkoa (PE-100), eta 50 mm-ko diametroa du. Lur azpitik eraman da 40x40 cm-ko zanga batetik, ibilbidean lau kutxatila dituela. Gordailutik hasita, hoditeria zura ateratzeko ireki zen bide batetik doa, eta Gorostipalako bidetik jarraitzen du, Urbieta errekaraino, zeina ibi baten bidez gainditzen baita. Erreka hori Zia errekaren adar bat da, urak Bidasoa ibaira eramaten dituena. Erreka gaindituta, trazadura sustatzailearen baserriraino doa belardi batean barna.

2020ko otsailaren 13an bisita eginda, egiaztatu da proiektua burutua dagoela. Ingurumen ukipena eragin dezaketen guneak hartunearen ingurukoa eta erreka gainditzeko ibia dira; izan ere, gainerako trazadura bidetik edo belarditik doa. Trazaduraren lehenengo zatian, basoa zen toki horretan, haritz gorrien zerrenda batzuk landatu dira (Quercus rubra).

Urbieta erreka gainditzeko eremuan, 91E0 kodea duen lehentasuneko intereseko habitata dago (Ur bazterreko haltzadiak), Europako EEE/92/43 Zuzentarauaren arabera. Gehieneko ur emaria ez da esanguratsua urteko ezein garaitan. Gainera, proiektua burutzean ez da zuhaitzik ukitu. Errekako toki honetan ez dago intereseko fauna urtar nabarmenik. Hortaz, trazadura gauzatzean ez da ingurumen arazo nabarmenik eragin.

Espedientean, Berako Udalak 2019ko urriaren 10ean zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena jaso da. 2020ko otsailaren 12an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektua legeztatzearen aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Berako Uxane baserriko ur horniduraren proiektua legeztatzeko, Berako udal-mugartean. Sustatzailea María Carmen Elizalde da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Mendi-mazelan egindako zuhaitz landaketa egoera onean mantentzen dela bermatuko da 3 urtez, hasierako 80 metroetan, ur hartunea egiten den tokitik bideraino, eta, horretarako, ureztaketa-lanak, zuhaitz-txorkoen mantentze-lanak, inausketak, ongarritzeak eta landareberritzeak eginen dira.
  • Sastrakadia kentzearen ondorioz ukitutako eremua leheneratuko da, ur biltegiaren ekialdeko muturrean, eta, horretarako, kendu ziren espezie bereko zuhaixkak sartuko dira, bidearen ezpondan dagoen heskaiari jarraipena emateko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduera zehatzak hornidura sarearekin lotzea edo horietarako harguneak egitea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Berako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004255