79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2020 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 1eko Erabakia. Haren bidez, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren 3. artikuluarekin bat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari dagokio autonomia pertsonala sustatzeko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzu eta baliabideak kudeatzea, hala berekiak, nola ekimen pribatuko entitateenak.

Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak onetsi dira koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta. Aipatu zentroak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpean daude organikoki.

Zentro horiek baliabide soziosanitarioak eta behin-behinekoak dira, larrialdi baterakoak; hortaz, arreta doakoa izanen da, kosturik gabea erabiltzailearentzat. Gainera, adinekoei edo desgaitasuna dutenei arreta emateko zentroak erabiltzen dituztenak behin-behinekoz deribatzen direnean behin-behineko zentro soziosanitarioetara, tarifa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, beren zentroari dagokion tarifa ordaintzen dutelako.

Hori dela eta, bidezkoa da 1.1.a), 2.1.a), 2.2.a) eta 3.a) apartatuak aldatzea eta 4. apartatu berria eranstea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 1ean hartutako Erabakiaren eranskineko 4. artikuluan. Horren bidez, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezartzen dira. Helburua da adinekoen zentroen erabiltzaileak salbuetsita daudela eranstea, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren babesean sortutako zentro soziosanitarioetara deribatzen dituztenean.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluak agentzia horren Gobernu Kontseiluari esleitzen dio, besteak beste, sistema publikoko zentroak eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea. Estatutu horien 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruari dagokio larrialdi egoeran beharrezko ebazpenak emateko ahalmena, eta Gobernu Kontseiluari horien berri emanen dio, egiten duen hurrengo bilkuran.

Aurrekoarekin bat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruak, dauzkan ahalmenak betez,

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren 2019ko otsailaren 1eko Erabakiaren Eranskinaren 4. artikuluaren 1.1.a), 2.1.a), 2.2.a), 3.a) eta 3.a) apartatuak aldatzea eta 4. apartatua eranstea. Apartatu horietan organismo horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren. Apartatuak honela geldituko dira:

1.1. Adinekoak:

a) Egoitzako arreta:

–Mendekotasun egoeran ez dauden pertsonak: 758,83 euro hilean.

–Mendekotasun moderatuko egoeran dauden pertsonak: 1.391,73 euro hilean.

–Mendekotasun larriko eta mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonak: 1.460,47 euro hilean.

Sendatu bitarte egoitzan aldi baterako sartzen diren pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun moderatuari dagokion prezio publikoa aplikatuko da.

Arreta doakoa izanen da, kosturik gabea erabiltzailearentzat, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako behin-behineko zentro soziosanitarioetara deribatutako pertsonen kasuan (foru lege-dekretu horren bidez, premiazko neurriak onetsi dira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko).

2. Desgaitasuna duten pertsonen arloa.

2.1. Desgaitasun fisikoa edo/eta askotariko desgaitasuna duten pertsonak:

a) Egoitzako arreta.

–Mendekotasun egoeran ez dauden pertsonak: 1.364,58 euro hilean.

–Mendekotasun moderatuko egoeran dauden pertsonak: 1.398,66 euro hilean.

–Mendekotasun larriko egoeran dauden pertsonak: 1.449,04 euro hilean.

–Mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonak: 1.499,42 euro hilean.

Sendatu bitarte egoitzan aldi baterako sartzen diren pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun moderatuari dagokion prezio publikoa aplikatuko da.

Arreta doakoa izanen da, kosturik gabea erabiltzailearentzat, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako behin-behineko zentro soziosanitarioetara deribatutako pertsonen kasuan (foru lege-dekretu horren bidez, premiazko neurriak onetsi dira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko).

2.2. Adimeneko desgaitasuna duten pertsonak:

a) Egoitzako arreta.

–Mendekotasun egoeran ez dauden pertsonak: 1.182,63 euro hilean.

–Mendekotasun moderatuko egoeran dauden pertsonak: 1.212,20 euro hilean.

–Mendekotasun larriko eta mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonak: 1.255,85 euro hilean.

3. Eritasun mentala duten pertsonen arloa.

4. Gizartean bazterturik dauden pertsonen arloa.

a) Egoitzako arreta:

Arreta doakoa izanen da, kosturik gabea erabiltzailearentzat, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako behin-behineko zentro soziosanitarioetara deribatutako pertsonen kasuan (foru lege-dekretu horren bidez, premiazko neurriak onetsi dira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko).

Bigarrena.–Ebazpen hau Eskubide Sozialetako Departamentura eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen araubidea osatzen duten prezio publikoek eta arauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, baina atzeraeraginez aplikatuko zaizkie eratuta dauden behin-behineko zentro soziosanitarioei, sortu zirenetik aurrera.

Iruñean, 2020ko apirilaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004478