79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko Alorraren kudeaketa eskuordetzea Tokiko Gobernu Batzarreko kide bati

Alkatetzaren 268/2020 Ebazpena, martxoaren 30ekoa.

Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 9. artikuluak posible egiten du eskumenak eskuordetzea, lege horretan edo beste batzuetan xedatu bezala eskuordeturik betiere.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren jardueraren alor jakinak uzten ahal ditu Tokiko Gobernu Batzarreko kideen esku eta, era berean, eskuordetze bereziak ematen ahal dizkio edozein zinegotziri, alor horien barneko gai jakin batzuk zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta batzar horretako kide ez izan.

Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.3 artikuluan (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), honako hau dago xedaturik: “Alkateak gobernu batzordeko –oraingo tokiko gobernu batzarreko– kideen edo, halakorik ez bada, alkateordeen esku utz ditzake eskudantzia jakin batzuk, horrek galarazi gabe eskudantzia bereziak utz ditzan edozein zinegotziren esku, batzordekoa izan zein ez, zeregin jakin batzuetarako. Eskuordetze orokorrak alor batekoak edo batzuetakoak edo gai zehatzetakoak izanen dira, eta haietan biltzen ahalko dira bai kasuan kasuko zerbitzuak zuzentzeko ahalmena bai oro har kudeatzekoak, hirugarren batzuk ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena barne.”

Horrenbestez, kontuan harturik azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43., 44. eta 114. artikuluak (errege-dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua), eta legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honen bidez,

EBAZTEN DUT:

1. Tokiko Gobernu Batzarreko kide Andoni Serrano Zabalza zinegotziaren esku uztea Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko Alorrari dagozkion gaien barne-zuzendaritza eta kudeaketa, hirugarren batzuk ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena barne.

2. Eskuordetutako eskudantziak erabiliz Andoni Serrano Zabalzak ematen dituen egintzak alkateak emantzat jotzen dira; hartara, alkateari dagokio aipatu egintzen aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

3. Alkatetzaren eskudantzien eskuordetzeak dekretu honen dataren biharamunetik sortuko ditu ondorioak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere.

4. Halaber, eraginkorra izan dadin, eskuordeak onartu egin beharko du. Hala ere, eskuordetzea isilbidez onartutzat joko da, baldin eta ez badio berariaz jakinarazten alkateari ez duela eskuordetzea onartzen, hiru egun balioduneko epean, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen honen berri eman dakiola Zizur Nagusiko Udalbatzari, dagokion zinegotziari jakinaraz dakiola eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44. artikuluan xedatuari jarraikiz (errege-dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolamenduaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua).

Zizur Nagusian, 2020ko apirilaren 2an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

Iragarkiaren kodea: L2004392