79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Eskuordetze berezia, Ingurumenari eta Agenda 21-i dagozkien gaien barne-zuzendaritza eta kudeaketarena

Tuterako Udaleko alkate udalburuak, 2020ko otsailaren 14an, 317. Ebazpena eman zuen, haren bidez Verónica Gormedino López zinegotzia Ingurumena eta Agenda 21 administrazio unitateko zinegotzi ordezkari berezi izendatzeko. Hona hemen testua:

Ikusirik beharra dagoela Alkatetzak bere garaian egin eskuordetzeak berrantolatzeko.

Aurrekariak

Ekainaren 17ko Alkatetzaren 23/2019 Dekretuaren bidez, Erika Navarro Ruizen esku utzi zen, modu berezian, Osasunari, Ingurumenari eta Agenda 21-i, Gizarte Etxeei eta Gazteriari dagozkien gaien barne-zuzendaritza eta kudeaketa, baina ez hirugarren batzuk ukitzen dituzten administrazio-egintzen bidez ebazteko ahalmena.

Alkatetzak proposatu du Verónica Gormedino zinegotzia izenda dadila, Erika Navarro ordezkaturik, Ingurumena eta Agenda 21 deritzon administrazio unitatea zuzendu eta kudeatzeko.

Zuzenbideko Oinarriak

Udalaren Erregelamendu Organikoak 23. (4., 5. eta 6. puntuak), 34., 35. eta 36. artikuluetan zinegotzi ordezkarien araubidea zehazten du; bestalde, 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan, eskudantzia eskuordetuak erabiltzeko araubide orokorra.

23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren alor jakinen gaineko eskuordetze orokorrak ematen ahal dizkie Tokiko Gobernu Batzarreko kideei, eta edozein zinegotziri eskuordetze berezia ematen ahal dio alor horien barneko gai jakinak zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta Tokiko Gobernu Batzarreko kide ez izan.

Berriz, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gainean azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 43.4 artikuluan eta Udalaren Erregelamendu Organikoaren 23.6 b) artikuluan ezartzen denez, zerbitzu jakin baterako izan daitezke eskuordetzeak, eta besteren esku uzten diren ahalmenetan zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa sartzen dira, baina ez hirugarren batzuk ukitzen dituzten administrazio egintzak agintzekoa, hori alkatearen edo, behar denean, alorreko zinegotzi ordezkariaren ardura izanen baita, Udalaren Erregelamendu Organikoaren aipatu artikuluan ezartzen den bezala.

Tuterako Udalaren Antolaketa Administratiboaren egungo Erregelamenduak ezartzen du Udalaren administrazio zerbitzuen antolaketa; horregatik, komenigarri eta beharrezkotzat jotzen da hari jarraikiz hainbat eskuordetze egitea, antolaketa hori osatzen duten administrazio unitate guztien ohiko funtzionamenduari jarraipena eman diezaioten.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusirik,

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Verónica Gormendino Lópezen esku uztea, modu berezian, Ingurumenari eta Agenda 21-i dagozkien gaien barne-zuzendaritza eta kudeaketa, baina ez hirugarren batzuk ukitzen dituzten administrazio-egintzen bitartez ebazteko ahalmena.

Bigarrena.–Eskuordetze berezia duen zinegotziak aldez aurretik txostena emanen du, Alkatetzak edo Alorreko zinegotziak hemen eskuordetzen diren gaiei buruz hartu behar dituen ebazpenetarako. Halaber, Tokiko Gobernu Batzarrera eraman behar diren proposamen-txostenak tramitatuko eta formalizatuko dira alkatea jakinaren gainean dagoela eta haren adostasuna dutela.

Hirugarrena.–Eraginkorra izateko, zinegotziak onartu egin beharko du eskudantzien eskuordetze hau. Eskuordetzea onartutzat joko da, inolako adierazpenik egin beharrik gabe, zinegotziak ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela eskuordetzea onartzen hiru egun balioduneko epean, eskuordetzea jakinarazi eta biharamunetik zenbatuta.

Laugarrena.–Indarrik gabe uztea, ustez indarrean den orotan, alkateak Udalbatzako kideei eginiko eskuordetze bereziei dagokienez lehenago emandako xedapen guztiak.

Bosgarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen lehen osoko bilkuran, eta jakinaraztea ukitutako zinegotziari eta Langileria eta Kontu-hartzailetza alorrari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta sinatzen denetik aurrera izanen duen indarra.

Tuteran, 2020ko apirilaren 1ean.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2004388