79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283E/2020 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Tiebas-Muru Artederretako Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruz, AR3 banaketa-eremuari dagokiona. Sustatzailea Guria SA da.

Aldaketa txikia da honako hau, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluaren arabera; hortaz, haren 6.2.b artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura bete behar du. 2019ko azaroaren 26an, Tebas-Muru Artederretako Udalak ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera ematea eskatu zuen.

Aldaketa 2019ko urriaren 23an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14koan.

Aldaketaren xedea da industria-eremua handitzea Harinas Guría lantegiaren instalazioen inguruan, lurzoru urbanizaezinen sailean sartuta dauden lurzati batzuk industria-erabilera duten lurzoru urbanizagarri bihurtzeko. Aldaketaren eremuak 2,3 hektarea hartzen ditu gutxi gorabehera, 2. poligonoko lurzati hauetakoak: 56., 200. (zati bat), 204., 205. eta 207.

Eremua banaketa-eremu gisa sailkaturik geldituko da (AR3), sektore bakar batek (5. sektorea) eta exekuzio unitate batek osatua. Aldaketaren proposamenean zehaztuta dago eremuaren antolamendu xehatua. Antolamenduan honako hauek aurreikusi dira: industrialdera sartzeko bidearen trazadura aldaketa, berdeguneen kokapena (eremuaren iparraldeko muturrean, 1.954 m²), 40 tokiko aparkalekua eta eremu eraikigarri bat, beheko solairua + 1 gisakoa.

Aldaketak ukituriko eremuan ez dago ingurumen balio nabarmenik. Larre bat da, landare erruderalekin, balio ekologiko gutxikoa, egun nekazaritzarako erabiltzen ez dena. NA-6000 errepidearen eta Harinas Guria lantegiaren instalazioetan sartzeko biribilgunearen artean itxita gelditu da. Hala ere, proposatutako erabilera aldaketa dela-eta, neurriak hartu behar dira bai hondeaketa lurrak egoki kudeatzeko, baita Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea betetzeko ere.

Zuzenketa neurrien artean, aurreikusi da espezie autoktonoak landatzea NA-6000 errepidearekin eta sarbide berriarekin paralelo, ikusmenerako hesi gisa, eta landaketa hori hedatu ahal izatea udalak laga duen berdeguneraino. Neurri hori aplikatzen dela bermatzeko, AR·banaketa-eremuaren hirigintza-determinazioetan sartuko da. Berdegunea antolatzeko irizpideen artean, diseinu heterogeneo eta organikoak sartuko dira zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeari begira, forma lerrozuzenak saihesteko.

Zonifikazio akustikoari dagokionez, AR3 eremua b) motako eremu akustiko gisa sailkatuko da (industria-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde sektorea).

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketaren eremua azterturik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da Tiebas-Muru Artederretako Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruz, AR3 banaketa-eremuari dagokiona. Izan ere, planaren aldaketak ez du ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean. Sustatzailea Guria SA da.

2. AR3 eremuaren hirigintza-determinazioetan, eremuaren zonifikazio akustikoa jasoko da, baita berdegunea antolatzeko baldintzak ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Tebas-Muru Artederretako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2004241