79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

150/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zentro soziosanitario bat identifikatzen duena, hartan esku hartzearren Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren arabera, eta esku hartzeko berariazko neurriak zehazten dituena.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Ministro-agindu horren hirugarren apartatuaren arabera, esku-hartze horren barrenean, besteak beste, egoiliarrak lurralde bereko beste egoitza batera eraman eta bertan birkokatzen ahalko dira, egoitza publikoa edo pribatua izan, betiere osasun publikoko arrazoiengatik.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak gertatzen direnerako, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren arabera, eta aurreikusi zen esku-hartzea behar zuten zentro soziosanitarioak zeintzuk ziren identifikatzeko aukera. Eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 3ko 146/2020 Foru Aginduaren bidez, egoiliarrak lekuz aldatzeko neurri hori hartzeko aukera ere jaso zen, eta, hala, martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan aurreikusitakoei gehitu zitzaien.

Gainera, hasiera batean, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluan, eta orain, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluan, ezarrita dago Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko dituela, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta.

Tafallako San Manuel eta San Seberino egoitzan, betetzen dira martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak, espedientean jaso diren txostenetan erakusten den bezala. Hortaz, bidezkoa da, batetik, baimena ematea egoiliar batzuk Burlatako AH San Fermín aparthotelera eramateko; izan ere, Iruñeko Miserikordia Etxeko egoiliarrak hara eramateko baimena eman aurretik, Eskubide Sozialetako Departamentuak egindako ikuskapenaren bidez, egiaztatu zen behin-behineko baimena emateko baldintzak betetzen dituela (Miserikordia Etxeko titularrak kudeatzen du gaur egun aparthotela); bestetik, bidezkoa da aparthotel hori behin-behineko zentro gisa onartzea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zaintzaileak kontrata ditzan behin-behinean arituko den tarteko egoitza horretako egoiliarrei arreta emateko.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat, baita martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan ezarritakoarekin ere,

AGINTZEN DUT:

1. Tafallako San Manuel eta San Seberino egoitza identifikatzea esku hartu beharreko zentro soziosanitario gisa, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduarekin eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduarekin bat.

2. Baimena ematea Burlatako AH San Fermín aparthotela abian jartzeko behin-behineko zentro gisa. Behin-behinekoz, Iruñeko Miserikordia Etxeak kudeatuko du, zentro soziosanitario gisa.

3. Iruñeko Miserikordia Etxean eta 1. apartatuan identifikatutako zentroan neurri hau hartzea: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari baimena ematea behar diren langileak kontrata ditzan Burlatako AH San Fermín aparthotelean gaur egun dauden egoiliarrei arreta ematen laguntzeko.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta entitate interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 12an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004491