79. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

149/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zentro soziosanitario bat identifikatzen duena, hari sostengua ematearren Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren eta martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren arabera, eta sostengu hori emateko berariazko neurriak zehazten dituena.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Ministro-agindu horren hirugarren apartatuarekin bat, egoitzan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, esku-hartze horren ondorioz, beste jarduketa batzuen artean, zilegi izanen da Administrazio publiko horretako langile bat izendatzea bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Gainera, hasiera batean, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluan, eta orain, Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluan, ezarrita dago, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko dituela, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak gertatzen direnerako, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren arabera, eta aurreikusi zen esku-hartzea behar zuten zentro soziosanitarioak zeintzuk ziren identifikatzeko aukera.

Tafallako San Frantzisko Xabierkoa egoitzan, betetzen dira martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak, espedientean jaso diren txostenetan erakusten den bezala. Hortaz, bidezkoa da zentro horri sostengu ematea behin-behineko zuzendari bat izendatuz, 50 toki baino gehiago dituen zentroko zuzendari gisa arituko dena.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusi zen erretiro egoeran dauden osasun arloko profesionalak, hirurogeita hamar urte baino gutxiago badituzte, jardunera itzultzen ahalko direla martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 4. apartatuan xedatutakoari jarraikiz, betiere aginduan bertan ezarritako baldintzetan. Izan ere, agindu horren bidez, giza baliabideen arloko neurriak eta baliabideak onetsi ziren COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren arabera proposatu den pertsona erizaina da, eta 70 urte baino gutxiago ditu. Gainera, Osasun Departamentuak azaldu du baldintzak betetzen dituela eta egokia dela berriz lanera itzultzea.

Horregatik guztiagatik, apirilaren 6ko 6/2020 eta 7/2020 Foru Legeetan ezarritakoarekin bat, baita martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduan ezarritakoarekin ere,

AGINTZEN DUT:

1. Tafallako San Frantzisko Xabier egoitza identifikatzea esku hartu beharreko zentro soziosanitario gisa, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduarekin eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduarekin bat.

2. Aurreko apartatuan identifikatutako zentroan neurri hau hartzea: Mercedes Ferro Montiú andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zentroko behin-behineko zuzendari izendatzea, 50 toki baino gehiago dituen egoitza horretako zuzendaritza eta koordinazio asistentzialeko lanetan sostengua emateko.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, entitate interesdunari eta izendatutako pertsonari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004477