78. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155E/2020 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, bermatzen duena eraginkorrak izanen direla, batetik, martxoaren 19ko SND/257/2020 Agindua, eten zuena ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, bat etorriz COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluarekin, eta bestetik, martxoaren 23ko TMA/277/2020 Agindua, zenbait ostatu turistiko funtsezko zerbitzutzat deklaratu eta xedapen osagarri batzuk eman zituena.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Haren 4. artikuluan zehaztu zen zer agintaritza eskudun delegaturi eman zitzaien ahalmena interpretazio agindu, ebazpen, xedapen eta jarraibideak emateko, beharrezkoak direnean kasuan kasuko jarduketa eremuan.

Bestalde, Errege Dekretuaren 6. artikuluak adierazi zuen administrazio bakoitzak eutsiko diela indarreko legediak ematen dizkion eskumenei zerbitzuen kudeaketa arruntean, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak har ditzan alarma egoeraren ondorioetarako agintaritza eskudunaren zuzeneko aginduen esparruan, ezertan galarazi gabe 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma egoeraren esparruan, martxoaren 19ko SND/257/2020 Agindua eman zen. Horren bidez, Espainiako lurralde guztian eten egin zen ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, barne daudela hotel eta antzeko ostatu guztiak, ostatu turistikoak eta egonaldi laburretarako beste ostatu batzuk, kanpinak, karabanentzako aparkalekuak eta horien antzeko bestelako establezimenduak. Agindu hori 2020ko martxoaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Bigarren apartatuan xedatutakoaren arabera, baimendu zen ostatu turistiko bat jendearentzako zabalik gelditzea baldin eta alarma egoera deklaratzean modu egonkorrean ostatu ematen bazien denboraldiko bezeroei, betiere horiek azpiegiturak baldin bazituzten, nork bere gelan, behar-beharrezko jarduerak egiteko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarri bezala, baina, hala ere, ostatu horiei ez zitzaien baimendu bezero berririk onartzea harik eta lehenengo apartatuan aurreikusitako etenaldia bukatzen den arte.

SND/257/2020 Aginduaren laugarren apartatuak adierazten du autonomia erkidego bakoitzeko agintaritza eskudunei dagokiela behar diren ebazpenak, xedapenak eta jarraibideak ematea, bermatuko dutenak agindu horretan ezarritakoa betetzen dela beren jarduketa esparruaren barnean.

Gero, martxoaren 23ko TMA/277/2020 Agindua eman zen, zenbait ostatu turistiko funtsezko zerbitzutzat deklaratu eta xedapen osagarri batzuk ematen dituena. Agindu hori 2020ko martxoaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Agindu horrek funtsezko zerbitzutzat hartzen ditu eranskinean bildutako ostatu turistikoak, helburua izanik Espainia osoan bermatzea joan-etorriak egin behar dituztenen edo presaz ostatu puntual bat behar dutenen mugikortasuna eta segurtasuna, bai eta ostatu ematea gainerako ostatu turistikoak direla-eta kaltetutakoei eta beste zerbitzu osagarri batzuk ematea ere.

Kontuan harturik Nafarroako Turismo Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretua, 4. artikuluan adierazten baitu Nafarroako Turismo Erregistroan beharrezko datuak jasoko direla turismoa behar bezala antolatu eta sustatzeko, eta ikusita zer eskumen esleitzen zaion Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 49. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluari dagokionez,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea ezen alarma egoera deklaratu zen egunean denboraldiko bezeroak modu egonkorrean ostatu hartuta zituzten ostatu turistikoek horren berri eman behar diotela Nafarroako Turismo Erregistroari. Orobat, jakinarazi behar dute ez direla zabalik egonen jendearentzat bezero horiek ostatua uzten dutenetik aurrera, SND/257/2020 Aginduan aurreikusten denarekin bat.

2. Adieraztea martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduaren eranskinean ez dauden ostatu turistikoek ostatu ematen ahal dietela, soilik, ministro-agindu horren 1. eta 2. artikuluetan zehazturiko kolektiboei, eta, horretarako, posta elektroniko bat igorriko dutela turismo.comercio.covid19@navarra.es helbidera, adierazteko prest daudela ostatua emateko TMA/277/2020 Aginduaren 3. artikuluan aurreikusitakoarekin bat eta hartan zehaztutako baldintzak betez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak horren berri eman diezaien herritarrei.

3. Adieraztea ebazpen honek indarra izanen duela aipaturiko aginduen indarraldiak irauten duen bitartean, baldin eta kontra egiten ez badio COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluan zehaturiko agintaritza eskudunek ematen dituzten arau, xedapen, agindu, ebazpen edo jarraibideetan xedatutakoari.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Barne Zuzendaritza Nagusira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F2004456