77. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

286E/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Tafallan merkataritza gune bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz. Plainco SL da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.a artikuluan aurreikusitakoarekin bat, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute, plan horiek proiektuen etorkizuneko baimenerako esparrua ezartzen badute. Ondorio horretarako, irizten da aldaketa honetan proposaturikoa aldaketa txikia dela eta ez duela UPSaren funtsa aldatzen.

Aldaketa UPSaren eremuko S1 sektorearen 2. lurzatiari dagokio, eta haren xedea da zerbitzugune bat ezartzeko tokia izatea lurzati horretan, eta merkataritzako eraikin multzo berri bat planteatzea, zeinak saltoki handi gisa hartuko baitira indarrean dagoen merkataritzako legeriari jarraikiz.

Helburu horiek betetzeko, aldaketan proposatzen da 10. artikuluko (erabileren bateragarritasun taula) erabilera baimenduen artean berariaz sartzea “zerbitzugunerako” erabilera. Halaber, lerrokadurak egokitzea, horien bidez definituriko inguratzailea 2,6 m-tan zabaltzeko, iparralderantz, eta UPSan adierazitako mugen barnean, merkataritza ezarpenerako oinarrizko proiektuan.

Aldaketaren esparruak “merkataritzarako” 4.452 m²-ko azalera du. Proposamen honek ez ditu aldatzen UPSan sartutako eremuaren antolamendua, ez eta etorkizuneko birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak ere, baina bai, ordea, UPSaren determinazio xehatuak.

Kontuan harturik UPSaren ingurumen ebaluazioa egin zela eta ingurumen ondorioen adierazpena aldekoa izan zela (Ingumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 20ko 120E/2015 Ebazpena), eta proposamen honen xedeko eremua azalera txikiko hiri lurzorua dela. Halaber, ikusirik eraikigarritasuna eta okupazioa ez direla handitzen, eta ez dela inongo aldaketarik aurreikusten ebaluaturiko mugikortasunean. Hortaz, Biodibertsitatearen Zerbitzuak irizten du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua era egokian egin dela, eta xedatzen du ez duela ondorio nabarmenik ingurumenean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ondorio horretarako ezarritako irizpideei jarraikiz.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Tafallan merkataritza gune bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tafallako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2004230