77. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2019ko azaroaren 22an egindako Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen Ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluaren aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 19koan, argitaratu zen, eta hasiera batez onetsitako Ordenantza jendaurrean paratu zen Kultura eta Berdintasuneko Alorreko Administrazioan eta Udaleko oholean, espedienteak jendaurreko tramitea betez 30 egun balioduneko epean.

Behin jendaurreko aldi hori iraganda, 2020ko martxoaren 5eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez hasiera batean onetsitako testuari egindako alegazioei buruz ebatzi da, alegazioetako bat baietsita, eta Ordenantzaren testua behin betiko onetsi da, baietsitako alegazioaren ondoriozko idazketa berria hasierako testuari gehituta; horiek horrela, xedatzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, behar diren ondorioak izan ditzan.

IRUÑEKO UDALEAN ETA HAREN SEKTORE PUBLIKO INSTITUZIONALEAN EUSKARAREN ERABILPENA ARAUTZEN
DUEN ORDENANTZA

Iruñeko Udalak 1997an onetsi zuen Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza.

Zioen azalpenak oinarri zituen Espainiako Konstituzioa, zeinak “Espainiako hizkuntzek daukaten kultur ondarea bereziki errespetatzea eta babesteko manua egiten baitie botere publikoei”, eta Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, “xede duena herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta haren berreskurapena eta garapena begiratzea.”

Marko horretan, aipatutako Zioen Azalpenak arau-testua zenbait helburu lortzera bideratzen zuen.

Lehenik, asmoa zen “herritarrek Administrazio Publikoekin euskaraz egiteko duten eskubidea bermatzea”; bigarrenik, aurreikusten zuen “lanpostu batzuetan nahitaezkoa izaten ahal dela euskaraz jakitea eta gainerakoetan kontuan hartzen ahal dela”, eta kasu bakoitza aztertuko duen Batzorde baten bidez zehaztuko da zein lanpostuk bete behar dituzten betekizun horiek; hirugarrenik, arautzen zuen “euskarak Udalaren kanpoko irudian izan behar duen txertatze-maila”, eta, laugarrenik, hizkuntza sustatzeko neurri jakin batzuk garatzen zituen.

Ordenantzak lau aldaketa partzial izan zituen, helburu horien markoarekin bat, araua errealitate sozialera egokitze aldera.

2019an, Udalaren Osoko Bilkurak arau-testu oso eta berri bat onetsi zuen, “Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza” izenburupean.

Arau berriaren Zioen Azalpenak zioenez, aurrekoaren helburu berberak zituen, baina xedapen-testuak esan gabe Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legean zedarritutako eremu euskalduneko beste toki-erakundeetako bat gehiago bihurtzen zuen Iruñeko udalerria.

Hala da, izan ere, 18/1986 Foru Legeak bi eremuak argiro bereizten dituen arren, indarrean den Ordenantzak eremuok lausotzen ditu Iruña eremu euskalduneko hiri bihurtzen amaitzeko, eta, are, alderdi batzuetan eremu horretako araubidea ere gainditzen du. Hori horrela, esate baterako, Ordenantzak nahitaezko elebitasuna inposatzen du, oro har, komunikazioetan (3. artikulua) eta Udalaren irudian (7. artikulua). Aitzitik, Foru Legeak ez du alderdi horiei buruz ezer esaten eremu mistoa arautzean; are, eremu euskaldunean ez du nahitaezkotzat jotzen komunikazio elebiduna, baizik eta ezartzen herritarrek bi hizkuntzetako bat hauta dezatela (11. eta 12. artikuluak). Gauza bera gertatzen da Udalaren irudiarekin, non, besterik gabe, Ordenantzak beretzat hartu baitu errotulazio orokor eta erabat elebiduna, zeina Foru Legeak eremu euskaldunerako ezartzen baitu, baina ez Iruña dagoen eremu mistorako.

Langileen arloan, Ordenantza berriro doa Foru Legean eremu mistorako araututakoaz harago; izan ere, lege-xedapenak eremu euskaldunerako aitortzen duen eskubidea hartzen du abiapuntu, hau da, herritarrek arreta bi hizkuntzetan jasotzeko eskubidea. Eremu mistoan, baina, eskubide hori ez da existitzen, eta hortaz, Iruñeko herritarrek eskubidea dute Udalari bi hizkuntzetan zuzentzeko, baina ez hautatutako hizkuntzan harrera edukitzeko eskubidea. Arauaren desegokitasun horrek bide ematen dio indarrean den Ordenantzari aurreikusteko lanpostu ugari bete behar direnean euskarazko titulazioa dutenen artean eginen dela, eta, baita ere, lan-deialdi guztietan ezartzeko euskararen ezagutzaren balorazioa, merezimenduen %14 izatera iris daitekeena.

Are, euskara aurretik jakiteko betekizun hori zabaltzen da Udalak kontratatutako enpresetako lanpostuetara.

Azken arlo honetan egiten den erregulazioa nekez bateragarria da Espainiako Konstituzioak funtzio publikora sartzeko aukera-berdintasunerako berme gisa ezarritako berdintasun-printzipioarekin, eta, edozein kasutan, Foru Legeak ezartzen duen hizkuntza-zonifikazioaren aurkakoa da, zeina, aldi berean, errealitate soziolinguistikoaren ondorio baita, lege-xedapen foralak berariaz ezartzen duenez.

Ondorioz, indarrean den Ordenantzak Iruñeko errealitatearekin bat ez datorren sistema bat osatu du, eta horrek berekin dakar berdintasun-printzipioa baztertzea funtzio publikora sartzeko, eta are, enpresa pribatuetara sartzeko ere.

Ordenantza berri honen testuak ia osorik berreskuratzen du orain arte aipatu den Ordenantza onetsi arte indarrean zegoen arauaren testua; esan bezala, indarrean egon zen aldian errealitate soziolinguistikora egokitzen joan zen. Ordenantza honetan euskararen erabileraren inguruan egiten den erregulazioa zehazki bat dator Foru Legearen printzipio eta xedapenekin, baita 103/2017 Foru Dekretuan onetsita hura garatzeko erregelamenduarekin ere, eta herritarren eskubideak bermatzen ditu, betiere eremu mistoari dagozkion baldintzekin bat.

Horrela, arauak ez du elebitasun osoa inposatzen administrazioen arteko harremanetan, eta, ostera, hizkuntza baten edo bestearen erabilera hartzailearen nahien araberakoa izanen da; halaber, Udalari euskaraz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea bermatzen da, baina berekin ekarri gabe hizkuntza dakitenentzat bakarrik mugatutako ezin konta ahala lanpostu sortzea; orobat, elebitasuna Udalaren irudian arautzen da modu orekatuan eta bereizketa eginez informazioaren jomugaren arabera, eta ez inolako bereizketarik egin gabe, indarreko arauak egiten duen bezala; era berean, doitzen da euskararen presentzia publizitate-iragarkietan, guztizkoaren %25era bitarte iritsita, erabilera-ehunekoa gaindituz baina indarreko arauak ezartzen duen %100eko presentzia nahitaezkoa saihestuz; halaber, lanpostuak betetzean euskararen balorazioa hautazkoa izatea ezartzen du, indarreko arauak ezartzen duenaren kontrara, horretan nahitaezkoa baita, eta, azkenik, euskararen ezagutza behar duten lanpostuak egonen direla aurreikusten da, bai, baina ez oro har.

Arauzko testu hau erabat bat dator 103/2017 Foru Dekretuak eremu mistorako diseinatutako araubidearekin, bertan baitago Iruña; era berean, testuan idatzitakoa ados dago gai honen inguruan Nafarroako Kontseiluak eta Justizia-auzitegiek ezarritako doktrinarekin.

Iruñeko Udalak hiriko berezko bi hizkuntzetako bat jotzen du euskara. Hori horrela, konpromisoa hartzen du euskara sustatze aldera neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxitua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena.

Iruñeko Udalak Ordenantza honetan aintzat hartzen du euskarari haren egoera soziolinguistikoarekin bat dagokion babesa ematearen alde gizarteak erakusten duen borondatea.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Iruñeko Udalean aplikatuko da, eta halakotzat hura bera hartuko da, zentzu hertsian, baita haren menpeko erakunde autonomoak ere.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzu batzuk hirugarrenek egiten badituzte, edozein dela ere horretarako kudeaketa modua, haietan ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Iruñeko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiri, jakinarazpen eta adierazpen administratiboak, orokorrean, ele bitan idatziko dira, baldin eta administrazio horiek eskualde euskaldunean badira edo berorietan euskara ere hizkuntza ofiziala bada.

4. artikulua. Beste edozein eskualdetako administrazioei, berriz, ele bitan eginen die Iruñeko Udalak, betiere beste administrazioak gisa horretan eman badio hasiera harremanari.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek Iruñeko Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko eskubidea dute.

6. artikulua. Idatziz, Administrazioari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei ele bitan erantzunen zaie. Horretarako, euskara-itzultzaileen zerbitzuak erabiliko dira, eta horiexek emanen dituzte bertsio ofizialak, bai herritarren eskaerena gaztelaniaz, bai jakinaraziko den udal-erabaki edo -erantzunarena.

7. artikulua. Ahoz, Administrazioari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei hizkuntza horretan eginen zaie harrera. Udalak neurri egokiak hartuko ditu helburu hori erdiesteko.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

8. artikulua. Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei orokorrean egiten dienean. Hartara, ele bitan eginen dira:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio-plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, orriburuak eta gisakoak.

c) Eraikin, karrika eta bide publikoetako errotulazioa.

d) Udal-egoitza eta -bulegoetako errotulazioa, Udalaren ibilgailuena, eta langileen arropa eta uniformeak.

e) Interes turistikoa duten tokietako seinaleztapena, etzana nahiz zutikakoa izan, zerbitzuen kontrolekoa, eta bide seinaleak.

f) Udalak herritarren eskura jartzen dituen agiriak eta ereduak, administrazio prozedura guztiez argibideak eman beharrez.

9. artikulua.

1. Afixetako elementu guztiak ele bikoak izanen dira.

2. Udalaren jarduketez argibideak emateko edo propaganda egiteko liburuxkak ele bitan eginen dira herritar guztientzat badira.

3. Kultura, kirol, eta abarren arloko jarduera baten berri emateko liburuxketan, esku-programetan, katalogoetan eta abarretan, hizkuntzak honela erabiliko dira:

a) Argibide orokorrak (lekua, data, ordua, e.a.) ele bitan joanen dira.

b) Egin beharreko jarduera batik bat hizkuntzaren ahozko erabilpenean oinarritzen bada (mintzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak...), hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku-programetan eta katalogoetan, jarduera zer hizkuntzatan eginen den, huraxe erabiliko da.

c) Jarduera beste hizkuntza-mota batzuen bitartez gauzatzen bada, hau da, bisuala, musikala, plastikoa, etab. bada, argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

10. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

a) Prentsan Udalak argitaratzen dituen udal iragarkiei dagokienez, euskaraz izanen dira haietako %25, gutxi gorabehera.

b) Ikus-entzunezko komunikabideetan -irratian eta telebistan, batez ere- publizitatea bi hizkuntzetan eginen da, halako proportzioan non, gutxi gorabehera, sartuko diren lau iragarki edo “spot”etatik bat euskaraz izanen den.

11. artikulua. Argitalpenak.

Iruñeko Udalaren argitalpenak eta haren menpeko erakundeenak ele bitan eginen dira, interes orokorrekoak eta herritar guztientzat direnean, baita interes turistikoa edo hiriarendako izaera enblematiko edo sinbolikoa dutenean ere.

12. artikulua. Udalaren komunikabideak.

Komunikabideen jabetasuna edo kudeaketa Udalari dagokionean (irratia, aldizkariak edo buletinak, eta abar) bi hizkuntzak neurri berean erabiliko dira komunikabidea identifikatzeko osagaietan, orrialdeko izenburuetan, datan eta sailetan, eta eduki guztien %20, gutxi gorabehera, euskaraz emanen dira.

V. KAPITULUA

Udalaren langileak eta barne funtzionamendua

13. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan behar den euskaraz jakitea.

14. artikulua.

1. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da aurreko artikuluko lanpostu bakoitzean behar den euskara maila.

2. Aurreko zenbakian ezarritakoa gauzatuko da ordenantza honetako 19. artikuluaren 3. zenbakian ezarritakoa deusetan ukatu gabe.

15. artikulua.

1. Lanpostu elebidunetan egiaztatu beharreko euskararen ezagutza-maila Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1, B2 edo C1 maila izanen da, betiere lanpostuaren ezaugarrien arabera.

2. B1 ezagutza-maila bakarrik eskatzen ahalko da D edo E mailetako lanpostuetan, baldin eta haien eginkizunetan administrazio-zereginak nagusi ez badira.

3. C2 edo horren baliokide den ezagutza-maila bakarrik eskatuko da A mailako lanpostuetan, baldin eta bere eginkizunek zuzeneko harremana badute hizkuntza arloko edukiekin.

16. artikulua.

Langileak hartzeko Udalak egiten dituen deialdietan, eta Ordenantza honen 13. artikulua ez bada aplikatu behar, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen ahalko da eta balorazioa aukerakoa izanen da.

17. artikulua.

Euskararen balorazioa Europako Batasuneko beste edozein hizkuntza jakiteari ematen zaiona baino %25 handiagoa izaten ahalko da, betiere lanpostuaren ezaugarriekin bat justifikatzen bada.

18. artikulua.

Aurreko bi artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, A, B eta C mailetan, aipatu balorazio irizpideak aplikatzetik sortzen den gehieneko puntuazioa EGA tituluak edo horren baliokideek egiaztatzen duten hizkuntzaren jakite mailari dagokiona izanen da, euskararen kasuan, eta Hizkuntz Eskolako bosgarren mailarena, gainerako hizkuntzen kasuan. Gainerako mailetan, gehieneko puntuazioa zehaztuko da lanpostu bakoitzak dituen ezaugarrien arabera galdatuko den hizkuntzaren jakite maila kontuan harturik.

Jakite maila hori euskara sustatzeko udal-departamentuak (itzultzaileak eta euskara koordinatzailea) eta deialdi bakoitzerako osatuko den epaimahaiak zehaztuko dute. Euskaraz jakitearen inguruko balorazioa euskara sustatzeko Udal Zerbitzu Teknikoek eginen dute, eta gainerako hizkuntzei dagokiena hizkuntza bakoitzari dagozkion irakasleek, Iruñeko Hizkuntz Eskolako partaideak direnek edo, horrelakorik izan ezean, behar bezala kreditaturiko irakasleek.

19. artikulua.

1. Euskara ikasi nahi duten udal-langileei laguntza emanen zaie, halako moldez non Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzea ziurtatuko den.

2. Udalak hizkuntza-prestakuntza planak antolatuko ditu aipatu helburu horiek erdiesteko. Horietan aurreikusiko dira lanorduen murrizketak, dirulaguntzak eta izan daitezkeen ordezkapenak.

3. Hizkuntza-prestakuntzako plan hauetan sarturiko langileei, nahiz Udalera sartzeko edo bertan daramaten bizitza profesionaleko edozein fasetarako euskaraz jakitea kontuan hartu zaienei, eskatzen ahal izanen zaie euren ezagupenak erabili eta azaltzeko Iruñeko Udal Administrazioan garatzen duten lanean.

VI. KAPITULUA

Toponimia

20. artikulua. Udaleko organo eskudunak onetsiko du udal-mugartearen finkapen geografikoa, toponimikoa eta kartografikoa.

21. artikulua. Udaleko organo eskudunak, halaberean, hiriko kale-izendegia onetsiko du.

22. artikulua. Aurreko artikuluetan aurreikusitakoa betetzeko, Udaleko organo eskudunak txostenak eskatzen ahalko dizkie toponimia, kartografia, geografia edo/eta hizkuntzalaritzako adituei.

VII. KAPITULUA

Euskararen sustapena

23. artikulua.

1. Iruñeko Udalak ekimenak edo kanpainak sustatuko ditu euskara eta haren egoera soziolinguistikoaren inguruko informazio-maila handitu, euskara ikastea sustatu eta bere erabilera areagotzeko esparru guztietan.

2. Iruñeko Udalak parte hartuko du Nafarroako Gobernuaren eta beste udal-entitateen ekimen eta kanpainetan.

3. Besteak beste, helduen irakaskuntzarako matrikulazio kanpainetan, familia barruko euskararen transmisio kanpainan, eta euskarazko zein euskara sustatzeko aldizkarietan parte hartuko du.

24. artikulua. Iruñeko Udalak diru-kopuru bat esleituko du Udal Aurrekontuetan ikastaro trinkoen bidez eta barnetegi batean euskara ikasi nahi duten hiriko pertsona helduendako.

25. artikulua. Kultur ekintzak eta euskara sustatzeko jardueren antolamendua bultzatuko da, eta diruz lagunduko dira gizarte ekimenak eragindakoak.

26. artikulua. Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea.

27. artikulua. Aldez aurretik azterlana eginik, eta horren barnean, besteak beste, zenbat irakasle dauden eta irakasle/ikasle ratioa zein den kontuan harturik, behar diren urratsak ematen hasiko dira, geroan musika-hizkuntzaren irakaskuntzak euskarazko lerroa ere izan dezan.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantzan “ele bitan” edo “bi hizkuntzetan” ageri denean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan emanen dela: gaztelaniaz eta euskaraz. Baina horrek ez du esan nahi, informazioa euskarri edo unitate bakar batean eman behar denik ezinbestean. Izan ere, idatziak, testuak, informazioak, agiriak, orriak, inprimakiak, adierazpide idatziak nahiz bertzelakoak eta orotarikoak euskarri, formatu, argitalpen edo unitate ezberdin, bereizi edo bananduetan egiten ahalko dira gaztelaniarako eta euskararako.

Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitua beharko da, formatu bikoitza erabili ahal izateko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 5ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L2004245