77. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Informazio batzorde iraunkorretako burutzen eskuordetza errebokatzea

Alkatetzaren 2020ko martxoaren 27ko 135/2020 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zen:

“Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 8.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako udalen antolamendua eta horien gobernu- eta administrazio-organoen eraketa Estatuko gainerakoek dituztenei aplikatzen zaizkien xedapenei lotuko zaizkiela, eta Udalen gobernu eta administrazio-organoen eskudantziak legeria orokorrean ezarritakoari jarraikiz erabiliko direla, ezertan galarazi gabe toki araubideari buruzko foru legeriaren ondorio diren berezitasunak.

2020ko martxoaren 24an zentsura mozioaren bilkura egin da, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 197. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta ondorioz, udal honetako alkatea aldatu da. Horrek berarekin dakar aurreko alkatearen kargu-uztea eta Alkatetza hartzen duenak aukera izatea udal honetako gobernu eta administrazio organoen osaera (Osoko Bilkura salbu) aldatzeko.

Informazio batzorde iraunkorren kasuan, toki entitateen organo osagarriak baitira, ebazpenak emateko eskudantziarik gabekoak, eta beren eginkizuna baita Osoko Bilkuraren eta Gobernu Batzarraren mende jartzen diren gaiak aztertzea, kontsultatzea edo horien gaineko txostena egitea (Gobernu Batzarra, halakoetan, Osoko Bilkurak eskuordetutako eskumenekin aritzen da); bada, horien kasuan 125.a artikuluak ezartzen duenez:

Alkate edo udalburua da, berez, guztietako burua; halarik ere, egiazko burutza lanetarako edozein zinegotzi eskuordetzen ahal du, betiere batzordeak berak hala proposaturik eta batzordean berean egin hautespenaren ondotik.

Alkatetzaren 2019ko uztailaren 29ko 332B/2019 Ebazpenaren bitartez, 2019ko uztailaren 18ko Osoko Bilkuraren erabakiz sortutako informazio batzorde iraunkorrak eskuordetzea erabaki zen, honela:

1.–Gazteria Batzordea: Jorge Crespo Ganuza.

2.–Kirol Batzordea: Marta Azcona Muneta.

3.–Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Batzordea: Marta Ruiz de Alda Parla.

4.–Gizarte Ongizatearen Batzordea: Santos Mauleón Urra.

5.–Industria, Berrikuntza eta Enplegu Batzordea: Francisco Javier del Cazo Cativiela.

6.–Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza Batzordea: Cristina Pérez González.

7.–Berdintasun Batzordea: Margarita Magdalena Hernández Salazar.

8.–Kultura eta Jai Batzordea: Ana Duarte Morentin.

9.–Arte, Ondare eta Euskara Batzordea: Ibai Crespo Luna.

10.–Langileriaren eta Herritarren Segurtasunaren Batzordea: Ana Duarte Morentin.

11.–Hezkuntza Batzordea: Francisco Javier del Cazo Cativiela.

Ondoren, Alkatetzaren 2020ko martxoaren 11ko 112/2020 Ebazpenaren bitartez, errebokatu egin ziren Jorge Crespo Ganuzaren eta Magdalena Hernández Salazarren aldeko eskuordetzak, hurrenez hurren Gazteria eta Berdintasunaren informazio batzorde iraunkorren burutzak betetzeko egindakoak; ondorioz, alkateak batzorde horien burutza bere gain hartu zuen.

Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikuluak ezartzen duenez, alkateak Tokiko Gobernu Batzarrean egiten dituen eskuordetzak ez dira errebokatuko Alkatetzan edo Burutzan titulartasun aldaketa bat gertatze hutsagatik; beraz, analogiaz, printzipio hori bera aplika daiteke informazio batzordeetako burutzen eskuordetzetan, zeinak edonola ere edozein unetan erreboka baitaitezke.

Aurrekoa kontuan hartuta, informazio batzorde iraunkorren bilkurak egiteko beharra egon daitekeenez batzorde bakoitzaren eskumenen arloan interesekoak izan daitezkeen gaiak eztabaidatzeko, eta aipatutako xedapenek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Errebokatzea Lizarrako Udalaren informazio batzorde iraunkorren burutzak betetzeko egindako eskuordetza guztiak, 2019ko uztailaren 29ko 332B/2019 Ebazpenaren bitartez eman eta gaurko egunean indarrean jarraitzen dutenak, bat etorriz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin. Beraz, alkate honek berreskuratuko ditu batzordeen buru berezkoa naizen aldetik dagozkidan eginkizun guztiak.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Udaleko talde politikoen bozeramaileei eta ohartaraztea ebazpen honen ondorioz EH-Bildu udal taldearen kide kopurua murrizten dela orain arte horrela agertzen ez zen batzorde guztietan, taldeko hirugarren kideak bertako kide izateari utzita, hiru ordezkariren kopurua mantentzen delarik, 2019ko uztailaren 18ko osoko bilkuran erabaki bezala.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea eta horren berri ematea Udalbatzari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo osoko bilkuran, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak sor daitezen.

Lizarran, 2020ko apirilaren 2an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

Iragarkiaren kodea: L2004399