77. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36E/2020 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: Murieta-Arroitz lotzeko tentsio ertaineko 13,2 kV-eko aireko linea aldatzea 31335. eta 31336. euskarriaren artean, Arroizko udal-mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2019ko abuztuaren 9an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan, Murieta-Arroitz L 4631-03 tentsio ertaineko linearen oraingo trazadura aldatu eta desbideratuko da Arroizko 3. poligonoko 110. lurzatian, non kokatuta baitaude Jurramendiko Mankomunitateak Arroizko ura arazteko dituen instalazioak, handitzeko obrak egin ahal izateko.

Oraingo 31335. eta 31336. euskarrien artean eginen da aldaketa. Bao hori kenduko da, traba egiten baitu obretarako, eta 203 metroko inguratze bat eginen da, hiru euskarri berritan sostengatuta. Horietako bik (31335N eta 31336N) orain zenbaki bera dutenen kokaleku bera dute, eta erdikoa (771335) angeluan proiektatzen da, Arroizko 3. poligonoko 108. eta 91. lurzatien mugan kokatuta, 40 bat metrora hego-hegoekialdera desmuntatu beharreko baoko puntu hurbilenetik.

Zenbait babes neurri aurreikusten dira, aurre egiteko hegaztiak hiru euskarri berrietan elektrokutatzeko arriskuari.

Espedientean jasota dago Arroizko Udalak eman duen aldeko txostena. 2020ko otsailaren 10ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: Murieta-Arroitz lotzeko tentsio ertaineko 13,2 kV-eko aireko linea aldatzea 31335. eta 31336. euskarriaren artean, Arroizko udal-mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Bete beharko dira tramitatutako dokumentazioan isolatzeko eta babesteko jasotako neurriak, hegaztietarako arriskua murrizteko, hala nola zubi lasaiak, loturak edo lotzeko grapak forratzea, esekidurako grapak paratzea igarotzeko isolagailuetan eta metro batekoak euskarriaren alde bakoitzean, eta isolagailuak erabiltzea U70Y66P AL motako loturetan, metro 1 luze direnak.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Arroizko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (“Lizarra 2” barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko martxoaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2004269