77. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERTIZARANA

Hitzarmena, Bertizaranako Udalak Legasako Kontzejuari eskuordetzan emateko edateko uraren hornidura eta saneamenduari eta eskola publikoaren mantentze-lanei dagozkien eskumenak

Bertizaranako Udalak, 2020ko otsailaren 21ean egin bilkuran, hitzarmen baten testua onetsi zuen, zeinaren bitartez Bertizaranako Udalak Legasako Kontzejuari eskuordetzan ematen baitizkio Legasako uraren hornidurari eta Legasako eskola publikoaren sostenguari dagozkien eskumenak. Halaber, erabaki zuen Andrés Echenique Iriarte alkatearen esku uztea hitzarmen horren sinadura. Horiek horrela, alde biek 2020ko martxoaren 11n sinatu zuten hitzarmena.

Eta argitaratzen da, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 45 artikuluarekin, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin.

Bertizaranan, 2020ko martxoaren 13an.–Alkatea, Andrés Echenique Iriarte.

HITZARMENA, BERTIZARANAKO UDALAK LEGASAKO KONTZEJUARI ESKUORDETZAN EMATEKO EDATEKO URAREN HORNIDURA ETA SANEAMENDUARI ETA ESKOLA PUBLIKOAREN MANTENTZE-LANEI DAGOZKIEN ESKUMENAK

Batzarturik

Alde batetik, Andrés Echenique Iriarte, Bertizaranako alkatea, adinez nagusia eta XXXXXXXX-X NANa duena, Bertizaranako Udala ordezkatuz;

eta bestetik, Jesús María Etxart Ansalas, Legasako Kontzejuko alkatea, adinez nagusia eta XXXXXXXX-X NANa duena, Legasako Kontzejua ordezkatuz;

Parte hartzen dute

Bi alderdiek aitortzen diote elkarri eskuordetza hitzarmen hau sinatuta kontratuak egin eta beharkizunak betetzeko lege ahalmena eta legitimazioa, eta bereziki, agiri honek dakartzan ondorio guztietarako, zeina hobetu ulertu eta argitzeko, honako hauek aurrekari gisa idatziz jasotzen baitituzte:

Aurrekariak

1.–Bertizaranako Udalaren udal-mugartean hiru kontzeju daude, eta horietako bakoitza herri bat eta biztanlegune bat da. Legasako Kontzejua biztanlegune horietako bat da, eta azpiegitura finkatua, behar beste antolatutako administrazio bat eta izaera propioa ditu.

2.–Legasako Kontzejuak historikoki kudeatu ditu Legasako edateko uraren hornidurari eta eskola publikoaren mantentze-lanei dagozkien eskumenak, oinarri hartuta Bertizaranako Udalak 1992ko abenduaren 23an hartutako erabakia eta eskumenak eskuordetzeko hitzarmena onartzeko erabakia, Legasako Kontzejuko Batzarrak 1993ko otsailaren 5ean hartutakoa eta 1993ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 29an.

3.–Legasako Kontzejuak eskumen horiek bere gain hartuta egindako kudeaketa gertukoa eta eraginkorra izan zen, aldi historiko horretako interes publikoaren kudeaketaren ikuspuntutik; eta horrela erakusten dute eskolaren udal eraikina zaharberritu izanak eta 1985ean hura irekitzeko egindako eskariak (neurri erabakigarria jendegabetzeari aurka egiteko eta landa eremua indartzeko), bai eta 2003an ur horniduraren sarea berritu izanak ere.

4.–Azken bi legegintzaldietan Kudeaketa Batzorde batek gobernatu du Legasako Kontzejua, 2011ko udal eta kontzejuetako hauteskundeetan ez baitzen hautagairik aurkeztu. Kudeaketa Batzordearen agintaldi horretan, Legasako Kontzejuak Bertizaranako Udalari igorri zion ur horniduraren arloko eskumenaren eta Legasako eskola publikoa sostengatzeko eskumenaren kudeaketari uko egiteko eta hura errebokatzeko erabakia. Hartan oinarrituz, Bertizaranako Udalak, 2016ko martxoaren 11n egin bilkuran, erabaki zuen onartzea ur horniduraren arloko eskumenaren eta Legasako eskola publikoaren sostenguaren arloko eskumenaren ukoa eta errebokatzea, Legasako Kontzejuak eskatuta, eta eskumen horien kudeaketa bere gain hartu zuen.

5.–Legasako Kontzejuaren Batzarrak, 2020ko urtarrilaren 10ean egin bilkuran, aho batez erabaki zuen Bertizaranako Udalari eskatzea Kontzejuari eskuordetzan emateko ur hornidura eta saneamenduaren arloko eskumena eta eskola publikoaren sostenguaren arlokoa. Bere ustez, Legasako Kontzejuak lehendik ere eskumen horiek erabili zituelarik, eskuordetzeak ahalbidetuko baitu arlo horiek hobeki kudeatu eta herritarren parte hartzea handitzea, aurretik frogatu den bezala.

6.–Legasako Kontzejuaren eta Bertizaranako Udalaren beraren nahia da Kontzejuari autonomia handiagoa ematea bere gain har ditzakeen eskumenak kudea eta gara ditzan. Hori guztia justifikatua dago Nafarroako Foru Komunitateko 6/1990 Foru Legearen 30.1 artikuluan (foru lege horrek arautzen du toki administrazioa):

“Udalerriak kontzejuetan eskuordetu ahal izanen ditu bere eskumenekoak diren obrak egitea edo zerbitzuak ematea, betiere kontzejuek eskuordetzea onartzen badute eta haien interesei eragiten badiete, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko eta herritarren parte-hartze handiagoa lortzeko. Hirigintzako eskumenak ez zaizkie inoiz ere eskuordetuko kontzejuei.”

7.–Azaldutako arrazoietan oinarrituz, Legasako Kontzejuak eta Bertizaranako Udalak egokitzat jotzen dute eskumenak eskuordetzeko eta baliabideen lagapenerako eta lankidetzarako hitzarmen hau sinatzea bi toki entitateen artean, legitimatuta baitaude hitzarmen hori sinatzeko, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legearen 48. artikuluaren arabera, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 6., 7. eta 22-2 artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 30-2 eta 70. artikuluetan oinarrituz. Eta horrela jasotzen da ondoko erabaki hauetan:

ERABAKIAK:

1.–Udal eskumenak eskuordetzea Legasako Kontzejuaren alde.

1.1. Bertizaranako Udalak onetsi du Legasako Kontzejuaren esku uztea honako bi eskumen hauen kudeaketa:

a) Edateko uraren horniduraren kudeaketa. Eskumen horren kudeaketan sartzen dira, batetik, edateko uraren hornidura zerbitzuaren mantentze-lanak eta antolaketa, eta ur-biltegien eta dituzten mailen ohiko kontrola; bestetik, zerbitzuaren tasa finkatu eta kobratzeko tributu-ahalmena, eta baita zerbitzuaren funtzionamendu egokiarekin lotutako bestelako alderdi guztiak ere.

b) Kontzejuaren jabetzakoa den eskola publikoaren mantentze-lanak. Eskumen horren kudeaketan sartzen dira eskolaren ohiko gastuak bere gain hartzea, hezkuntza administrazioan parte hartzea eta bertako kudeaketa organoetan esku hartzea, eta nahitaezko eskolatzearen zaintza.

1.2. Horretarako, Bertizaranako Udalak, 2020ko otsailaren 21ean egin bilkuran, erabaki du errebokatzea ur hornidura eta saneamenduaren eta eskolaren sostenguaren eskumenei uko egiteko eta errebokatzeko erabakia, zeina Bertizaranako Udalak hartu baitzuen 2016ko martxoaren 11ko bilkuran.

Kontzejuak onartu du eskuordetza hori, bere gain hartu du eskuordetutako kudeaketa, eta konpromisoa hartzen du urtero haren garapenari eta kudeaketari buruzko informazioa emateko Udalari.

2.–Eskuordetzaren baldintzak.

2.1. Baliabide ekonomikoak, eskuordetutako eskumenak gauzatzeko.

Legasako Kontzejuak eskuordetutako eskumenak kudeatu eta garatzeko behar dituen bitarteko ekonomikoak izan ditzan, Bertizaranako Udalak herrian Ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergarekin bildutako zenbateko osoa transferituko dio Legasako Kontzejuari, ekitaldi bakoitzaren bukaeran.

2.2. Zerbitzu anitzetako langilea elkarrekin mantentzea.

Zerbitzu anitzetako lanak egiteko Bertizaranako Udalak, indarrean den plantilla organikoari jarraituz, kontratatzen duen pertsona Legasako Kontzejuaren eskura egonen da eskumen horien kudeaketak dakartzan behar iraunkor nahiz unean-unekoei edo kontingentziei erantzuteko, bere esku-hartzea beharrezkoa gertatzen denean. Hartara, zerbitzu anitzetarako kontratatutako pertsonaren eginkizunen egutegi eta/edo agendari jarraituko zaio, zeina Udalaren eta udalerriko hiru kontzejuen artean ezarriko baita.

2.2. Legasako eskolaren garbiketa zerbitzua kontratatzea.

Legasako Kontzejuari dagokio Legasako eskolaren garbiketa zerbitzuaz arduratuko den pertsona kontratatzea.

2.2.1. Legasako Kontzejuak mantentzen duen bitartean zerbitzu horren kontratua 2019/2020 ikasturterako 2019ko irailean hura esleitu zitzaion pertsonarekin (2020ko ekainaren 30era arte indarrean baitago), ulertuko da enpresa kontratatzailearen ondorengotza gertatu dela, langileari eta gizarte segurantzari ordaintzeaz Udala arduratuko bada ere. Eskola garbitzeko zerbitzurako Udalak kontratatzen duen pertsonak lan-harreman berbera mantenduko du; hartara, Udalak Legasako Kontzejutik jasoko du, ezarritakoa betez, lan-harreman horrek dakartzan gastu guztien transferentzia osoa.

2.2.2. 2020-2021 ikasturtetik hasi eta hurrengo ikasturteetan, Legasako Kontzejua arduratuko da hautapen prozesuak egin eta kontratua adjudikatzeaz, bai langile berari edo beste bati, eta bere gain hartuko du langile horrekiko lan-harremanaren titulartasuna.

2.2.3. Legasako eskolaren garbiketa zerbitzurako kontratatzen den pertsona ordezkatu behar bada, puntualki nahiz iraunkorki, justifikatutako arrazoiengatik (ahaideen zainketa, gaixotasuna... eta abar), Bertizaranako Udalak zerbitzua normal eman dadin lagunduko du, eginkizun hori garbiketa zerbitzuaren udal langileari aginduz.

3.–Udalaren eta Legasako Kontzejuaren arteko koordinazioa eta lankidetza.

3.1. Mantentze-lanak eta hobekuntzak.

3.1.1. Legasako Kontzejuak bere aurrekontuaren kargura hartuko ditu eskuordetutako eskumenen arabera ematen dituen zerbitzuen gastu arruntak. Zehazki, ur sarearen mantentze-lanen eta izan daitezkeen matxuren gastuak, bai eta ikastetxearen mantentze-lanen ohiko gastuak ere, haien artean, uraren, argindarraren, gasaren eta telefonoaren gastuak.

3.1.2. Kontzejuak bere eskumenen kudeaketarako beharrezkotzat eta egokitzat jotzen dituen berrikuntza eta hobekuntzak erabakiko ditu, eta Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde batzuek ematen dituzten laguntzak jaso ahalko ditu, betiere bere aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

3.1.3. Udalak hobekuntza eta proiektu horien finantzaketan lagunduko du, bere baliabide ekonomikoek uzten dioten heinean eta kasu bakoitzean hala erabakitzen badu.

3.2. Koordinazioa eta lankidetza.

3.2.1. Hitzarmen honetako konpromisoak eta eskuordetutako eskumenak zehatz erabiltzen direla bermatzeko, eta hiru kontzejuen eta Udalaren arteko koordinazio eta lankidetzarako bitartekoa izan dadin, hitzarmen hau sinatzen duten entitateek erabakitzen dute kontzejuekin Batzordean parte hartzea.

3.2.2. Batzorde hori informazio eta kontsultarako organo iraunkorra da, Alkateak proposatuta eratutakoa, 2019ko uztailaren 11ko bilkura berezian aho batez erabaki ondotik.

4.–Hitzarmen honen indarraldia.

Eskumenen eskuordetza honen iraupena mugagabea da eta aldatu ahalko da bi alderdietako edozeinek eskatzen badu, Nafarroako Gobernuak eta indarrean diren legeek aldakuntzak eragiten badituzte eskualdeen, udalen eta kontzejuen eskumenen banaketan edo tokiko ogasunen funtsa banatzeko moduan, eta betiere aldakuntza horiek hitzarmen honi eragiten dioten alderdi puntualetan soilik.

Hitzarmen hau lau urtean izanen da indarrean eta automatikoki luzatu dela ulertuko da, epe berdinerako, alderdi sinatzaileek ez badute aurkakorik adierazten edo bestelako erabakirik hartzen.

Hitzarmen honek indarra hartuko du, eta eskuordetzan emandako eta Legasako Kontzejuak onartutako eskumenen erabilera eta kudeaketa hasiko da 2020ko urtarrilaren 1ean. Beraz, data horretatik aurrera Legasako Kontzejua da bertako biztanleei zerbitzu horiek emateko entitate arduraduna eta erantzulea.

Eta beren adostasuna adierazteko, bi alderdiek goian adierazitako tokian eta egunean izenpetu dute.

Bertizaranan, 2020ko martxoaren 11n.–Udaletik, Andrés Echenique Iriarte; Legasako Kontzejutik, Jesús María Etxart Ansalas.

Iragarkiaren kodea: L2004199