76. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

10/2020 FORU LEGEA, apirilaren 8koa, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 2020RAKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORREI BURUZKO MARTXOAREN 4KO 5/2020 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ATARIKOA

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Hiri Agenda. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

Nafarroako Gobernuak bi foru lege-dekretu onetsi ditu 2020ko martxoan, neurri urgenteak onesten dituztenak koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

2020ko martxoaren 27an, Nafarroako Parlamentuak martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua baliozkotu zuen, eta foru lege proiektu gisa izapidetzea erabaki zuen.

Ondorengo foru legeak, apirilaren 3an onetsi zenak, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren 19. artikuluko funtsa 130 milioi eurora arte handitu du, eta haren xedeak aldatu ditu.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluak ezartzen duenez, funts-mugimenduen xede izan daitezkeen partida bakarrak Aurrekontuei buruzko Foru Legean hala ezarritakoak dira.

Horrez gain, foru lege horren 43. artikuluak ezartzen duenez, aurrekontu zuzkiduren intsuldaketak, aurrekontuei buruzko foru legean funts mugimenduak deitzen direnak, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko.

1. artikulua. Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 5. artikulua aldatzea.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 5. artikuluari bigarren paragrafoa gehitzen zaio. Hona testua:

“Horiez gain, zabalgarriak izanen dira, 2020ko ekitaldiari dagokionez, koronabirusaren aurkako borrokarako neurri bereziak finantzatzeko helburua duten edo ekitaldian horretarako sortu beharreko partida guztiak (Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluan jasotako muga izan gabe); partida horien izena COVID-19 izanen da”.

2. artikulua. Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legeari 58. artikulua gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“58. artikulua. COVID-19 kredituen kudeaketa.

Funts mugimenduak egiten ahalko dira COVID-19ari dagozkion partiden artean, eta gastuaren kudeaketa hoberako beharrezkoak direnak sortzen ahalko dira.

Partidak zer departamenturi dagozkion, haren titularrak izanen du funts-mugimendu horiek baimentzeko eskumena. Departamentu bati baino gehiagori badagokie, eskumena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariarena izanen da, ukitutako departamentuek adostasuna eman ondoren”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko apirilaren 8an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2004471