74. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72E/2020 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Noain Elortzibarko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Productos Oppac SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 352/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 427/2010 Ebazpenaren bidez eta irailaren 14ko 882/2012 Ebazpenaren bidez aldatua, eta geroago Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 13E/2018 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko urtarrilaren 8an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, lurrungailu berri bat jartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 24an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak jaso behar dira egun duen ingurumen baimen integratuan, eta hori aldatu.

Orobat, 2020ko urtarrilaren 24an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak adierazi du ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa bete beharrez, handitze proiektuari ez zaiola ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, lege horren eranskinetako kasuetan ez dagoelako eta uste izan delako ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean; izan ere, ez ditu aipatutako 7. artikuluan zehazten diren igoerak edo ukipenak ekartzen.

2020ko martxoaren 3an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, lurrungailu berri bat jartzeko, oraingoak baino %60ko ahalmen handiagoa daukana. Oraingoa erreserban gordeko da.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Noain Elortzibarko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmenerako baimena ematea, lurrungailu berri bat jarri ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Productos Oppac SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Productos Oppac SAri eta Noain Elortzibarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2004240