74. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Ordenantza, dirulaguntzak ematea arautzen duena. Hasierako onespena

Dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza 2020ko otsailaren 21eko osoko bilkuran hasiera batez onetsi ondotik, jendaurrean egonen da 30 egunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azter dadin eta egoki juzgatzen diren erreklamazioak aurkez daitezen. Hori guztia, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. eta 70.2 artikuluetan eta Toki Araubidearen testu bateginaren 56. artikuluan ezarritakoarekin.

Epe horretan interesdun orok aztertu ahalko du Udalaren bulegoetan, eta egoki juzgatzen dituen alegazioak aurkeztu ahalko ditu. Halaber, udal honen egoitza elektronikoan (http://melida.sedelectronica.es) egonen da interesdunen eskura.

Epe horretan ez bada erreklamaziorik aurkezten, behin betiko onetsitzat joko da aipatutako ordenantza onesteko erabakia.

Melidan, 2020ko otsailaren 24an.–Alkatea, María del Valle Coca Pueyo.

DIRULAGUNTZAK EMATEKO ORDENANTZA MELIDAKO UDALA

Arau orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honek dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Melidako udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko. Ordenantza honetatik kanpo gelditzen dira etxebizitzak zaharberritzeko eta igogailuetarako dirulaguntzak, horiek berariazko ordenantza batean arautzen baitira.

2. artikulua.

Dirulaguntza esaten zaio Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari, baldin eta baldintza hauek betetzen baditu:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea .

3. artikulua.

Lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua.

Osoko Bilkurak onesten dituen oinarri arauemaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei jarraikiz eman beharko dira dirulaguntzak. Oinarriak onetsi aurretik, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua.

Honako hauek dira izan daitezke dirulaguntzen onuradunak:

a) Udalerrian helbidea duten entitate, erakunde eta elkarteak, edo bertan ordezkaritza iraunkor bat dutenak, garapenerako laguntzen deialdietan izan ezik, orduan ez baita halako baldintzarik eskatuko.

b) Pertsona fisikoak, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazteko asmorik gabeak badira. Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezarri ahalko da dirulaguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez eman ahalko zaizkiela onuradunei. Halakoetan, lankidetza hitzarmena sinatuko da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, horrek bere gain hartzen dituen betebehar eta baldintzak arautzeko.

Jarduera diruz lagungarriak

6. artikulua.

Dirulaguntza bil dezakete dirulaguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Melidako udalerriaren lurralde-eremuan egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Berdintasuna.

–Gizarte laguntza.

–Laguntza humanitarioa eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateendako laguntzak.

–Irabazi asmorik gabeko herri entitate eta taldeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

–Jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde ari diren entitateendako laguntzak.

–Beste batzuk, Osoko Bilkurak erabakitzen badu.

7. artikulua.

Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Lokalak moldatzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinen erosketa.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar), dagokien deialdian espresuki jaso ezik.

Prozedura

8. artikulua.

1.–Dirulaguntzak eman aurretik, Osoko Bilkurak dagokion deialdia onetsi beharko du, oinarri arautzaileak onetsita.

2.–Dirulaguntza zehatz baten oinarri arautzaileak onetsita, hurrengo ekitaldietan aurrekontuan diru-izendapenik baldin bada, jadanik onetsitako oinarrien indarraldia luzatuko da, aldaketarik sartu ezean. Urteko deialdi bakoitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta ohiko tokietan argitaratuko da, ezartzen diren egunetan.

9. artikulua.

1.–Oro har, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

2.–Lehia izanik, norgehiagoka ez dagoenetan, banakako ebaluazio araubidea erabiliko da. Banakako ebaluazioaren araubidea hautatzen denean dirulaguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko, eta aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

3.–Nolanahi ere, beste dirulaguntza batzuk zuzenean eman ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, dirulaguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.

Kasu hauetan ematen diren dirulaguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari dirulaguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Dirulaguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

d) Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako laguntza sozialak.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.

10. artikulua.

Udaleko Osoko Bilkura da dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa, baita horien kontzesioa erabaki edo ukatzekoa eta haien zenbatekoa zehaztekoa, dagokion batzordeak txostena egin ondoan.

Oinarriek eduki hau izan behar dute:

a) Dirulaguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Dirulaguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Dirulaguntza emateko prozedura.

e) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

f) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Dirulaguntza emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

i) Dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua.

j) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

n) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

11. artikulua.

Eskabide epeak deialdi bakoitzean finkatzen dira.

12. artikulua.

Eskatzaileek deialdi bakoitzean zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar dute, eskabidearekin batean.

13. artikulua.

Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira dirulaguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Melidako Udalarendako.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragin dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Melidako herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen denean.

g) Gisako jardueren urritasuna

h) Oinarriko kirola eta kultura sustatzea.

i) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

j) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

k) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

l) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

14. artikulua.

Dagokion udal organoak eskaerak aztertuko ditu eta, ondoren, txostena aurkeztuko dio udalburuari. Horrek ebazpena emanen du eta dirulaguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan lagun daitekeen zenbatetsi ondoan. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera; gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek ezarriko dute.

Onuradunen betebeharrak

15. artikulua.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

–Dirulaguntzaren oinarri diren xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere, eta lehenagoko jarduketen ondorioz eska dakiokeen informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

–Ordenantza honen 18. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko diruak itzultzea.

16. artikulua.

Entitate laguntzaileak, onuradunak eta dirulaguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

17. artikulua.

Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

18. artikulua.

Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

a) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo behar bezainbat betetzen ez denean.

d) Deialdian hedapeneko neurriak hartu beharra aurreikusirik, horiek hartzen ez direnean.

e) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

f) Udalak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo horiek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Udalak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo horiek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan. Itzuli beharra udalburuak erabakiko du, espedientea ireki ondoan; hartan sartuko dira, behar den batzordearen proposamen arrazoituaz gain, bidezko diren txosten eta frogak eta, hala behar badu, onuradunaren alegazioak. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

19. artikulua.

Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako dirulaguntzak biltzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira Udalean:

a) Dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko eskabidea, alkateari zuzendua, eta entitateko lehendakariak edo eskuordetza behar bezala egiaztatua duenak sinatua.

b) Transferentzia bidezko abonamendurako eskabidearen inprimakia.

c) Egindako jarduerari buruzko memoria zehatza.

d) Fakturak, jarduera diruz lagungarriaren zenbatekoa adieraziko dutenak.

e) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

f) Beste entitate publiko nahiz pribatuen aldetik bildutako dirulaguntzen zerrenda, edo zinpeko aitorpena, diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoa gainditzen duten dirulaguntzak bildu ez direla adierazten duena.

g) Beste edozein agiri, deialdiaren oinarrietan aurreikusi bada.

h) Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan kontrakorik espresuki xedatu ezean, egindako gastutzat honakoa joko da: dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

i) Onuradunek behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

20. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

b) Data dirulaguntza eman den urtekoa izatea. Noizbehinkako jarduera bada fakturaren data jarduera egin zenekoa izanen da.

c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

f) Ez da justifikaziotako onartuko pertsona fisikoek luzaturiko ordainagiririk, 125,00 euro baino diru gehiagokoa bada.

21. artikulua.

Eskaera aurkeztutakoan, dagokion batzordeak espedientea aztertuko du eta onespena eta ordainketa proposatuko dio udalburuari. Onestea eta ordaintzea, bidezko bada, udalburuari dagozkio, baldin eta egin beharreko gastua bere eskumenen barrenean badago. Dena dela, dirulaguntza benetako gastuetaraino murritz dadin proposatzeko ahalmena beretzat gordeko du.

Lankidetza hitzarmenak

22. artikulua.

Ordenantza honetako 9.3 artikuluan ezarritako dirulaguntzetarako lankidetza hitzarmenak sinatuko dira entitate laguntzaileekin, eta horietan arautuko dira entitateen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmenek lau urteko indarraldia izanen dute gehienez; nolanahi ere, bertan aurreikus daiteke bukatu baino lehen aldatzea edo luzatzea alderdiak elkarrekin bat etorrita, luzapenen iraupen osoa ez bada hasierako epearen indarraldia baino luzeagoa, ezta lankidetza hitzarmenaren iraupen osoa, guztira, sei urte baino luzeagoa. Entitate laguntzaileak zuzenbide pribatuari loturiko pertsonak badira, aurretik hautatuko dira eta hautatzeko prozedura printzipio hauen mendean egonen da: publikotasuna, lehia, berdintasuna eta bazterkeria eza. Lankidetza hitzarmen bidez formalizatuko da.

Lankidetza hitzarmenak, gutxienez, eduki hau izanen du:

a) Lankidetzaren xedea eta entitate laguntzailea zein diren.

b) Entitate laguntzaileak kudeatuko dituen dirulaguntzen gaineko araudi berezia zein den.

c) Lankidetza hitzarmenak zenbat iraunen duen.

d) Administrazio organo emailearendako jarri behar diren bermeak, eta berme horiek eratzeko bideak eta kitatzeko prozedurak.

e) Entitate laguntzaileak dirulaguntzak kudeatzeko prozeduraren fase bakoitzean zer baldintza bete eta betearazi behar dituen.

f) Diru publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileari funtsak emateko epea zein den eta hartutako diruak onuradunen eskutan utzi arte horiek gordailatzeko baldintzak zein diren.

g) Funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, administrazio organo emaileak emandako dirulaguntzak onuradunei emateko baldintzak.

h) Onuradunek nola justifikatuko duten dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzeko baldintzak zein diren.

i) Onuradunek dirulaguntzen gaineko justifikazioa nola eta zer epetan aurkeztuko duten eta, funts publikoen banaketan lagunduz gero, entitate laguntzaileak diruak onuradunei eman dizkiela nola eta zer epetan egiaztatuko duen.

j) Entitate laguntzaileak kontabilitateko zer liburu eta zer erregistro eraman behar dituen, dirulaguntzaren justifikazio egokia errazteko eta ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

k) Dirua itzuli behar izatea, dirulaguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira.

l) Entitate laguntzailearen betebeharra, egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzeko.

m) Entitate laguntzailearendako konpentsazio ekonomikorik finkatu behar bada, hura zein den. Hitzarmenak ikus-onetsi juridikoa beharko du.

Dirulaguntzak zuzenean ematea

23. artikulua.

Hitzarmenak izanen dira ohiko tresna Udalaren aurrekontuetan berariaz aurreikusitako dirulaguntzak bideratzeko. Beharrezkoa izanen da dirulaguntzaren onura eta interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitzea, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da. Dirulaguntzak hitzarmenen bidez gauzatzen direnean, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak onetsiko du hitzarmena.

24. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira beste udal ordenantzak, honako honetan xedatuari kontra egiten badiote edo ezeztatzen badute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean hartuko du indarra, erreklamaziorik aurkezten ez bada.

Iragarkiaren kodea: L2004219