71. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Ordenantza, Etxeak birgaitzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2019ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxeak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2020ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 28an.

Bat eginez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantzaren aldaketa, eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2020ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ORDENANTZA, LEHENTASUNEZ BIRGAITZEKO EREMUETAN ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZENA, ESKU-HARTZE OROKORREKO PLAN ONARTU BAT BADUTE

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Altsasuko Udalak ezarritako dirulaguntzak, etxebizitza eraikinetan birgaitze obra hauek sustatzeko:

a) Eraikinaren inguratzaile osoan jarduketak egitea, energia eraginkortasuna hobetzeko.

b) Eraikinaren inguratzaile osoan jarduketak egitea, energia eraginkortasuna hobetzeko, oztopo arkitektonikoak ezabatzearekin batera.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Laguntzak Altsasuko Udalak izendatzen dituen lehentasunezko birgaitze eremuetan dauden eraikinetan garatzen diren jarduketei soilik aplikatuko zaizkie, baldin eta esku-hartze orokorreko plan onartu bat badute eta antolamenduz kanpo ez badaude.

Jarduketak jabeen erkidegoak sustatu beharko ditu, eta ez dira aplikatuko jabeetako batek banaka sustatutako jarduketetan.

3. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntzak jasotzeko aukera izanen dute etxebizitzarako erabiltzen diren eraikin guztiek, baldin eta antolamenduz kanpo ez badaude, Altsasuko Udalak esku-hartze orokorreko plan baten bidez izendatzen dituen lehentasunezko birgaitze eremuetan badaude eta Nafarroako Gobernuaren aldetik birgaitze babestuaren kalifikazioa lortu badute.

Udalaren laguntzak, proposatzen den birgaitze motaren arabera, honako hauek izanen dira:

a) Eraikinaren inguratzaile osoan jarduketak egitea, energia eraginkortasuna hobetzeko.

Obra gauzatzeko aurrekontuaren %4.

b) Eraikinaren inguratzaile osoan jarduketak egitea, energia eraginkortasuna hobetzeko, oztopo arkitektonikoak ezabatzearekin batera.

Obra gauzatzeko aurrekontuaren %4.

Laguntzak aurrekontu arruntean horretarako izendatutako partidaren kontura finantzatuko dira, eta kreditua izateak baldintzatuko du laguntza ematea.

Eskatutako dirulaguntzen zenbatekoak aurrekontuko ekarpena gainditzen duenean, eskabideak ebatziko dira dokumentazio guztia erregistroan aurkezten den hurrenkerari jarraituz.

Udal laguntzak Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde publiko batzuek ezarritakoen osagarri izanen dira. Eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko Nafarroako Gobernuak babestutako birgaitze kalifikazioa lortzea (oztopo arkitektonikoak ezabatuta edo gabe) ezinbesteko baldintza izanen da udal laguntzak eskuratu ahal izateko.

Jarduketa eta obra guztiek eraikina kokatuta dagoen lehentasunezko birgaitze eremurako onartutako esku-hartze orokorreko planean ezarritako zehaztapenak bete beharko dituzte.

Udalaren laguntza ekonomikoetatik kanpo gelditzen dira birgaitze babestuaren kalifikazioan Nafarroako Gobernuak babesgarritzat jotzen ez dituen jarduketak edo horien zati zehatzak.

4. artikulua. Jabeen erkidego onuradunak.

Laguntzen onuradunak izanen dira etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinen jabeen erkidegoak, baldin eta antolamenduz kanpo ez badaude, Altsasuko Udalak esku-hartze orokorreko plan baten bidez izendatzen dituen lehentasunezko birgaitze eremuetan badaude eta Nafarroako Gobernuaren aldetik birgaitze babestuaren kalifikazioa lortu badute.

Erkidego onuradunek berariaz eskatu beharko dute laguntza, dagokion dokumentazioa aurkeztuta, obrak amaitu ondoren; hala ere, obra-lizentziaren eskaerarekin batera, Altsasuko Udalari jakinarazi beharko diote obrak amaitu ondoren dirulaguntza eskatzeko asmorik duten.

5. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

Altsasuko Udaleko Erregistroan izapidetuko dira laguntzak (edo indarrean dagoen legeriak aitortutako edozein erregistro ofizialetan), eta honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Obra-lizentziaren eskaerarekin batera, eta obrak hasi aurretik, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Altsasuko Udalaren dirulaguntzak eskatzeko asmoa dagoela adierazten duen idazkia.

b) Obrak amaitu ondoren, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Obra-lizentzian Altsasuko Udalak ezarritako obra bukaera.

–Birgaitze babestuaren kalifikazioa, Nafarroako Gobernuak zigilatua.

–Altsasuko Udalak laguntza ekonomikoa ordaintzeko berariazko eskaera, hura kobratzeko kontuaren zenbakia adierazita.

Dokumentazioa berrikusirik eta Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondotik hilabete bateko gehieneko epean, Alkatetzak ebazpena emanen du, dagokion laguntza emanez. Laguntza hori aipatu kontuan ordainduko da.

Altsasuko Udalak laguntza ekonomikoaren ordainketa eginen du aurkeztutako obra likidazioaren obra gauzatzeko aurrekontuan oinarriturik. Jarduketaren zatiren bat ez babesgarritzat jotzen badu Nafarroako Gobernuak, zati horren obra gauzatzeko zenbatekoak ez du jasoko Altsasuko Udalaren laguntza ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: L2003752