7. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Tuterako Udalaren eta haren meneko
erakundeen 2019ko lan eskaintza

Tuterako Udaleko alkateak 1983/2019 Ebazpena eman zuen 2019ko azaroaren 25ean. Hona hemen haren laburpena:

Udalak 2019ko maiatzaren 6ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, behin betiko onetsi zen Tuterako Udalaren eta haren meneko erakundeen (Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoa eta Castel-Ruiz enpresa-entitate publikoa) 2019. urteko plantilla organikoa. Haren onespenari buruzko iragarkia agertzen da aurtengo 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 31n.

EBATZI DUT:

1.–Tuterako Udalaren eta haren meneko erakundeen 2019ko lan eskaintza onestea, behin betiko onetsi ondoan urte horretarako plantilla organikoa. Hona zein lanpostu diren bertan:

1.1. Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat (zenbakia: 0506B09201) oposizio-lehiaketaren bidez (barne igoera).

1.2. Udaltzaingoko agente lehen izateko bi lanpostu (zenbakiak: 0506C01804 eta 0506C01805), kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez.

1.3. Udaltzain agente izateko lau lanpostu (zenbakiak: 0506C00209-232 eta 0906C00259-260), berritze tasari dagozkionak, oposizioaren bidez.

Berritze tasari dagozkion lau lanpostu horiek gehiago izanen dira, hain zuzen ere Alkatetzaren 2019ko 1611. ebazpenaren bidez onetsitako deialdian agertzen diren laurak. Deialdi hori 2019ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an, eta gauzatze bidean dago gaur egun.

1.4. Udaltzain agente izateko bi lanpostu, Udaltzaingoko berritze tasa erantsiari dagozkionak, heldu den 2020an bi udaltzain agentek hartuko baitute erretiroa.

Horiek betetzeko deialdia heldu den 2020an gauzatuko da, Udaltzaingoan lanpostuak hutsik gelditu orduko.

1.5. Ikusirik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanpostuen balorazioari buruz 2009an eginiko azterlanaren emaitzak, baita joan den 2018an 2019 honetako plantilla organikoan islaturik eginiko azterlanaren emaitzak ere, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluaren babesean, barne igoerako hautapen prozesu hauek eginen dira:

1.5.1. C mailako administrari laguntzaile bihurturiko lanpostuak (zenbakiak: 0507D01005, 0510D01006, 0510D01008, 0512D01002, 0512D01003, 0510D01007, 0613D01001, 0513D01004), zeinak bete baititzakete, era murriztuan, D mailako administrari laguntzaileen lanpostua duten funtzionarioek edo lan-kontratudun finkoek.

2.–Erreserbako txandak, desgaitasuna dutenentzat. %33ko edo gehiagoko desgaitasun maila duten pertsonek gainerako izangaien baldintza berberetan parte har dezakete enplegu publikoaren eskaintzako lanpostuak betetzeko deialdietan, baldin eta desgaitasun hori bateragarria bada egokituko zaizkien betebehar edo eginkizunekin. Horretarako, probetan behar diren egokitzapenak eginen dira, eskabidea aurkeztu eta desgaitasuna eta bateragarritasuna frogatzen dituzten izangaientzat; betiere egiaztapena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko organo eskudunek egin beharko dute. Nolanahi dela ere, kasuan kasuko lanpostuaren eginkizunetan aritzeko, desgaitasuna bateragarria dela frogatzeaz gain, behar den osasun azterketa gainditu beharko da, Foru Komunitateko administrazioetan sartu aurretik probak pasa dituzten izangai guztiei hala eskatzen baitzaie.

Kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 10eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezartzen den portzentajea, eta orobat kontuan harturik lan publikoaren eskaintza honetan agertzen diren lanpostuen bereizgarriak, aurten ez da plazarik erreserban utziko desgaitasuna dutenen txandetan betetzeko.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Tuteran, 2019ko azaroaren 27an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L1915378