69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

11/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Iruñeko “Tres Reyes”, “Albret”, “Blanca de Navarra” eta “Sancho Ramírez” hotelak gaitzea osasun sistemako langileei ostatu emateko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez dekalaratutako alarma egoeraren esparruan (errege-dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zen, eta gero haren indarraldia luzatu zen martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bitartez), martxoaren 19ko SND/257/2020 Agindua eman zen. Horren bidez, Espainiako lurralde guztian eten egin zen ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, barne daudela hotelak eta antzeko ostatuak, ostatu turistikoak eta egonaldi laburretarako beste ostatu batzuk, kanpinak, karabanentzako aparkalekuak eta horien antzeko bestelako establezimenduak.

Bestalde, geroago, martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduak funtsezko zerbitzu deklaratu zituen zenbait ostatu turistiko. Agindu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, ostatu turistikoek ostatu ematen ahal diete martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduaren 1. eta 2. artikuluetan aipaturiko kolektiboei bakarrik (horien artean daude osasun arloko langileak). Horrelakoetan, zaindu beharko da betetzen direla Osasun Ministerioak emandako babes neurriak eta jarraibideak, COVID-19arekin kutsatzea eragozteko helburua dutenak.

Osasun Departamentuak ostatu eman behar die premia hori duten osasun arloko langileei, Osasunaren Mundu Erakundeak deklaraturiko pandemiaren ondoriozko premiei erantzute aldera. Presako eta ezinbesteko premia horri erantzuteko, Osasun Departamentuak beharrezkoa du Iruñeko zenbait hotel-establezimendu beretzat erabiltzea.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aldeko txosten teknikoa ikusirik.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Iruñeko “Tres Reyes”, “Albret”, “Blanca de Navarra” eta “Sancho Ramírez” hotelak gaitu daitezen osasun sistema publiko nahiz pribatuko langileei ostatu emateko.

2. Gaituriko establezimenduak itxita egonen dira jendearentzat, salbu eta osasun arloko langileei ostatua emateko eta haiei arreta ematen dieten profesionalen jarduera baimentzeko.

3. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen ditu establezimendu horietako berezko hotel-zerbitzuak; hots, ostatua eta funtsezko beste zerbitzu batzuk.

4. Osasun Departamentuaren kargura izanen dira hotel-establezimenduak erabiltzetik heldu diren gastuak (ura, argindarra eta etxeko ur berorako erregaia, esaterako).

5. Instalazioetan kalterik sortzen bada aldi baterako okupazioaren ondorioz, establezimenduaren titularrak dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, aplikatzekoa den araudiarekin bat eta kaltetuak hala eskatuta.

6. Osasun Departamentuak jarraibideak emanen ditu, eta beharrezkoak diren materialak jarriko, zerbitzu horiek ematean bete daitezen Osasun Ministerioak emandako babes neurriak eta jarraibideak, COVID-19arekin kutsatzea eragozteko helburua dutenak.

7. Foru agindu honetan ezarritako gaikuntzak, osasun sistemako langileei ostatu ematea helburu duenak, alarma egoera indarrean dagoen bitartean iraunen du, eta zazpi egun natural gehiago luzatzen ahalko da, nolakoak diren osasun krisiaren bilakaera eta horren ondoriozko antolaketako eta laguntzako premiak.

8. Foru agindu hau jakinaraztea aipatu hoteletako kudeatzaileei, eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

9. Foru agindu honek sinatzen den unetik hasita izanen ditu ondorioak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004326