69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eskura jartzea laneko istripuen mutualitateetako langileak, COVID-19ak eragindako osasun krisiak irauten duen bitartean.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatua), alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Gero, martxoaren 18ko Foru Lege-dekretua argitaratu zen, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta, berrikiago, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Araudi horretan osasun krisitzat jotzen da koronabirusak (COVID-19) eragindako egoera hau, eta horrek eskatzen du aparteko eta presako zenbait neurri hartzea, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Ildo horretan, helburu nagusia da eraginkortasunez eta behar bezala heltzea krisiak ekarritako osasun premiei, eta, hortaz, bidezkoa da Osasun Departamentuaren eskura jartzea behar adina bitarteko eta baliabide oraingo larrialdian arreta emateko.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan ezartzen duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak aginduta behar denean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Bukatzeko, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 5. artikuluak xedatzen duenez, Osasun Departamentuaren eskura jartzen ahalko dira, Osasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez, osasun zentro eta establezimendu pribatuak eta laneko istripuen mutualitateak, baita horietan aritzen diren langileak ere, beharrezkoa den denbora tarterako, COVID-19aren epidemiak aurrera egitearen edo kalteak sortzearen ondorioz herritarrei ezin bazaie osasun arreta egokia eman osasun sistema publikoari atxikitako langileekin eta baliabide materialekin.

Horrenbestez, Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Osasun Departamentuaren esku jartzea laneko istripuen mutualitateetako langileak. Mutualitateak foru agindu honen eranskinean zerrendatzen dira.

COVID-19ak eragindako osasun krisiak irauten duen bitartean eta krisiak arretan ekarritako premiari heltzeko profesional gutxi dagoen bitartean, erabakitzen da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren esku jartzea Nafarroan zentro bat duten laneko istripuen mutualitateen zerbitzuko langileak. Eranskinean ageri dira mutualitateak.

Bigarrena.–Zerbitzuak emateko deia.

Osasun Departamentuaren eskura jarritako langileei edozein unetan dei diezaieke, zerbitzuak ematera joan daitezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen zerbitzuak edo zuzendaritzak, segun non arituko diren.

Hirugarrena.–Zerbitzuak emateko araubidea.

Osasun Departamentuaren eskura jarritako langileei dei dakieke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lantokietan zuzenean jardun dezaten, edo beren laneko istripuen mutualitatean jarrai dezakete.

Bi kasu horietako edozeinetan, eta egoera honek irauten duen bitartean, langile horiek geldituko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak esleitzen dien nagusiaren mendean eta hark ematen dizkien aginduak eta jarraibideak bete beharko dituzte.

Laugarrena.–Zerbitzuen ordainsaria eta baldintzak.

Osasun Departamentuaren eskura jarritako langileek indarrean eutsiko diete, kasu guztietan eta ondorio guztietarako, lan kontratuari, aurreikuspen sozialaren araubideari eta Osasun Departamentuaren eskura jarri baino lehen zeuzkaten beste edozein aurreikuspen, estaldura, onura, eskubide edo betebeharri.

Kasuan kasuko mutualitateak konpentsatuko ditu lanaldi arruntez kanpo jarduteagatik, aplikatzen zaien kontratuan edo hitzarmen kolektiboan aurreikusi bezala.

Bosgarrena.–Eskura dauden langileak jakinarazi beharra.

Foru agindu hau argitaratu eta 2 eguneko epean, laneko istripuen mutualitateek jakinarazi behar diote Osasun Departamentuari zer langile duten atxikirik.

Seigarrena.–Foru agindu honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Profesionalen Zuzendaritzara, foru agindu honen I. eranskineko mutualitateetara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zortzigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 26an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

I. ERANSKINA

Gizarte Segurantzarekin aritzen diren mutualitateek
Nafarroan dituzten zentroak

ASEPEYO

FRATERNIDAD - MUPRESPA

FREMAP

IBERMUTUA

MAZ

MC MUTUAL

MUTUA NAVARRA

MUTUA UNIVERSAL

UNIÓN DE MUTUAS

Iragarkiaren kodea: F2004327