68. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2020 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, onesten duena “Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2020ko Industriako doktoregoak” deialdia. DDBN identifikazioa: 499384.

“2020ko Industriako doktoregoak” deialdiaren bidez dirulaguntzak emanen dira doktoregaiak kontrata ditzaten enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan ikerketa proiektu bat egiteko.

Honela, urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2020ko Industriako doktoregoak” deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2021

500.000,00

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2022

500.000,00

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2023

500.000,00

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko martxoaren 9an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileen laneratzea erraztea, eta ikertzaile horiek kontratatzen dituzten enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen lehiakortasuna hobetzea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Diruz lagunduko dira, orobat, doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak eta beste ikerketa-entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak (ostatu, mantenu eta lokomozio gastuak), bai eta ikerketa proiektuaren zabalkunderako gastuak ere.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira enpresa pribatu zein publikoak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak, Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean definiturik dauden gisan, baldin doktoregai bat kontratatzen badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan lantokia edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

b) Behar den kasuetan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat (foru agindu haren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen).

c) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jotzeagatik, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko, eta eutsi egin beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren bukaerako egunera arte.

3. oinarria.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

3.1. Kontratazioa.

Laguntzaren xede izanen da entitate onuradunetako batek doktoregai bat kontratatzea “industria ikerketako” edo “oinarrizko ikerketako” proiektu bat egin dezan, ikerketa horiek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 84) eta 85) apartatuetan definitzen diren gisan (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

a) Kontratatzen den pertsonak, kontratazioaren unean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

II. Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea laguntza-eskabidea aurkezten den unean, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

III. Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

IV. Eskabidea aurkeztu baino lehen, eta 12 hilabetetik gorako iraupenarekin, kontratu bidezko doktoratu aitzineko laguntzarik jaso ez izana.

V. Kontratazioek ez dute dirulaguntzarik hartuko, baldin eta horiek badagozkie enpresaburuen edo entitatea kontrolatzen dutenen, zuzendaritzako karguak betetzen dituztenen edo haren administrazio organoetako kide direnen ezkontideei, ondorengoei eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaide batzuei.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

b) Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I. Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta aitzineko puntuko baldintzak betetzen dituzten pertsonek.

II. Kontratuak idatziz formalizatzea, honako hau berariaz adierazirik:

I.–Kontratatuaren titulazioa.

II.–Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

III.–Beteko den lanpostua.

IV.–Urteko soldata gordinaren zenbatekoa eurotan; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

V.–Deialdi honen dirulaguntzaren aipamena.

III. Kontratua lanaldi osokoa izatea, eta gutxienez 36 hilabetekoa.

IV. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

VI. Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

VII. Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean egonen da.

VIII. Dagokien lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira ordainsariak, eta urteko soldata gordina 25.000 eurokoa izanen da gutxienez.

IX. Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

c) Entitateak doktoregaia kontratatua badu laguntza eskatu aitzinetik , kontratuak b) puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratu hori aldatu egin beharko da.

d) Kontzeptu honengatik emanen den laguntza, 5. oinarriari jarraikiz, kontratuak guztira duen kostuaren ehuneko bat izanen da (urteko soldata gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota).

3.2. Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

Gehienez hiru urtetako matrikula-gastuetarako dirulaguntza emanen da.

3.3. Mugikortasun gastuak.

Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak. Mugikortasun gastuetan kontzeptu hauek sartzen dira: ostatua, mantenua, atzerriko laguntza asegurua, eta garraioa.

a) Ostatua eta mantenua: Kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

–Espainiako egonaldietarako, 30 euro/egun izanen da aplikaturiko kostua.

–Hurrengo zerrendako herrialdeetako egonaldietarako, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekia, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Zaire/Kongo.

40

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

50

–Aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 30 euro/egun izanen da.

b) Garraioa:

Kontzeptu honi dagokion gastuagatikdirulaguntza hau emanen da:

I. 300 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.000 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,32 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

3.4. Zabalkunde gastuak.

Zabalkunde gastu hauek onartuko dira dirulaguntza emateko:

a) Dirulaguntzaren xede den Industriako doktoregoa egiten ari den pertsonak izena ematea jardunaldi tekniko, biltzar eta kongresuetan, haietan ikerketa proiektua aurkezteko xedez.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den Industriako doktoregoa egiten duen pertsonak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

Gastuek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den proiektuaren zabalkundearekin, deialdi honen 10.2.e) oinarriko I., II., eta III. puntuei dagokienez.

Gastu justifikagarrietako edozeinen gainean (kontratazioa, matrikula, mugikortasuna edo zabalkundea), dirulaguntza emateko ebazpenean jasotzen den laguntza-intentsitatea aplikatuko da.

4. oinarria.–Laguntzaren iraupena.

Laguntzek kontratuko 36 hilabete hartuko dituzte gehienez ere, 12 hilabeteko hiru alditan zatiturik (hemendik aitzina, 1., 2. eta 3. urteko epealdiak).

Urteko epealdiak kontatzeko, kontratuaren hasierako eguna hartuko da lehen urteko epealdiaren hasiera eguntzat. Aitzinetik hasiak diren eta 3.1.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten kontratuen kasuan, doktoregaiaren matrikula egiten den hilaren 1a hartuko da hasiera eguntzat. Hasiera eguna ez da izanen laguntza-eskaeraren aitzinekoa eta 2020ko irailaren 30a baino geroagokoa.

5. Oinarria.– Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Diruz lagungarritzat jotako gastuen gainean aplikatuko den laguntzen intentsitatea hau izanen da:

ENTITATE ONURADUNAK

INDUSTRIA IKERKETAKO (II) EDO OINARRIZKO IKERKETAKO (OI) PROIEKTUA (%)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA
ETA EMAKUME DOKTOREGAIA
KONTRATATZEA

(%) (c)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA
ZABALKUNDE HANDIAREKIN
(%) (d)

II-KO EDO OI-KO PROIEKTUA ZABALKUNDE
HANDIAREKIN ETA EMAKUME DOKTOREGAIA KONTRATATZEA

(%) (e)

Enpresa handiak (a)

45

50

55

60

Enpresa ertainak (b)

55

60

65

70

Gainerako entitateak

65

70

75

80

(a) Enpresa handiak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainei buruz emandako definizioarekin bat ez datozenak.

(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. Eranskinaren arabera.

(c) Ikerketa zientifiko-teknikoaren esparruan dagoen genero-arrakala gutxitzen laguntze aldera, emakumezko doktoregaia kontratatzen denean %5eko laguntza gehigarria emanen da, taulan adierazten den gehienekora iritsi arte.

(d) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez.

(e) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez, eta emakumezko doktoregai baten kontratazioa.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-intentsitateak.

2. Baldin laguntza gehigarria eman bada zabalkunde handiagatik –(d) eta (e) letren kasuan, alegia– eta azken justifikazioan (3. urteko epealdia) ez bada egiaztatzen 10.e oinarrian ezarritakoa, laguntzaren intentsitatea doitu, eta %10 murriztuko da. Doitze hori egiten bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere galduko da eta, hala behar denean, jada ordaindutako dirua itzuliko da, edo laguntza bera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturik dagoenarekin bat.

3. Eskaera eta entitate onuradun bakoitzeko, gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da, urteko epealdi bakoitzeko 30.000 eurotan zatiturik.

6. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko apirilaren 30ean bukatuko, 23:59an.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite-katalogoko webgune egokiaren bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GEH), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da; laguntzen webgunean eskura dauden ereduetara egokiturik eta fitxategi bereizietan, behar bezala identifikaturik, zein bere izenarekin:

a) Eskabide telematikoa, 2. oinarrian aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 7. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Horrez gain, justifikatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa jarduerak badirela entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak. Baldin proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.

c) Doktorego tesiaren proiektuaren laburpena.

d) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko gisan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:

I. Doktorego programa bateko onarpena.

II. Doktorego programa batean onartua izateko eskabidea.

III. 2019-2020 ikasturte akademikoko matrikula, doktoregoa eskuratzeko bide ematen duen master batean. Matrikulaturik egon behar da masterra uneko ikasturtean bukatzeko behar diren kreditu guztietan, master bukaerako lanarenak barne, doktoregoa eskuratzeko bide ematen duen master batean.

e) Doktoregaiaren curriculum vitaea (CV). CV formatu normalizatua erabili beharko da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

f) Enpresa txiki edo ertain baten kasuan, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa eta azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan inskribatuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak aplikatuko dira, 5.1.a oinarrian ageri direnak, alegia.

g) Gehieneko laguntza-intentsitatea eskuratzeko eskaera egiten bada (5.1.d oinarria eta 5.1.e oinarria), zabalkunde plan bat ere aurkeztu beharko da, haren balorazioa egiteko.

4. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia. Entitate bakoitzeko, gehienez ere kontratazio bakarra lagunduko da diruz. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzeko kontratu kopurua handitzen ahalko da. Horrelako eskaerak aintzat hartzeko, entitate bakoitzaren eskaeren artean bigarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat. Oraindik kreditu erabilgarririk egonez gero, entitate bakoitzaren eskaeren artean hirugarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat, eta horrela hurrenez hurren, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte, edo baldintzak betetzen dituen eskaera gehiago ez gelditu arte.

5. Aurkeztutako dokumentazioak baldintza horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egintzat joko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatu eginen dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honen 2. apartatuan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskabideei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskabideak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Ikerketa proiektuaren irismen teknologikoa

30

20

b) Ikerketa proiektuaren berritasun maila

30

20

c) Ikerketa proiektuaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina

30

20

d) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (RIS3) sektore estrategikoen esparruan kokatzea

10

0

GUZTIRA

100

60

a) Proiektuaren irismen teknologikoa:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. Gehienez 15 puntu.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. Gehienez 15 puntu.

b) Proiektuaren berritasun maila:

–Berritasun maila (apala, ertaina edo handia): nabarmen aurreratuagoak diren teknologiak garatzea, sektorean erabili ohi direnen aldean; jauzi nabarmena ekartzea helburuen kuantifikazioan; merkatuan ez dagoen produktua; produktuaren ezaugarri kopuru handia aldatzea, etab. Gehienez 15 puntu.

–Doktoregaiak egin beharreko jarduerek dakarten hobekuntza, entitate onuradunak garatzen dituen ildoei dagokienez. Gehienez 15 puntu.

c) Ikerketa proiektuaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina:

–Aurrera eraman beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. Gehienez 15 puntu.

–Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea; prozesuak hobetzea; dibertsifikazioa; espero den inpaktu ekonomikoa. Gehienez 15 puntu.

d) Proiektuaren esparrua:

I. Proiektua kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan: 5 puntu.

I.–Automobila eta mekatronika.

II.–Elikakatea.

III.–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

IV.–Osasuna.

V.–Turismo integrala.

VI.–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

II. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (RIS3) 1. erronkatik 11. erronkara bitarteko baten bati erantzuten dioten proiektuak: 5 puntu.

I.–Ibilgailu elektrikoaren sustapena.

II.–Nafarroako industriaren 4.0 eraldaketa.

III.–Elikaduraren balio-katea eratzea.

IV.–Elikadura osasuntsuaren aldeko apustua.

V.–Energia fosilaren kontsumoa gutxitzea.

VI.–Sektore eolikoa indartzea.

VII.–Ekonomia zirkularra sustatzea.

VIII.–Osasun zerbitzuen efizientzia handitzea (e-Health).

IX.–Medikuntza pertsonalizatua garatzea.

X.–Turismo integraleko eskaintzaren nitxo berriak.

XI.–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko dizkie eskabideak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin proiektuak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen a), b) edo c) letretako irizpideetako batean.

8. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan, adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren ordenan, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman da ebazpena eta jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

9. oinarria.–Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen denetik:

a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktorego tesiko proiektuaren aipamena, lan kontratuaren baldintzak, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.

b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

c) Entitate pribatua bada, gardentasunari buruzko adierazpena.

2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, 2020ko irailaren 30a baino lehen, hura barne:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

b) 2020/2021 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

c) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. kotizazio-taldean dagoela egiaztatzen duen agiria.

3. Betebehar horietako bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradun diren entitateek, 9. oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu egin beharko dute epe hauetan:

a) 2021eko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira lehen urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (kontratua sinatzen den egunetik kontratuaren lehenbiziko 12 hilabeteak bete arte).

b) 2022ko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira bigarren urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (lehen urteko epealdia bukatu eta biharamunetik kontratuaren 24 hilabeteak bete arte).

c) 2023ko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira hirugarren urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (bigarren urteko epealdia bukatu eta biharamunetik kontratua bukatu arte edo kontratuaren 36 hilabeteak bete arte).

2. Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jardun-memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, memoriari dagokion epealdikoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan-plana, zehazki aipatuz doktorego tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

I. Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

II. Matrikula-agiriaren kopia eta tasa akademikoak ordaindu izanaren frogagiriarena.

III. Mugikortasun gastuak:

I.–Egonaldiaren ikerketa zentroak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.

II.–Mugikortasun gastuak: atzerriko laguntza aseguruak ordaindu izanaren frogagiriak, erabilitako garraiobideen txartelak eta haiek ordaindu izanaren frogagiriak edo, ibilgailu partikularra erabil denean, kilometroen deklarazioa.

IV. 3.4 oinarrian adieraziriko zabalkunde gastuen fakturen kopia eta haiek ordaindu izanaren frogagiriena.

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

d) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren adierazpena.

e) Azken urteko epealdiaren aurkezpenarekin, baldin eta, 5. oinarriaren arabera, zabalkunde handiagatik ematen den laguntza gehigarria jasotzen bada, gutxienez 5 jarduketa aurkeztu beharko dira, modalitate hauetako batzuetan:

I. Hitzaldiak.

II. Posterrak, komunikazioak edo kongresuetan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.

III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.

IV. Komunikabideetako argitalpenak.

V. Interneteko zabalkundea (enpresaren webgunea, eginiko lana sustatzeko bideoak...).

VI. Irispide libreko datu-baseetan sartu izana.

VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.

VIII. Patenteen edo baliagarritasun modeloen eskaera.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta dena delako urteko epealdiaren saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpen honen 10. oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

12. oinarria.–Kontratua etetea eta azkentzea.

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna gutxienez ondoz ondoko 2 hilabetez, amatasuna edo aitatasuna, arriskua haurdunaldian, arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian, eta adopzioa edo harrera kontratazioaldian.

Kasu hauetan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata-gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egoki jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.

Kontratua azkentzen bada lehen urteko epealdian, edo azkentzeko arrazoiak onuradunari egoztekoak badira, ez da laguntza ordainduko.

Kontratua azkentzen bada bigarren edo hirugarren urteko epealdian, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egoztekoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari gastuen frogagiriak erantsi beharko zaizkio, deialdiaren 10.2 oinarrian zehaztutakoak, hain zuzen. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza-zati proportzionala ordainduko da.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, adierazpena aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruz. Horretarako, webgune horretan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiko zaio.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatu bezala, informazioa emateko betebeharra ez bada betetzen, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

a) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 9. eta 10. oinarrietan ezartzen den gisan.

b) Kontratatuak egin beharreko I+G jardueren garapen egokia begiratzea.

c) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

d) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna. Pertsona kontratatuak entitate onuradunari data horren berri emanen dio, eta doktorego tesiaren ale bat igorriko dio organo kudeatzaileari.

e) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 12.2 oinarrian adierazten den gisan.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 14. oinarrian aipatzen den gisan.

g) Dirulaguntzei buruzko foru legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

Ildo horretan, bigarren edo hirugarren urteko epealdiari dagokion jarduketa zientifiko-teknikoaren memoriak aurkako balorazioa jasotzen badu, deklaratuko da eskubidea galdu dela urteko epealdi horri dagokion laguntza kobratzeko.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (10.2 oinarria).

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

4. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

14. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatuek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.

2. Betiere, diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite-katalogoko webgune egokiaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa eskura daiteke Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean.

16. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluaren mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute eta, hori bermatzeko, enpresek ezin izanen diete ekin diruz laguntzen ahal diren jarduerei, eskabidea aurkeztu baino lehen.

17. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

1. Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.

2. Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer kredituri egotzi zaion, entitate onuradunak, eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu onetsitako dirulaguntzak, laguntzen fitxan, honako hauek zehaztuta: laguntza zer programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2003738