67. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Zergen kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko plana

Lesakako Udalak, 2020ko otsailaren 20an egin osoko bilkuran, onetsi zuen zerga kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako udal plana, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da plan horren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2018TIK 2020RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehenbizikoa:

Lesakako Udaleko zerga kudeatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna izanen da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena:

Zerga kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.” Eta bertzetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziz zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren, batere ukatu gabe jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasun kontseilariak delegatzen ahal dituen eskumenak. Araudi aplikagarriak eta udalerriak baliabideen aldetik eskura dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Kudeatzeko eta ikuskatzeko prozeduraren bitartez, hitz batean, tributudunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Bertzalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahalko da. Jarduketa orokorrak eginen dira tributudunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak edo balioak peritu-tasazio kontraesanezkoko prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek ikertu beharko dute beren jarduketetan, tributudunek tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko dute Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen bertze aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko dute tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada bertze pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko bertze organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria:

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten jakiteko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki adierazten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera.”

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbertzez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2020tik 2022ra bitartean egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana, izatez, baimen orokor bat da, tributudunen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketak edota informazioa lortzekoak hasi ahal izan daitezen epe jakin batean. Tributudunak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbertzez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zergapeko egintzak hautatu beharra dago. Ikuskatzeko planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia: Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea: Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak ager daitezke.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia: Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia: kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak: Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Zerga Ikuskaritzako funtzionarioei zerga kudeaketako datu baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute tributudunen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik tributuduna tributuen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai tributudunaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz, izan ere ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita tributudunak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak, eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, bertzeak bertze, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanaren ingurukoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, bertzeak bertze, funtsezkoak dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen dira udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, bere xedeak betetzeko behar dituen bitarteko guztiak izanen ditu.

Alkate udalburuak txartela edo lanerako bertze identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak: Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei eman ahalko zaie, zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskapena: Puntu honetan honako kargu hauek zehaztu dira: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea, Ikuskaritzako burua izanen da eta M. Jose Larrayoz Ariztegui idazkaria eta Mikel Arretxea Lasaga kontu-hartzailea, ikuskatzaile aktuarioak.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jaso ahal izanen da.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna alkatea izanen da, edo haren ordez aritzen dena. Halaber, errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betearazteko ezinbertzekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren arloa eta Hirigintza arloa.

Prestakuntza: Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Helburu orokorrak:

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Programa multzo hauek dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bertzelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zergen kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko planarako sektorean eta jarduerak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Merkataritza mistoko jarduerak, edo azalera handiko saltokietan integratutako jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zerga-kontrola beharrezkoa da jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta bertze kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak; subjektu pasiboak, urte bakoitzeko lehen hilabetean zerga administrazio eskudunari aurkeztu behar dion aitorpenean, aitzin-aitzineko urtean besterendu diren metro karratu eraikien edo eraikitzekoen, urbanizatuen edo urbanizatzekoen aldaketa aitortu behar du. Tributudunak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, Udala gelditzen ari da bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera, alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro karratu eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obrak ikuskatuko dira, eta jarraipena eginen da, Gobernu Batzordeak emandako lizentziak kontuan hartuz; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman duela higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbertzekoa izanen da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzea.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera izanen da, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute jarduera ekonomikoen gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen dutela beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, eta bereziki hamar kilowatt-etik goitikoak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz, eta bertzetik establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan, zeren eta, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz. Horrez gain, ikustaldiak eginen dira jardueretarako erabiltzen diren lokaletara.

Udalen diru-sarreren artean, jarduera ekonomikoen gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta aktuarioen ekimena ezertan eragotzi gabe, tributudunen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko karrika, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria eta merkataritza jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren bertze baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien kargapeko egintzak egiten dituzten tributudunei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarra duen ordenantzan edo haren ordezkoan.

Zerga ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbertzez, eta zerga egintza aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Lesakan, 2020ko martxoaren 12an.–Alkate udalburua, Ladis Satrustegui Alzugaray.

Iragarkiaren kodea: L2004160