67. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

551/2020 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2020ko ekitaldiko Akordioaren esparruan. DDBN identifikazioa: 499338.

Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak, 2013ko uztailaren 19ko bileran, erabaki zuen testu berri bat onestea Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2010eko martxoaren 22ko Akordiorako (Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzari buruzko IV. Akordioa, 2005eko irailaren 21ekoa).

2013ko uztailaren 19ko Akordio hori Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzaren 2013ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2013ko 252. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 21ekoan. Akordioaren helburu nagusia da testua Konstituzio Auzitegiaren 225/2013 eta 7/2013 epaietan xedatutakoari egokitzea, prestakuntza ekintzen finantzaketari dagokionez eta autonomia erkidegoek, bakoitzaren lurralde eremuko toki entitateek edo toki entitateen federazio edo elkarteek beren langile publikoentzat sustatzen dituzten prestakuntza planen gainean, dituzten eskumenen titulartasunari dagokionez.

Horren babesean, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Agindua onetsi zen, toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan esparruan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea onestearekin batera, enplegurako lanbide prestakuntzaren arau esparru berria ezarri zen.

Lege horren lehen xedapen iragankorrean aurreikusten da araubide iragankor bat ezartzea erregelamenduzko garapena egin arte, haren 8. artikuluan adierazten diren enplegurako lanbide prestakuntzako ekimenei aplikatuko zaiena; ekimen horiek enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan eta hori garatzen duen araudian aurreikusitako preskripzioen arabera antolatuko dira. Hala ere, araubide iragankor horretatik kanpo uzten dira berehala aplikatu beharreko zenbait alderdi, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 10eko 4/2014 Foru Aginduaren edukian eragina dutenak.

Horregatik, aldi baterako testuinguru batean gaudenez, eta aipatutako foru aginduan jasotzen den araudia testuinguru arauemaile berriari egokitzeko asmoz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren maiatzaren 18ko 107/2016 Foru Agindua onetsi da, Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak, 2018ko martxoaren 9an, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioa aldatzea erabaki zuen, Akordioa irailaren 9ko 30/2015 Legean ezarritako esparru berrira egokitzeko (lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzako sistema arautzen du aipatu legeak).

Adierazitakoarekin bat, ebazpen honen bidez toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onesten da Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2020ko ekitaldiko Akordioaren esparruan.

Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren babesean, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak 2020ko urtarrilaren 16an egindako bileran adostu zuen, administrazio publikoen enplegurako 2020ko prestakuntza funtsen banaketari dagokionez, ezen 11.471.350,00 eurokoa izanen zela toki administrazioaren prestakuntza planetarako zenbatekoa; horietatik, 157.400,00 euro egotzi zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak maiatzaren 18an emandako 107/2016 Foru Aginduaren bidez (2016ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 6koa) onetsitako oinarri arautzaileen 8.ean xedatutakoaren arabera, APEPAren esparruan toki entitateek egiten dituzten prestakuntza planen finantzaketarako dirulaguntzen deialdia onesteko eskumena Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak du, Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak proposaturik.

Era berean, 9. oinarri arautzailean aurreikusitakoarekin bat, laguntzen urteroko deialdiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, eta hartan nahitaez honako hauek aipatuko dira: zer foru aginduren bidez onesten diren deialdiaren oinarri arautzaileak, dirulaguntza zer aurrekontu-kredituri egozten zaion eta horretarako dagoen gehieneko zenbatekoa; dirulaguntzak zer xede, baldintza eta helburu dituen; adierazi beharko da, halaber, norgehiagokako araubidean ematen dela, eta zer baldintza dauden dirulaguntza eskatzeko eta nola frogatu behar diren; zein diren prozedura instruitzeko eta ebazteko organo eskudunak; eskaerak aurkezteko epea, baita prozedura ebaztekoa eta jakinaraztekoa ere; eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta informazioak; eskaerak baloratzeko irizpideak; zer errekurtso diren bidezko eta nola jakinarazi edo argitaratuko diren.

Aipatu arau xedapenaren 11. oinarri arautzailean ezarritakoarekin bat, kontzesio dataren eta abenduaren 31ren artean exekutatuko da dirulaguntza, eta dirulaguntzaren xedeko prestakuntza egin dela justifikatu beharko da dirulaguntza onartu den urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 15era bitarte. Edonola ere, 10. artikuluaren (Dirulaguntza ordaintzea) 1. apartatuak ezartzen du zilegi izanen dela emandako dirulaguntzaren aurretiazko ordainketa bat egitea prestakuntza jarduera hasi aurretik, justifikatu aurretik eta betiere prestakuntza planak egiteko beharrezko finantziazio gisa. Aurretiazko ordainketa hori onartutako zenbatekoaren ehuneko 25 izanen da gehienez ere. Orobat, ehuneko 35 bat gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jarduera hasi dela frogatu ondoren, halako moduan non gutxienez emandako zenbatekoaren ehuneko 40 ordainduko baita diruz lagundutako jarduera amaitu eta justifikatu ondoren. Apartatu horretan aurreikusitako moduan ordainduko ditu Administrazioak zenbateko horiek, onuradunak deialdian eskatzen diren dokumentazioa eta justifikazioa aurkeztu ondoren. Onuradunek ez dute abalik, gordailurik edo beste edozein bermerik eratu beharrik izanen, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako moduan.

Dirulaguntzaren xedeko jarduera 2020ko ekitaldian eginen da, eta 94.440,00 euro (% 60) ordainduko dira Nafarroako 2020ko aurrekontu orokorren “Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)” izeneko 021001 04500 4609 921300 partidaren kargura, eta 62.960,00 euro (% 40) Nafarroako 2021eko aurrekontu orokorren “Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)” izeneko 021001 04500 4609 921300 partidaren kargura edo haietan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

Horretarako, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) proposatzen du urte anitzeko espediente bat tramitatzea eta onestea ordainketa egin ahal izateko aurreko paragrafoan adierazitako terminoetan.

Horri dagokionez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak horren aldeko txostena egin du, eta honako hau dio: “zifrak bat datoz urte anitzeko esparru ekonomikoan datozen urteetarako ezarritako proiekzioarekin eta, espediente hau tramitatzen ari delarik, ez dira gainditzen adierazitako mugak”.

Bestalde, espedientean jasota dago kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia, baita urte anitzeko espedientea balidatzeko txostena ere, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiak igorri duena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia onestea, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan, zeinak 157.400,00 euroko zenbatekoa izanen baitu. Ebazpen honetan ezartzen den prozedurak ez ezik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak maiatzaren 18an (2016ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 6koa) emandako 107/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileek ere zuzenduko dute deialdia. DDBN: 499338.

A) Eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskabideak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, bide elektronikotik, APEPAren atariaren bidez, sustatzailea aldez aurretik erregistratu ondoren; atari horretara Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren web-orritik irits daiteke. APEPA atarian sartzeko, erregistratzean atariak berak emanen dituen erabiltzaile zenbakia eta pasahitza erabil daitezke, edo nortasun agiri nazional elektronikoa edo pertsona fisikoaren edo juridikoaren ziurtagiri digital onartu bat, Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. eta 15. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

2.–Sustatzaileak planaren ordezkari izateko aukeratzen duen pertsonaren sinadura elektronikoa agertu beharko da eskabidetan. Eskabideak Atarian dauden formatu elektronikoetan aurkeztuko dira, eta aplikazioan bertan ezarritako arau eta kontrolei jarraikiz beteko dira. Eskabidea betetzean, informazio honi buruzko datuak eskatuko dira:

a) Entitate sustatzailearen datu administratiboak.

b) Plana sinatzen duen ordezkariaren datuak, harremanetarako izendatutako pertsonaren datuak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak.

c) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen den erantzukizunpeko adierazpena, lege horretan ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko.

d) Baterako planei atxikitako entitateen datuak, halakorik bada.

e) Prestakuntza ekintzei buruzko datu hauek:

–Prestakuntza jarduerak deskribatzen dituzten datuak, banaka zehaztuta, eta adierazita zein jarduera lehenetsiko diren, saio kopurua, ikasle eta ordu kopurua saio bakoitzeko, aurrekontua eta hartzaileak.

–Prestakuntza ekintzen memoria.

f) Jarduera osagarriei buruzko datuak: jarduera osagarrien proiektu bakoitzari buruzko memoria, honakoak adierazita: izena, jardueraren deskribapena, xedea berariaz aipatuta, kostua eta jarduera eginda lortuko den produktu berariazkoa; jardueraren gastuen justifikazio ekonomikoarekin batera aurkeztu beharko da memoria.

g) Prestakuntza planari buruzko datuak:

–Aurreko deialdiei buruzko datuak: hartzaileak, erabilitako baliabide berekiak, diruz lagundutako funtsak, erabilitako giza baliabideak.

–Planaren datu ekonomikoak, gastu kontzeptuak zehaztuta, bi multzo ekonomikotan bereizita, deialdi honen e) puntuak ezartzen duenez.

3.–Eskabideei erantsita agiri hauek aurkeztuko dira, formatu elektronikoan:

a) Pertsona juridikoen eta gainerako entitateen identifikazio txartela (IFK).

b) Toki entitateen elkarte edo federazioen kasuan, planaren sinatzaileak eskatzailearen izenean jarduteko ordezkaritza-ahalmenak dituela frogatzen duen dokumentazioa, indarreko legediarekin bat.

c) Baterako plana denean, plan horri atxiki izanaren agiriak.

d) Honako eskaera mota hauetan, ordezkaritza sindikalaren txosten bat erantsiko da:

–Banakako planen eskaerak.

–Toki entitate batek edo elkarteek edo toki entitateen federazioek sustatutako baterako planetarako.

–Baterako plan bati atxikitako toki entitateek, atxikipenaren agiriaz gain, entitate horretako ordezkaritza sindikalaren txostena ere erantsiko dute, langileen kopurua 200 edo hortik gorakoa denean.

4.–3 a) eta b) letretan aipatzen diren agiriak, Herritarrentzako zerbitzu publikoen sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 35.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, espedienteari erantsiko zaizkio agirien kopia digitalizatuak bidaliz APEPA atariaren bitartez; agiri horiek jatorrizkoarekin bat datozela bermatzeko, sinadura elektronikoa erabili beharko da. Ez da beharrezkoa izanen agiriok aurkeztea aurreko deialdietan aurkeztu baldin badira eta ondoren aldaketarik izan ez badute.

3 c) eta d) letretan aurreikusitako agiriak eskuz sinatuko dituzte Administrazioen ordezkariek eta arduradun sindikalek, hurrenez hurren, eta kopia digitalizatuen bidez erantsiko zaizkio espedienteari.

5.–Laguntza lortzeko eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio organo laguntza-emaileari zuzenean lor ditzan zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela egiaztatzeko agiri elektronikoak. Halere, eskatzaileak uko egiten ahal dio berariaz baimen hori emateari; kasu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu egiaztagiri horiek, edo instrukzio organoak eskatzen dizkionean. Eskatzailea Administrazio publiko bat edo horren menpeko entitate bat denean, egiaztagiri horien ordez erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da eskabidearekin batera, horretarako ahalmena duen pertsona fisiko batek emandakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluan ezarritakoarekin bat.

B) Dirulaguntzak tramitatu eta haien gainean ebazteko organo eskudunak:

Sustatzaileek aurkezten dituzten prestakuntza planen eskaerak onesteko organo eskuduna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Enplegurako Toki Prestakuntzaren Batzorde Paritarioa izanen da, eta hari dagokio, orobat, planak aldatzeko proposamenak onestea, bere eskumen esparruan bidezkoak direnean. Instrukzio lanetan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren etengabeko laguntza izanen du. Prozedura ebaztea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio, zeinak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen baitu deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita 6 hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak onuradunei jakinaraziko zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako epean, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da horren berri (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

C) Aurkeztutako eskaeren balorazioa:

1.–Onuradunek aurkezten dituzten planak baloratzeko orduan, bakoitzari zenbateko dirulaguntza ematen zaion zehaztearren, eta kontuan harturik, betiere, ebazpen honetan aurreikusitako aurrekontu-kredituen muga ezin dela gainditu, parametro nagusia izanen da zein den toki entitate sustatzailearen plantilla osatzen duten langile guztien kopurua, banakako planen kasuan, edo toki entitateen plantilletako langile guztien kopurua, baterako planen kasuan.

2.–Aurkeztutako planek kalitateko gutxieneko irizpide batzuk betetzen dituztela ziurtatzeko, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Prestakuntzaren Batzorde Paritarioak honako irizpide kualitatibo hauek baloratuko ditu:

a) Aurreko ekitaldian jasotako laguntzak noraino bete diren: gehienez ere 3 puntu.

b) Prestakuntzan erabiltzen diren baliabide berekiak: gehienez ere 4 puntu.

c) Prestakuntzaren kudeaketan erabiltzen diren giza baliabideak: gehienez ere puntu 1.

d) Plana plangintza estrategikoaren proiektu batean sarturik egotea: gehienez ere 2 puntu banakako planetan, eta gehienez ere 3 puntu baterako planetan.

e) Plana beharrei buruzko azterlan batekin lotuta egotea: gehienez ere 6 puntu banakako planetan, eta gehienez ere 5 puntu baterako planetan.

f) Planen diseinua eta edukia, kontuan harturik igoera profesionalarekin eta karrera administratiboarekin lotutako prestakuntza ekintzarik sartu den: gehienez ere 2 puntu.

g) Prestakuntzaren emaitzak eta, behar denean, eragina ebaluatzeko tekniken aplikazioa: gehienez ere 6 puntu.

h) Planaren segimendurako aurreikuspenak, sindikatuek planaren prestaketan, txostenetan, kudeaketan eta gauzatzean izanen duten parte-hartzea barne: gehienez ere 6 puntu.

Aurkeztutako plana onetsiko bada, gutxienez ere hamabost puntu lortu beharko ditu.

2. Baimentzea 94.440,00 euroko gastua (% 60) Nafarroako 2020ko aurrekontu orokorren “Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)” izeneko 021001 04500 4609 921300 partidaren kargura, eta 62.960,00 eurokoa (% 40) Nafarroako 2021eko aurrekontu orokorren “Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)” izeneko 021001 04500 4609 921300 partidaren kargura edo haietan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari dagokionez. Administrazio publikoen kasuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko otsailaren 26an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2003810